GAUR8
Entrevista
PATXI BISQUERT
AKTOREA ETA ZUZENDARIA

«Gure asmoa Pello Mari Otañoren figura berpiztea zen, eta lortzen ari garela uste dut»

Herriz herri ibiliko da Patxi Bisquert apiril osoan, «Ombuaren itzala» Pello Mari Otañoren bizitza kontatzen duen filma aurkezten. Proiektu berezia izan da zizurkildarrarentzat, eta konpartitzeko prozesuarekin gozatzen ari da.

Patxi Bisquert, zuzendari lanetan. (Gorka RUBIO)

Pello Mari Otaño bertsolari eta poeta zizurkildarraren bizitza kontatzen duen pelikula da “Ombuaren itzala”. Gipuzkoako herri horretan sortua den Patxi Bisquert aktore ospetsua da zuzendaria, eta proiektua crowdfunding bidez finantzatu denez, parte hartu duten herrietan filma aurkezten ari dira asteotan.

Azaroan erakutsi zenuten lehen aldiz jendaurrean «Ombuaren itzala». Zer erantzun jaso duzue?

Jendearen erantzunarekin oraingoz oso pozik nago. Esan behar da azaroaren 30ean egin genuela estreinaldi hori, Zizurkilen, baina lehen pase hauek auzolanean parte hartu dutenentzat bakarrik izan dira. Dirua jarri duten udaletxeentzat. Komertzialki oraindik ez dugu estreinatu filma. Hori segur aski uda pasatakoan iritsiko da, udazkenean. Baina filma auzolanean eta herri askoren laguntzarekin egin denez, orain ari garena da herri horiei gure esker ona eskaintzen. Dagoeneko 32-33 emanaldi egin ditugu [elkarrizketa duela astebete egina da eta geroztik beste hiruzpalau aurkezpen egin dituzte], herri dezentetan ibili gara, eta oraingoz jendea oso pozik agertu da. Filma nahiko luzea da, ia bi ordu, eta ikusleek arreta handiz jarraitzen dute pelikula, mugitu gabe (barreak). Ni atzetik begira egoten naiz, jendearen erreakzioak ikusteko. Eta behin amaitutakoan, aurpegietan fijatzen naiz, eta esango nuke baietz, jendeak gogoz hartzen duela filmak kontatzen duena. Hunkituta amaitzen duela.

Idatzi, zuzendu eta ekoitzi Patxi Bisquertek; baina auzolana ezinbestekoa izan da. Hau bada babes hori eskertzeko modu bat?

Bai, noski. Filma haiei esker egin da eta hori eskertu beharra dago. Horregatik ematen diegu aukera filma komertzialki estreinatu aurretik ikusteko. Dohainik ikusteko esatera nindoan, baina ez da hala, aurrez sarrera bonuak erosiak zituztelako eta filmaren ekoizle ere badirelako. Herria da ekoizlea azken batean, eta horregatik herriari eskaintzen diogu orain ikusteko aukera hori. Gero, komertzialki ikusteko aukera ere izango da. Eta tokatu zait bat edo beste jada filma bi aldiz ikusi duena ere, lehenik Zizurkilen eta gero bere herrira joan garenean. ‘«Bi aldiz ikusi diat eta bigarren aldian gehiago gustatu zaidak»’, esan zidan batek. Ez da erreferentzia txarra hori entzutea, itxura ona ematen du horrek.

Argentinan, beraz, ez dute oraindik filma ikusi.

Gurekin han lanean aritu ziren talde teknikoko kide batzuei bidali diegu, eta badakit gustatu zaiela, mezuren bat bidali didate. Beste leku batzuetan ere ikusi dute: Cuencan, Galizan... Leku askotan izan ditugu auzolanean lagundu diguten lagunak. Baina oso jende gutxik ikusi du Euskal Herritik kanpo. Hemen jada 2.000 pertsona inguruk, baina kanpoan hamarnaka gutxi batzuek besterik ez.

Argentinak pisu handia du pelikulan, bertan filmatzen ere izan zineten. Baduzu pelikulak herrialde hartan duen harrera ikusteko gogoa?

Bai, bai. Egia esan, gu filmatzen izan ginen herrian, Pehuajon, nazioarteko zinema jaialdi ospetsu bat egiten dute otsailean, eta pentsatzen genuen horra gonbidatuko gintuztela, hor filma erakusteko aukera izango genuela. Baina Mileiren motozerraren erruz bertan behera gelditu zen jaialdia. Alde horretatik ez dugu zorterik izan. Hala eta guztiz ere, hemendik hilabete batzuetara ni saiatuko naiz Argentinara bidaiatxo bat egiten, eta ea, diasporako jendearekin harremanetan jarriz, Euskal Etxeekin eta abar, halako biratxo bat egiteko aukera dagoen, Argentinako leku desberdinak bisitatuz. Asmo hori badaukat.

Zizurkildarra izanda, zer suposatu du zuretzat Pello Mari Otañoren bizitza kontatzeak? Proiektua aurkezterakoan esaten zenuen Euskal Herriak bazeukala zor bat berekin. Pozik geratu zara?

Erabat pozik geratzea zaila izaten da, norberari asko exijitzen diogulako denok, baina bai, orokorrean gustura nago egindako lanarekin. Azken batean, pena handia ematen zidan bere garaiko erreferente kultural nagusietako bat izan zena ahanzturaren zuloan egoteak. Ez zuen hori merezi. Ez dakit oso ongi zergatik, baina izaten dira garai bakoitzean horrelako sortzaile madarikatu batzuk, merezitako errekonozimendua izaten ez dutenak, eta horietako bat izan zen Pello Mari Otaño. Horrek amorratu egiten ninduen, eta ez bakarrik zizurkildarra naizelako. Sortzaile handia izan zelako, hizkuntzaren ikuspegitik modernoa, aportazio handiak egin zituen pertsona, ez bakarrik bertsogintzan, beste arlo batzuetan ere bai. 1920ko hamarkadan euskara irakasten hasi zen lehenetarikoa izan zen Argentinan, diasporan, esate baterako. Pedagogia eta ikas-materialik ez zegoen garai hartan, eta berak bere kabuz sortu behar izan zuen metodologia bat. Horrelako pertsona batek ahanzturan egotea ez zuen merezi, eta horregatik esaten nuen herri honek zor ziola zerbait egitea. Film honek zulo edo hutsune hori betetzeko balio dezakeela uste dut.

Aktore lanetan ere agertzen da Bisquert pelikulan. Irudian, Otañoren papera egiten duen Joseba Usabiagarekin. (OMBUAREN ITZALA)

Dena den, azken urteotan Otañoren oroitzapena berpiztu dugula esango nuke. 2010ean egin zen bere heriotzaren mendeurreneko omenaldia Zizurkilen, baina agian ez zen hainbeste zabaldu handik kanpo. Eta hamar urte beranduago, 2020an, filma egiteko auzolana aurkezten hasi ginenean, beste herri askotara zabaldu genuen oroitzapen hori, beste herri askotan berpiztu genuen Otañoren figura. Herriz herri egindako hitzaldi eta aurkezpenekin berdin; eta filma estreinatzen denean are eta gehiago, leku askoz gehiagotara iritsiko gara. Ikastetxeetan ere sartuko dugu filma, beraien esku utziko dugu eskola orduetan nahi duten moduan erabiltzeko, eta eskatzen diguten leku guztietara joango gara. Jabetu daitezela gure ikasle guztiak nor izan zen Pello Mari Otaño, eta zer garrantzi izan zuen.

Kultur ikuspegitik, filmak garaiko miseria batzuk erakusten ditu: zer argitaratzen zen, nola, zer preziotan, zeinen mesedetan, poeta/artistaren lana miretsi eta gutxiesteko joera... Onartuko luke gaur egungo egoerarekin paralelismo bat, zoritxarrez.

Hala da, bai. Orduan gertatzen zen, eta orain ere “antzeko-parecido”. Ikusi besterik ez dago kultur munduan gabiltzanok zenbat zailtasun eta oztopo izaten ditugun proiektuak aurrera ateratzeko. Beti diru eskasian. Dirua egoten da gauza asko egiteko, baina justu kulturarako, izan antzerki obra bat edo beste edozein sorkuntza mota, ez dago. Penagarria da. Antzerkian egiten duzu obra baten muntaketa eder bat, eta Euskal Herri osoan zer, 7-10 emanaldi egiteko? Ez da behar bezala laguntzen kultura, hori hala da. Eta sortzaileek beti prekaritatean ibili behar, ordaindu gabe edo oso gutxi ordainduta, kasik Otañoren garaietan bezala. Pello Mariren inguruan halaxe idatzi zuten: «Otaño escribe por noble tensión del espiritu». Bere semeen gosea ase beharrik izango ez balu bezala. Horrelako txorakeriak idazten ziren garai hartan, eta gaur egun ere antzeko gabiltza. Duela gutxi egin dute kultur sortzaileen lan baldintzen inguruko ikerketa bat, eta penagarria da.

Baserria, herrimina, herritik urrundu beharra, itzulera... Otañoren bizipenekin identifikaziorik sentitu al duzu?

Ni nahiko nomada izan naiz (barreak). Hori egia da, orain alde batera, gero bestera... Baina nik ez dut bizi izan emigrazio politiko hori edo emigrazio ekonomiko hori. Ni bere garaian Galizara joan nintzen bizitzera, baina ez arrazoi horiengatik. Nik aita izan nahi nuen, bikotea han zegoen, eta horregatik joan nintzen. Ordurako 50 urte nituen. Otaño 33 urterekin joan zen, “sin china”, filmean esaten duen moduan. Ni “sin hijos” sentitzen nintzen, eta horrek eraman ninduen Galizara. Nik sentitu izan dut herrimina, baina motibazioa ez da berdina eta ez nintzen horren urrun joan.

Intxaurrondoa eta ombua, mendia eta itsasoa, La Pampa eta Zizurkil, payadoreak eta bertsolariak... Mundu sinboliko handia aztertu daiteke, baina heriotzaren unea iruditzen zait deigarria. Otaño kamerari begira jartzen duzu. Hasieratik argi zeneukan une hori nola kontatu?

Hasieratik horrela zegoen idatzia gidoian. Nolabait Otañoren berpizte hori kontatzea zen helburua, eta bere gogoeta batzuk azaltzea. Herriminaren ingurukoa da bat, baina baita bertsolariaren izaera azaltzea ere. Nola egiten dituzten bertsoak besteek ere kanta ditzaten. Hausnarketa hori egin nahi nuen. Baina batez ere berpiztea, Koldo (Izagirre) eta bion asmoa hasieratik horixe zelako, Otañoren figura berpiztea belaunaldi berriek ezagutu dezaten. Eta sinbolikoki, filmean ere, hil ondoren berpiztea erabaki genuen. Eta horrek era berean ematen zigun aukera fantasiarekin jolasteko. Txepetxarekin, adibidez. Txepetxa bihurtu dugu pertsonaia bat gehiago. Otañok txepetxa ikusten zuenean Euskal Herria ikusten zuen. Metafora bat zen beretzat. Isila, abila, zuhurra... Euskal Herriko ezaugarri horiek guztiak. Ariketa zinematografiko bezala polita iruditu zitzaigun. Beste amaiera ere polita zen: bere heriotzarekin amaitzea, zerraldoaren atzetik goazela, ombuaren itzalpean... Baina beste buelta bat eman nahi izan diogu. Egia da jendeari hasieran arraroa egiten zaiola. Atzo [apirilaren 3an] Andoainen izan ginen eta ikusle batek esaten zidan: «Hasieran arraroa egin zaidak atmosfera hori, baina hori Parnasoa duk, poetaren zerua». Hori ere polita da, bakoitzak bere irakurketak egitea.

Otaño ombua laztantzen. (OMBUAREN ITZALA)

«Inurri itsuak» filmean parte hartu duzu berriki. Zer esan daiteke proiektu horretaz?

Lehenengo bi errodaje egunetan egon nintzen, eta gero beste sekuentzia batean, aparte. Hiru egun guztira. Uste dut maiatzera arte edo jarraitzekoak direla grabaketekin, baina nire lana amaitu dut. Igor Legarreta da zuzendaria eta oso gustura aritu naiz. Ez da paper nagusia, baina polita izan da. Gustatzen zait Igor zuzendari moduan. Ikusi nuen aurrez egin zuen "Ilargi guztiak" filma eta asko gustatu zitzaidan: plano ikusgarriak, lokalizazio zoragarriak...

Lanerako gogotsu jarraitzen duzu, beraz.

Bai, gogoa badaukat. Gu langileak gara. Txikitan hasi ginen baserrian lanean, eta guk lana egiten besterik ez dakigu. Zenbat eta gehiago, hobe guretzat. Horrek mantentzen gaitu forman. Gustura nabil.