12 ABR. 2025 - 00:00h Elkarrekin ikasi eta irakasteko metodologia berritzailea Mondragon Unibertsitateko Hezkuntza Fakultatea diziplinartekotasuna oinarri duen berrikuntza pedagogikoa hasi zen ezartzen Euskal Herriko zenbait ikastetxetan duela urte batzuk. Koirakaskuntzarekin, irakasle bat baino gehiago aritzen da ikasle talde handi batekin, arreta pertsonalizatua bermatzeko. Mondragon Unibertsitateak ikastetxeen artean esperientziak partekatzeko egindako azken jardunaldia, Bilbon. (MONDRAGON UNIBERTSITATEA) Alaia Sierra Ikasleen arreta pertsonalizatua bermatu eta hobetzeko eta irakasleen arteko lankidetza bultzatzeko, “koirakaskuntza” deritzon metodoa aplikatu dute Hego Euskal Herriko zenbait eskola eta ikastolek. Mondragon Unibertsitateko Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultatearen (Huhezi) gidaritzapean, hezitzaileen formakuntza jasotzen dute eta beste ikastetxe batzuekin esperientziak partekatzen dituzte. Huhezin irakaslea eta ikerlaria da Agurtzane Azpeitia eta, GAUR8rekin izandako elkarrizketan laburbildu duenez, berrikuntza pedagogiko hau aplikatzea ez da helburu bat bere horretan. Dioenez, «helburu pedagogiko batera iristeko lanabesa da, bitarteko bat». Funtsean, Azpeitiaren hitzetan, bi irakasle edo gehiagoren arteko irakaskuntza koordinatuan datza, une eta leku berean -gela arrunt batean-, ardura partekatu batekin eta elkarrengandik ikasiz. Ohikoena diziplina desberdinetako irakasleak elkartzea da, baina baliteke hezitzaileetako bat begirale bezala aritzea edo gela bitan banatzea ere. Ikasleentzako arreta espezializatu hori bermatzeaz gain, ikasleen aniztasunari «modu eraginkorrean» erantzuteko modu bat, diziplinartekotasuna sustatzeko baliabide bat eta irakasleen arteko egiteko modu desberdinak partekatzen irakasteko gisa bat ere bada. Gainera, ikasleak «hurbilagotik ezagutzeko» aukera ematen die irakasleei, eta beraien garapen profesionalean lagundu dezake horrek, elkarrengandik ikasi dezaketelako. Huhezin 2022an hasi zirenetik, gaur egun unibertsitatearekin lankidetza honetan parte hartzen duten ikastetxeen kopurua «handia» da, Agurtzane Azpeitiak dioenez. Bereziki Ikastolen Elkartearen parte direnak daude, baina badaude erlijiosoak direnak ere. Sare publikoan, baina, «gutxiago lortu dugu aritzea», deitoratu du irakasle eta ikerlariak. Horietako bi Tolosako Herrikide ikastetxea eta Mungiako Larramendi Ikastola dira. Mikel Aseginolaza Bigarren Hezkuntzako zuzendaria da Herrikiden. 2018 eta 2019 arteko ikasturtean hasi ziren metodo pedagogiko honekin; DBHko lehenengo kurtsoarekin hastapenean, eta beranduago bigarren kurtsora zabaldu zuten. Aseginolazaren ustez, koirakaskuntzarekin, «irakasle bateko geletan ez dauzkagun onurak» dituzte ikastetxean. Hiru lerroko ikastetxea denez, 30 eskola-orduko astean hamahiru orduz hiru geletako ikasleak gela handi batean elkartzen dituzte, hiru irakaslerekin. Kasu zehatz batzuetan irakasle laguntzaile terapeutikoak ere beraiekin aritzen dira. (MU) Horrela, gizarte zientziak, natur zientziak, plastika, teknologia, tutoretza, musika eta erlijioa ikasgaien edukiak uztartuz, proiektuak egiten dituzte. DBHko lehenengo mailako ikasleek egindako azken proiektuak planeten higidura landu du, programazioa ikasteko, Scratch izeneko programarekin. Mungian, Larramendi Ikastolan, Maria Galdeano da zuzendari pedagogikoa. GAUR8ri azaldu dionez, beraientzat «erronkarik handiena» koirakaskuntzaren eredua DBHn ezartzea ari da izaten. Hala ere, Haur Hezkuntzan eta Lehen Hezkuntzan duela lau urte hasi ziren aplikatzen. Galdeanorentzat, diziplinartekotasun honen onuretako bat ikasleek gelaren barruan hiru erreferente diferente izatea da. Hau da, «ikasleek irakasle jakin batekin konfiantza handiagoa badute, berarengana hurbildu daitezke». Irakasleentzat ere aberasgarria dela deritzo, konfiantza handiagoarekin lan egitea suposatzen duelako, «bakarrik ez zaudelako». Orain prentsa tailerra sortu dute, ikasleek ikasturte osoan zehar aldizkari digitala lantzeko. Zuzendari pedagogikoak dioenez, «familiei esaten diegu metodo hau integratzen dugula jakinda ikasleentzat ona izango dela». Beraz, metodo pedagogiko hau ezarri zenetik ez da «inongo arazorik» egon. Erantzuna positiboa izan da Tolosako Herrikiden ere. Mikel Aseginolazak azaldu duenez, «hasieran, aldaketek beti ekartzen dute erresistentzia puntu bat», baina «gauzak aurrera eraman ditugula ikusiz, onartuta dago eta orokorrean balorazioa positiboa da. Gainera, LOMLOE deituriko hezkuntza-lege espainolak metodologia hau babesten duela dio. ZAILTASUNAK ERE BAI Agurtzane Azpeitia ikerlariak dioenez, koirakaskuntza aplikatzearekin ez datoz abantailak eta ekarpenak bakarrik, «badu bere konplexutasuna». Zailtasunak zailtasun, Larramendi Ikastolan DBHra zabaltzeko asmo argia dute. Galdeanoren hitzetan, «erronkarik handiena» hori da. Dagoeneko esperientzia pilotuak egin dituzte, baina oztopoa planifikazioan dago, hain zuzen. Lehen Hezkuntzan erabiltzen duten metodoa eraman nahi dute, baina Bigarren Hezkuntzako irakasleak ez dira paraleloak, hau da, ikasgai bakarra lantzera ohituta daude. (MU) Tolosako Herrikiden, bestalde, ez dute beste kurtso batzuetan ezartzeko asmorik. «Hasieratik argi geneukan DBHko lehenengo zikloan ezarri nahi genuela», azaldu du Mikel Aseginolazak. «Bere garaian hausnarketa egin genuen eta erabaki genuen ez zabaltzea». Arrazoien artean, Unibertsitatera Sartzeko Ebaluazioaren prestaketa nabarmentzen du zuzendariak. Esperientziak partekatuz Horretarako ezinbestekoa ikastetxeen arteko esperientziak partekatzea da. Agurtzane Azpeitiak azaldu duenez, formakuntzak egiten dituzte beraiekin, hastapenetan egonda ere edo proiektua dagoeneko martxan badute ere, mailaren arabera egokituta. Formakuntza horrekin batera, ikastetxeen arteko eta ikastetxeek unibertsitatearekin harremana sustatzeko jardunaldiak antolatzen dituzte. Azkenekoa aurtengo otsailean izan zen, Bilboko AS Fabrik campusean. Euskal Herriko zenbait ikastetxetan garatzen ari diren esperientzien berri eman zuten parte hartu zutenek, eta irakasleei, zuzendariei eta koirakaskuntzan eta berrikuntza pedagogikoan interesa duten pertsonei zuzenduta egon zen. Herrikide ikastetxeko Bigarren Hezkuntzako zuzendaria beraien esperientziaren berri eman zutenetako bat izan zen. «Nahiko berria» den DBHko kasuari buruz aritu zen Aseginolaza, baina Haur eta Lehen Hezkuntzan egiten dena entzutea eta hor egiten dena ezagutzea interesgarria iruditu zitzaion. Larramendi Ikastolakoek ez zuten beraien kasua aurkeztu, baina etorkizunera begira aurreikusita daukatena dela eta, hiru lerroko ikastetxe batek DBHn metodologia nola ezartzen duen ikustea interesgarria izan zen beraientzat. Hala ere, «oso aberasgarria da beti, beti ikasten da», azaldu du Maria Galdeanok.