17 MAY. 2025 - 00:00h Olo kolore ote? Hiru kono mota ditugu eta kitzikapen gailurraren arabera koloreak bereiz ditzakegu. (WIKIPEDIA) Gorka ZOZAIA - @ZOTZ___ Modu bitxian heldu zait Olo delako kolore berriaren notizia. Ohiko zientzia hedabideetan nabigatzen, soilik sentsazionalistenetan topatu dut berria, eta bilaketa orokorra eginda, ez dut hedabide askotan ikusi. Euskaldunen artean, zeharo ezezaguna den batean soilik. Are bitxiagoa egin zait, baina, bart nabigazio antzu honetan ibili ostean, goizero esnatzen nauen irrati jeneralista katalanak aurkikuntzaren titularra aipatu izana, berria freskoa bailitzan, “Science Advances” aldizkariak artikulua apiril erdian argitaratu zuenean! Flipanteena, dena den, optika lantzen ari naizen ikasleei galdetu diedanean gertatu zait; laurdenek bazekiten zeozer, Tiktok informazio iturri. Gazteak eta desiformazioaz ditugun aurre iritziak astintzea primeran datorkit Olo kolorea ote den ebazteko. Izan ere, koloreen hautemateari dagokionez, bada apurtu beharreko lehen aurreiritzi bat: koloreak ez daude hor kanpoan, gure buruan baizik. Egia da erretinan ditugun zelula fotorezeptoreak (kono eta bastoiak) uhin ikuskorrak kitzikatzen dituela, 380 eta 750 nanometroko uhin luzeren artean. Bastoiak argia/iluna soilik hautemateko gai diren bitartean, konoen bidez koloreak bereiz ditzakegu, bakoitza uhin luzera tarte batean kitzikatzen baita. Irudiko grafikoak erakusten duenez, hiru kono mota ditugu: S motakoek (urdina) 450nm inguruan dute kitzikapenaren gailurra, M motakoek (berdea) 540 nm inguruan, eta L motakoek (gorria), berriz, 570 nm inguruan. Kuriosoa da nola ia uhin luzera berarekin kitzikatzen diren M eta L konoak, baina gero, gure buruan, horren ezberdinak diren kolore berdea eta gorria. Honen arrazoia, jakina, koloreen hautematea afera kulturala dela da. Ziur aski, fruitua landaretik bereizteko beharrak ekarri zituen berde eta gorri kontzeptuak, eta, oro har, ingurunearen arabera eraiki ditu kultura bakoitzak behar izan dituen kontzeptuak, denen artean halako lotura bat bada ere. Newtonek argi zuria prisma batekin banatu eta 7 kolore definitu zituenean, musika nota kopuruarekin berdintzeko ariketa izan zen; beraz, tentuz hartu behar dira “kolore berri” bat aldarrikatzen duten titularrak. Zer da, beraz, Olo delakoa? Bada, izenak berak azaltzen digu: 010 kode binarioak esan nahi baitu soilik M konoak kitzikatuz lortzen den sentsazio optiko hori dela Olo kolorea. Hau da, koloreen hautematea egiteko oinarria kono bakoitzaren kitzikapen maila erlatiboa denean, Oz izeneko teknologiarekin, gai izan dira bost lagunen erretinan M konoak identifikatu eta soilik hauek kitzikatzeko, naturalki sekula emango ez litzatekeen nerbio kinada bat sortuz. Kinada berri hau modu antzekoan interpretatu dute bost lagunen garunek, bat etorri baitira sentsazio hau definitzeko garaian: berdea eta urdinaren arteko tonua, baina espero ez zen saturazio bat duena. Olo, beraz, informazioa hautemateko modu berri baten ondorio da, eta gure garunera modu naturalean ematea ezinezkoa den kinada bat bidaltzean datza. Ikerlarien ustez, daltonismoan sakontzeko bide eman dezake teknika berriak. Niri, bederen, informazioaren kudeaketan dudan daltonismoaz ohartzeko bide eman dit.