20 MAY. 2025 - 07:00h 119 urte Balendin Enbeitaren ahotsa piztu zela, lehen bertso-eskolaren sortzailea 1906ko maiatzaren 20an ‘Urretxindorra’ bertsolariak seme bat izan zuen, Balendin, gerora ere bertsolari handia bilakatuko zena. Bizkaiko bertsolaritzaren sustatzaile nagusietako bat izan zen Muxikan zabaldu zuen lehen bertso-eskolari esker. Balendin Enbeitaren omenezko monumentua Bilboko Areatza parkean. (WIKIMEDIA) NAIZ Balendin Enbeitia Goitia euskal idazle eta bertsolaria gaur duela 119 urte jaio zen. 80 urte zituela, barrerian lanean zegoela istripua izan eta hil egin zen muxikarra. Bertsolaritzaren hazia haren aitak erein zuen beregan. Kepa Enbeita ‘Urretxindorra’-ren semeak, zaletasun hori bere ondorengoei kutxatzen ere asmatu zuen, Enbeitatarren bertsolaritza leinu oparoa sortuz. Enbeitak 1936ko gerrako frontean borrokatu zuen eta, horren ondorioz, espetxeratu egin zuten 12 urtez. Bere ahotsa ixilarazi nahi izan zuten baina justu kontrakoa lortu zuten, eta frankismoan zehar Bizkaiko bertsolaritzaren sustatzaileetako bat izan zen. 1958 eta 1959 urteetako Bizkaiko Txapelketak berak irabazi zituen. Finalista gelditu zen beste hiru txapelketetan. Muxikako Ariatza auzoan lehen bertso-eskola martxan jarri zuen puntako bertsolaritzan zebilen garai hartan. Handik atera ziren beste izen handi batzuk: Jon Lopategi, Jon Mugartegi, Deunoro Sardui edo Ireneo Ajuria, esaterako.Bat batekoan ona izateaz aparte, bertso idatzi ugari utzi ditu ‘Nere apurra’ (Auspoa, 1974) liburuan, baserriko bizitzari, euskarari, Euskal Herriari edota fedeari buruzkoak. ‘Bizitzaren joanean’ (Elkar, 1986) liburua ere idatzi zuen, eta ‘Euzkadi’, ‘Arantzazu’, ‘Olerti’, ‘Zeruko Argia’, ‘Anaitasuna’, ‘Ekin’, ‘Karmel’ eta ‘Principe de Viana’ argitalpenetan parte hartu zuen. 1974an Donostian antolatu zen VI. Bertsolari Egunean omendu zuten.1986an baserriko teilatua konpontzen ari zela erori eta hil egin zen, ‘Bizitzaren joanean’ liburuaren bigarren zatia amaitu gabe utziz. Horren ostean, Bilbok ere omendu nahi izan zuen eta egun Areatzako parkean berari eskainitako monumentu bat dago.