Nerea Goti
Kazetaria

Kati Illarramendi eta Bihotz Inguru baso eskola, hezkuntza ulertzeko beste modu bat

Irakaskuntzaren mundua gertutik bizi izan du, helduaroan lanbide bihurtzeraino. Praktikak eta amatasunak eredu alternatiboetara eraman dute Kati Illarramendi, eta, egun, Bihotz Ingurun eraman du «Jario askearen hezkuntza» praktikara, hezkuntza ulertzeko beste modu bat.

Kati Illarramendi Bihotz Inguru baso eskolan, bere azken liburuarekin.
Kati Illarramendi Bihotz Inguru baso eskolan, bere azken liburuarekin. (Jon URBE | FOKU)

Hezkuntza sistema etengabe agendako lehen planoan egoten den gaia izaten da: emaitza txarrak, gailu digitalen gehiegizko erabilera, curriculuma eguneratzeko beharra, ratioak, irakurketa, ulermena, beste gaitasunen lanketa… Asko dira hezkuntzak dituen erronkak: geletan detektatutako zailtasunak, landu beharreko arloak eta abar. Gutxitan begiratzen zaio, halere, ereduari berari, hau da, haurraren heziketa ulertzeko eta egiteko moduei. Prozesu horiei erreparatuta, bada gaurko eskola eredu hegemonikotik urrun beste eskola batekin amestu eta praktikara eraman duenik, eta «hezkuntza ildo oso erreal batetik».

Kati Illarramendi (Donostia, 1980) psikopedagogoaren ametsa izan da hori. Txikitatik bizi izan du gertutik hezkuntzarekiko grina, eta amatasunarekin, bokazioa eta gogoa areagotzen zirela ikusi zuen. Esperientzia zabala du ikasgeletan, era askotako zeregin eta arduretan. Azken urteetan, Bihotz Inguru baso eskola proiektuan aritu da buru-belarri. Izan ere, Donostiako Ulia mendian eraikitzen joan diren heziketa espazio horren sortzaileetako bat da Illarramendi. Bertan, basoa da gela, eta natura, baliabide pedagogiko nagusia. Zoru horretan garatzen da haurren heziketa eta ez da aukera hutsal bat. «Naturak eskaintzen eta etengabe eraberritzen duen edukia aukera paregabea da konpetentziak lantzeko», azaldu du.

Baso eskolan eredu hori dute ardatz. Hain zuzen, bertan pilatutako esperientzia da egitasmoaren corpus praktikoa, hamarkadetan zehar egindako behaketarekin batera, eta ikaskuntza prozesu pertsonalaren ukitu nabarmen batekin. Osagai horiekin guztiekin joan da forma hartzen “Jario askearen hezkuntza” eredu pedagogikoa, Illarramendik liburu batean islatu duena. Oinarri teorikoak eta filosofikoak, arlo praktikoak eta zenbait esku hartze ere zehaztu ditu lanean, besteak beste, elikadura, inpultsibotasuna eta negarraren aurrean nola jokatu azalduz.

“Fluir en esencia. Educación del Fluir: un modelo pedagógico en sintonía con la vida” liburuan bildu ditu Illarramendik ereduaren lerro nagusiak, gaurko eskola kontzepziotik urrun dagoen heziketa sistema bat marraztuz. Emaitzen, edukien eta konpetentzien inguruan ardaztutako sistema nagusiaren aurrean, garapen sozioafektiboari oso lotuta dagoen hezkuntza praktika da proposatzen duena, gizakien oinarrizko bulkadan oinarrituta dagoena. «Bizitzen ikastea da bizitzako zeregina. Gorputza, emozioak, beharrak entzutea», dio egileak, eta zehaztu duenez, «jariatzea ez da besterik gabe eramaten uztea, baizik eta norberarengan pizten dena entzun eta horren ardura hartzea. Hortxe dago benetako ikaskuntza eta pertsonalki ahalduntzeko aukera. «Bizitzak ekartzen dituen eduki guztiak onartzeak ikaragarri laguntzen du ardura hartzen eta errealitate horrek gugan eragiten duenari heltzen».

Ereduak haurraren garapen prozesuari begiratzen dio, eta «hemen eta oraineko pedagogia bat» da, Illarramendiren hitzetan. Autonomiarekiko errespetua, hezkuntza aktiboa eta autorregulazio gaitasunak dira zutabe nagusietako batzuk, baita aire zabaleko hezkuntza edota «haurra edo gizakia ulertzeko modu jakin bat ere, oso partikularra dena. Horren arabera eraikitzen da lan egiteko modua, haurra zaintzeko, haur garapena zaintzeko modua», azaldu du adituak.

Haur talde bat Bihotz Inguru baso eskolan. BIHOTZ INGURU

ZAZPIGARREN ALABA

Hezkuntzarekin duen lotuta txikitatik eta etxetik datorkio Kati Illarramendiri. «Beti egon naiz hezkuntzan, haur hezkuntzan gehienbat, baita PT (pedagogo terapeutikoa) gisa ere; lanbide heziketan, bederatzi hilabetez…». Heziketa prozesuarekiko duen sentsibilitatea etxean arnastutakotik ere badatorrela azaldu du: «Zazpigarren alaba naiz irakasle familia handi batean, ama, izeba, anai-arreba gehienak hezkuntzarekin lotuta daude». Nire mundua hezkuntza mundua izan da txikitatik. Ama irakaslea zen nire eskolan eta berari laguntzen joaten nintzen. Interesa betidanik egon da hor, haurra ulertzeko moduarekin… Filosofia ere ikasi nuen eta ez nuen bukatu, baina gizakia ulertzeko modu bat zen, eta hezteko modu ezberdinekin nuen jakin-mina kezka bihurtu zen ama izan nintzenean. Interesa zena kezka bihurtu zen, eta orduan hasi nintzen erreferente handiak bilatzen», gogoratu du, fokua batez ere haurraren eraikuntza pertsonalean sakontzen duten ereduetan jarriz.

Grina horrekin hurbildu zen, adibidez, hezkuntza aktiboaren aplikazioan aitzindaria izan zen Rebeca Wild alemanarengana eta haren Pesta proiektura. Maria Montessori, Jean Piaget eta Johann Heinrichen planteamenduetan inspiratuta, autoantolaketa eta garapen erritmo naturalekiko errespetua dira ardatz nagusiak.

Beste hezkuntza bat posible dela egiaztatzen zuten eredu horiek bultzatuta, urrats berriak egin zituen Illarramendik. «Banekien egiteko modu asko zegoela. Hitzaldi pare bat eman nituen ni bezalako guraso kezkatuen bila, eta ikusi nuen interes handi bat zegoela». Interesa aurkitzen zuen arren, sentsibilizazioa falta zela hautematen zuen, eta horrek eraman zuen pedagogia alternatiboen inguruko ikastaroak antolatzera. «Esperientziak arrakasta izan zuen, interes handia zegoela ikusten zen eta gaia asko dinamizatu zen… Hortik lehen talde bat sortu nuen», oroitu du.

Horrela jaio zen Bihotz Inguru baso eskolaren proiektua, eta arbolen artean joan zen forma hartzen jario askearen inguruan eratutako eredu pedagogikoa. Planteatzen duen sistemaren muinean pixka bat sakonduz, zehaztu du «bi ildo besarkatzen» dituela: «Aire zabaleko hezkuntza, alde batetik, eta haurra ulertzeko modu jakin bat, bestetik»; eta bien arteko «fusio bat» dela. Jario askearen pedagogiak ikuskera zentral bat dauka: «Gure helburua da pixkanaka-pixkanaka haurrak bere gain hartzea bizitzak ekartzen dizkion egoerak eta haiek berarengan pizten dutenaren erantzukizuna hartzea, bai eta bere gorputzeko sentsazio ezberdinak eta pizten zaizkion ni guztiak ikasten joatea ere: ni urduria, ni izua, ni ezindua edo ni euforikoa…». Horiek guztiak gidatzen ikastea, horiek autorregulatzen edota autogestionatzen ikastea da ereduak gidatzen duen bidea.

Abiapuntua, oinarrian dagoena, autorregulazioaren pedagogia da: «Badakigulako gizakiarengan berezkoa den zerbait dela, edozein sentsazio edo egoeraren aurrean erantzun bat emateko bulkada, etengabe pizten dena. Ez da kanpotik eraiki beharreko zerbait, gizaki guztiengan dagoen sena da. Bilatzen duguna da haur konpetenteak izatea bizitzan sortzen diren testuinguru askotarikoetan. Guretzat haur konpetentea da barne errealitatearekin konektatuta dagoen haurra, bere beharrekin, grinarekin, zirrararekin... horiekin guztiekin konektatuta dagoena eta gai dena horren aurrean ekintzara pasatzeko modu koherentean».

Haurrak, Bihotz Inguru baso eskolan. Jon URBE | FOKU

Eredu horretan, zaintzailearena da irakaslearen rola: «Gure egitekoa da ikustea ea haurra konektatuta dagoen bere garapenerako hazkuntzarako bulkada horrekin, nola autorregulatzen den, zein komunikazio estrategia eraikitzen dituen...».

Bihotz Ingurun jaio arren, eredua guztiz esportagarria da beste hezkuntza testuinguru batzuetara, «ehuneko ehun», Illarramendiren hitzetan. Eskola txiki horretan aire zabaleko metodologia jorratzen dute; natura da gela, ikasteko eremua. Psikopedagogoak nabarmendu duenez, «basoa, testuinguru pedagogiko idilikoena, toki pribilegiatua da haur garapen horretan bidelaguntza eskaintzeko, hazkuntza eta eraikuntza pertsonal osasuntsu bat garta dadin; bertute mugaezinak ditu».

Halaber, haurra seguru eta maitatua sentitzea da ereduak ziurtatu behar duen beste baldintzetako bat, «zeren haurrak ez badira seguru sentitzen -eta ikusi dugu giza garapenak lehenesten duela segurtasun pertsonala-, autorrealizaziorako beharrezkoak dituzten beste zereginak alboratuta uzteko gai dira: beren arreta, energia, ekintza, adierazpena alboratuko dituzte eta lehentasuna hartuko du segurtasun bilaketa horrek, ikusia sentitzeak». Zerbaiten partaide izatea ere puzzlearen beste piezetako bat da: «Elkarrekin konektatuta dauden pertsonen sare batean jaiotzen gara, familia sistema batean... eta sistema hori hamaika sistematan txertatuta dago. Haurrak sentitu behar du tokia daukala, onartua dela... bestela, bere energia guztia desbideratuko da.

Haur Hezkuntzan aritzen dira Bihotz Ingurun, 2 eta 6 urte bitarteko umeekin. Ikasgelan ikusitako edukietan, pilatutako ezagutzan eta curriculum batean zehaztutako emaitza akademikoetan zentratutako sistema hegemonikoarekin alderatu ohi ditugu horrelako pedagogia berritzaileak.

Konparazioan sortu ohi den galderetako bat izaten da ea eredua adin tarte guztietan lantzeko prestatuta dagoen. «Iruditzen zait naturan badaudela adin guztietan igotzeko moduko zuhaitzak. Natura pasada bat da maila pedagogiko batean eta begirada horretatik, baldin eta begirada bada hezkuntzak bizitzen ikasteko balio behar duela. Naturan bizitzan bertan gaude, eskaintzen dizkigun ikaskuntzak erabat autentikoak dira. Naturak ez du azalpenekin irakasten, bizipenekin baizik. Ikaskuntza harriduratik sortzen da, gure jakin-mina pizten du».

Ohiko ikasgela, material didaktiko eta lortu beharreko emaitza zehatz batzuen inguruan mugitzen den eredu tradizional horri haurraren garapenerako muga gehiegi eta norberaren eraikuntzarako espazio gutxiegi ikusten dizkio Illarramendik. «Gure haurrak eta gure gazteak egunean zazpi orduz lau paretaren artean edukitzen ari gara, komunera joateko baimena eskatzeko beharrarekin. Daukaten barne autoritatea noraeza da, ez dute autoezagutzarik, erabat kanporako beharrei erantzuten dabiltza», adierazi du.

Nabarmendu duenez, hezkuntza eskema horretan, «ez dago aukerarik beren barne beharrekin konektatzeko, eta, gainera, daukagun erritmo basatiarekin, daukagun estres normalizatuarekin, eskolatik atera eta hamaika ekintza egiteko beharra… Nerbio sistema horiek nola daude? Ase. Orduan, gero ebasioa behar da, eta hor hiperdigitalizazioa dator, pantailekiko adikzio ikaragarria».

Naturarekin konektatzeak garrantzia dauka hezkuntzan. Jon URBE | FOKU

MUGITZEKO ASKATASUNA

Azken urteetan ikasgeletan hautematen diren zailtasun eta nahasmenduen atzean, errealitate ezberdinetara egokitzeko gai ez den sistema egon daitekeen galdetu diogu psikopedagogoari. Illarramendiren ustez, «defizit ugari dago hezkuntza eremu horietan, baina nagusia, inportanteena, mugimenduarena da. Ez dago zirkulatzeko askatasunik eta hortik abiatzen da dena, mugitzeko aukera izatea da gure barne errealitatearekin konektatzeko modua, hortik abiatzen da dena, konexio horretan oinarritzen da benetako ikaskuntza ahalbidetuko duen hezkuntza eredua, edota emaitza onak emango lituzkeena. Mugimenduan aurkitzen dut zer den nahi dudana, zer den behar dudana. Itxita banago, zurrun baldin banago, blokeo batean nago, behar dudana da hortik askatzen joatea, espresio librea lortzea, eta barruko testuinguruetan barne errealitatea kudeatzeko oso aukera gutxi dago», azaldu du.

Askotan, ezinegonak beste jokabide batzuk eragiten ditu: «Lau pareten artean nola autorregulatuko dut ondoez hori, ezin badut salto handi bat egin, ezin badut garrasi egin, ezin badut korrika egin… normalean ateratzen da loturen bitartez, eta orduan, nire ondokoa molestatuko dut... Proiekzio dinamika bat gertatzen da. Nire ezinegona loturan proiektatuko dut eta aseko nauena edo barne lasaitasuna, arindua, sentituko dut, hau da, beste aukerarik ez badut, hori izango da nire ezinegona deskargatzeko errekurtso nagusi bat».

Hezkuntza ulertzeko irizpide ezberdinen arteko etengabeko alderaketan «mito» bat instalatu dela dio Illarramendik. Bere esanetan, eredu alternatiboetan ezer lantzen ez den ustea zabaldu da. Alabaina, argi du norbere ingurunera egokitzeko gaitasuna dela gakoa: «Nire testuinguruari, nire komunitateari, egokitzeko gai izan behar dut. Ni konpetentea izango naiz komunitate horretan konpetentea banaiz. Bizitzak ekarriko dizkigu gure komunitatean beharrezkoak diren edukiak eta haurrek berezko integrazio, taldeko parte izateko bulkada dute, hazkuntzarako motorra da hori», azpimarratu du.

Dioenez, Bihotz Ingurun, beste testuinguru batzuetan bezala, hainbat eduki lantzen dira: «Badago euskararen eguna, basoko eguna edo orain gau beltza lantzen ari gara, adibidez; hamaika gauza egin ditugu, baina bizitzak ekartzen dizkizu edukiak, zentzuzko edukiak, haurraren bizitzan zentzua dutenak. Eta gero berdin du kalabaza bat izan edo fitxa bat, zuk landu dezakezu sentsibilitate fonologikoa edo pentsamendu logiko-matematikoa edozein edukirekin: sukaldaritzako eduki batekin edo aurkitu dugun lore batekin… Gauza da bizitzarekin konektatuta egongo den zerbait izatea».

Illarramendiren ustez, hezkuntza tradizionaleko eduki asko testuingurutik kanpo daude: «Gakoa da 24 haurreko gela bati eduki bakar bat eskaintzen zaionean, denak hori jasotzeko prest egongo balira bezala jokatzen dela. Hori ezinezkoa da; portzentaje handi bat ez dago prest oraindik. Eta orduan, zer egiten dute? Beste toki batera begiratu, ihes egin, edo ez zaiela gustatzen esan, gustu kontua balitz bezala. Hor haurrarengan zauri bat sortzen da: ‘Ni ez naiz gai, ez naiz nahikoa’ sentitzea. Guk sei urtera arte lantzen duguna ez da hainbeste lorpen akademiko batzuk izatea; lantzen duguna da beraiek autokontzeptu positibo bat izatea. Lantzen duguna ludikoki lantzen dugu eta loturatik».

Ikaskuntza onena deskubrimendutik datorrela dio, horrek eragiten duen barne eztanda eta motibazioarekin, eta ebaluazioen garrantzia nabarmendu du. Hiru ebaluazio formal daude, hezkuntza tradizionalean bezala, baina, horrez gain, astero elkartzen da talde pedagogikoa eta kasuz kasu gainbegiratzen dituzte ikasleen jarduna eta taldearena. Hezitzaileen ondoan familiak ere parte hartzen du ebaluazio prozesuan. Liburuan azaldu du Illarramendik sistemarekin lotutako guztia, udazkenez jantzi den basotik, baso eskolako haurren eta lankideen zaintzari begirik kendu gabe.