19 MAY. 2025 - 05:01h Julia Alvarez Resano, espainiar Estatuko lehen emakume gobernatzaile zibila Irakaslea zen Julia Alvarez Resano, eta UGT sindikatuko irakaskuntza sailean aritu zen borrokan. Ondoren abokatua ere izan zen eta bere interes politikoak espainiar Estatuko diputatu izatera eraman zuen. Mexikon erbesteratua zegoela hil zen 1948ko maiatzaren 19an. Julia Alvarez Madrileko Las Ventas zezen plazan mitina eskaintzen. (NAIZ) NAIZ Julia Alvarez Resano (Alesbes, 1903ko abuztuak 10) irakasle eta abokatu nafarra izan zen. Oso aktibo aritu zen Euskal Herriko politikan, pentsamolde ezkertiarrari eutsiz beti. Bere lehen pausoak UGT sindikatuaren irakaskuntza arloan eman zituen, eta gero Nafarroan zein Gipuzkoan diputatu izatera aurkeztu zen, nahiz eta ez zituen nahikoa bozka lortu. Azkenean, Estatu espainoleko gorteetako diputatu izatera heldu zen gerra garaian. Tarte horretan (1937ko uztailan) Ciudad Realeko gobernadore zibil izendatu zuen PSOEk, kargu hori lortzen zuen lehen emakumea bilakatuz. Ospea irabazi zuen langileen alde ekin zuelako beti. 1939an, Errepublika garaitua izan zenean, Estatu frantsesera jo zuen ihesi. Bertan PSOEko kide izaten jarraitu zuen, eta erbestetik ‘El Socialista’ aldizkariaren bertsio ez ofizial bat editatu zuen, non alderdi komunistarekin elkarlana defendatzen zuen. Horrek PSOEren garaiko zuzendaritzarekin eztabaidak eragin zituen, eta alderditik bota zuten 1945ean –2008an sinbolikoki onartua izan zen berriro–. PSOEko bere etapa amaituta zegoenez eta bere senarra Amancio Muñoz hil zenez (1935ean ezkondu eta 1938an hil zen, biriketako gaitz batengatik), hura ere abokatua eta diputatua Alvarezen garai berean, Mexikora joatea erabaki zuen. Bertan, emakume abokatuz osatutako bulego bat zabaldu zuen eta ‘Rimas’ aldizkaria zuzendu zuen. Bulego horretan bertan aurkitu zuten hilda gaur duela 77 urte, garuneko isuri baten ondorioz, 44 urte zituela.