09 MAY. 2025 - 14:01h Euskal Herriko Alboka Eguna hartuko du Galdakaok 17an, Andra Mari taldearen 70. urtemugan Euskal Herriko Alboka Eguna egingo dute Galdakaon hilaren 17an, Andra Mari Eusko Dantzari Taldearen 70. urteurrenaren ospakizunen barruan. Kalejira, herri bazkaria edota dantza plaza bezalako proposamenak ditu egitarauak, baita Mariano Barrenetxearen liburuaren aurkezpena ere. Euskal Herriko Alboka Egunaren aurkezpena Galdakaon. (Andra Mari Eusko Dantzari Taldea) GAUR8 Hilaren 17an, Euskal Herriko Alboka Eguna antolatu du Andra Mari Eusko Dantza Taldeak, 70. urteurrenaren ospakizunen baitan. Kalejira, herri bazkaria, kontzertuak edota zozketak prestatu dituzte, baita Manu Gojenolak ondutako liburuaren aurkezpena ere: ‘Mariano Barrenetxearen alboka mundua. Eskuizkribuak ikertuz’. Lanaz aurreratu dute 2018an abiatutako ikerlanaren emaitza dela. Soinueneak argitaratu du Andra Mariren, Barrenetxea sendiaren eta Galdakaoko Udalaren laguntzarekin. Andra Marik nabarmendu du «izugarrizko dokumentazio eta digitalizazio lana» suposatu duela «Mariano Barrenetxea albokari eta ikertzailearen bilduma osoa lantzea; izan ere, 8.000 dokumentutik gora izan baitira: kaseteak, eskuizkribuak, kartelak, aldizkariak, argazkiak…». Zehaztu dute, era berean, bilduma osoa ikusgai dagoela Soinueneko web orrian. Egunean bertan omenaldi ekitaldia egingo diote Mariano Barrenetxeari. Udalak gogoratu duenez, bereak dira albokaren inguruko lehen ikerketak, liburuetan dokumentatu zituenak eta «hainbat albokarirentzako abiapuntu» izan zirenak. Oroitu dute, halaber, Albokarien bilkura eratu zuela, eta bertan sortu zela Albokarien, Pandero jotzaileen eta Koblarien Alkartea, hainbat albokari eta panderojoleren parte hartzearekin: «Romualda Zuloaga, Maurizia Aldeiturriaga, Bilbao aita semeak, Elezkanotarrak, Benito Iragorri, Pontxo Orue...». Antolatzaileek azpimarratu dute Galdakaoko herriak «lotura sendoa» izan duela musika tresna horrekin. «Ia desagertzear zegoenean bertan biziraun zuen, eta, are gehiago, Andra Mari Eusko Dantzari Taldeko ikurra ere bada», adierazi du talde galdakoztarrak «Euskal Herriko alboka eguna antolatuta hori indartu nahi» dutela erantsiz.