GAUR8

Chaplinen maleta


Ideologia zer den agertzeko, irudi bikain bat erabili zuen Wislawa Szymborska poetak Goethe saria jaso ondoko hitzaldian: Chaplin maleta egiten ari da bere filmetako batean, baina arropak gainez egiten dio. Gainean eseri eta ixtea lortzen duenean, mahuka batzuk geratzen zaizkio kanpoan eta guraizeak hartu eta moztu egiten ditu.

Denok mozten ditugu gure ideologiaren maletan kabitzen ez diren errealitate zatiak. Eta errealitatea aldatzen denean maleta egokitu behar izaten dugu. Batzuk maleta berri baten bila joaten dira. Lehen txaketeroak deitzen zitzaien, orain transfugak. 68ko Maiatzaren ondoren ez ziren gutxi izan. Estatu espainiarreko Trantsizioan ere ez. Migrazio kasu horiek bitxiak dira eta migrazioa kolektiboa denean fenomenoa ikusgarria izan daiteke.

Pruden Gartziak iaz atera zuen bere “Euskaldun fededun” liburu ederrean, bukaerako atala eskaintzen die Nafarroak azken mende honetan eman dituen sigi-saga ideologikoei. “Nafarroa, iraultzaletasunetik abertzaletasunera, maoismoa gaindi” deitu dio atal horri, eta horretarako Imanol Satrustegiren “Beste mundu bat nahi genuen: Nafarroako ezker iraultzailea, 1970-1979” izeneko doktorego-tesiaren moldaketa liburua darabil.

Labur esateko, Espainiako II Errepublikaren garaian eskuineko bloke integristak botoen %60-70 atera zuen. Bloke hori antidemokratikoa, klerikala, profaxista eta biolentziaren aldekoa zen. Baina lurralde horretan bertan 30-40 urte geroago iraultzaren aldekoak ziren hainbat alderdi (leninistak, troskistak, maoistak..) hegemonia bat izatera iritsi ziren gizartean, mobilizazio ahalmen izugarria zutelako, eta lehen hauteskunde gutxi gorabehera libreetan (1977) Europako inongo eskualdetan baino babes handiagoa lortu zuten botoetan, zehazki botoen %17,68 (45.676 boto; alderdi irabazleak, Suarezenak, 75.036 atera zituen bitartean). Europako barruti arrakastatsuenetan ere %2-3 tartean ibili izan ziren. Eta nondik zetozen ezker iraultzaileko militante andana horiek? Kristau mugimenduetatik.

Pruden Gartziak aipatzen duen Imanol Satrustegiren lan horrek ezker iraultzailearen gainbehera ere aztertzen du, eta hor hasten da ezker abertzalearen gorakadaren abiapuntua Nafarroan. Badirudi “trasbase” argi bat eman zela ezker iraultzailetik ezker abertzalera.

Ez hainbestekoa, baina “trasbase” txiki bat ematen ari da Ipar Euskal Herrian ere indar abertzaleen alde. Ipar Euskal Herriko Aberri Egunera joateko ohitura dugunok kontu hori ikusteko abagunea izango dugu Garazin bihar zortzi. •