03 MAY. 2025 - 00:00h Agortuta Itzea URKIZU ARSUAGA Udazkeneko goiz batez, ia momentu berean iragarri zituzten gaur BEC hartuko duen Maite Zaitut jaialdia eta Benito Lertxundiren oholtzetako agurra. Bi iragarpenen oihartzunak gurutzatu egin ziren kultur informazioaren galaxiako punturen batean, eta, beharbada, haien irismenean ere izan zuen horrek eraginik. Itxuraz ez balirudike ere, ia berbera baita bardoaren eta pailazoen publiko objektiboa. Zuri ere gertatuko zitzaizun, Durangoko Azokara joatea eta ez dakit zenbat pertsona nonbaitetik-bai-baina-ez-dakizu-nondik ezagutzen dituzula sentitzea. Herri eta hizkuntza xumea baikara eta, nahiz eta gauza asko egiten ditugun, egindako hori kontsumitzen dugunon taldea ere ez baita ikaragarri handia. Antzeko jendea dela, alegia, harpidetzak ordaintzen edo liburuak erosten dituena. Tira, kontzertu batzuk iritsi dira jende-talde horren hurrengo kapara ere. Pandemiaz geroztik, gurean kultura espazio erraldoietan kontsumitzeko joera nabarmendu dela eztabaidaezina baita. Eztabaidagarria izaten ari dena horren atzean dagoen eredua da, deitu sold out, deitu euskalmainstream, deitu dena delakoa. Uste dut, harriak botatzeko gogoz dagoenarentzat, arrakasta agerikoena beti izan ohi dela bazkarik errazena. Eta akaso ez gaude geuretik eta geurean sortutako arrakastari punta zorrozki ateratzeko posizio batean. Txikiak gara, baina eskasak ez. Gogoeta horiek baztertu gabe, nire interesa pizten dutenak beste batzuk dira. Bat: nork egiten die kritika sutsua, jarreretan eta letretan maskulinitate eredu hegemonikotik pixka bat aldenduta ere, publikoari erakargarri eta gustagarri zaizkion musikari gizonezkoei? Beste gizonezko batzuek. Bi: nortzuk dira, nagusiki, sold out-ak egiten dituztenak? Gizonezkoak. Hiru: zergatik lotzen dugu kapitalismo basatiarekin euskara parametro unibertsaletara eraman nahi izatea, jakin gabe, adibidez, mikroagoan dabiltzan artistek zer-nolako soldatak ordaintzen dizkieten beren lan-taldeko kideei? Geure buruari txiki izatea bakarrik baimentzen diogulako. Beti da aberasgarri fenomeno sozialez hausnartzea, baina nago makrokontzertuekin itsututa gaudela, arazoa goragokoa denean. Ni neu FOMO literarioak erasaten nau, eta idazle kuttunen azkena erosteko antsietatea sentitzen dut liburua atera orduko, nahiz eta apalategian beste 27 izan irakurtzeko. Beste bati zapatilekin gertatuko zaio; bizikletarako mailotarekin, akaso. Udaberriko goiz batez, itzali zen mundua eta berretsi genuen nola bizi garen, une oro, gure ahalmenaz gaindi. •