31 MAR. 2025 - 07:30h Miriam Urkia euskaltzainak 60 urte bete ditu Gaurko egunez, 1965ean, jaio zen Donostian Miriam Urkia Gonzalez. Euskal Filologiako doktorea, 2019tik euskaltzain osoa da, Joan Mari Torrealdairen hutsunea betez. Miriam Urkia, 2018an. (Jon URBE | FOKU) GAUR8 Miriam Urkia Gonzalez (1965ko martxoaren 31n jaioa) Euskal Filologiako doktoreak eta Euskal Filologiako lizentziaduna donostiarrak 60 urte bete ditu gaur. 2019ko otsailean euskaltzain oso izendatu zuten. Lexikografia, corpusgintza, morfologia konputazionala eta hizkuntza-teknologiak dira bere lan-esparruak. UZEIko langilea 1983tik, Lexikografia saileko zuzendaria da 1992tik eta, teknologiei lotutako lan lexikografikoekin batera, bereziki Euskaltzaindiari lotutako lanetan dihardu. Hiztegi Batuko lantaldeko kide 1999tik eta Euskaltzaindiaren Hiztegiaren arduradun 2013tik. Euskaltzain urgazlea da 2003tik, euskaltzain oso 2018tik eta Euskaltzaindiaren Gipuzkoako ordezkaria 2017tik. ‘Hiztegitik kofradiara’ sarrera-hitzaldiaren irakurketarekin, euskaltzain oso bilakatu zen Miriam Urkia. Aretxabaletako Arkupe kultura-etxeko Zaraia aretoko ekitaldian karguaren zina egin, Joan Mari Torrealdai euskaltzain emeritu izatearen ondorioz sortutako hutsunea betez. Hain zuzen, Torrealdai gogoratuz hasi zuen ‘Hiztegitik kofradiara’ mintzaldia Urkiak. «Joan Mari euskalgintzako arlo askotan ikusi izan dugu bere onena ematen beti, 2003an bere onen hori kentzen saiatu baziren ere. Halako itzala duen Torrealdai handiaren ondoan, beraz, ulertuko duzue txiki eta, Sarrionandiak behinola esan zuen moduan, soinean gabardina handiegia banerama bezala sentitzea. Errespetua, esker ona eta miresmena besterik ez ditut Joan Marirentzat, eta 29. aulkia berarekin partekatzeko ohorea», esan zuen.