21 MAY. 2025 - 00:01h Parisko Komunaren gainbehera hasi zen duela 154 urte Frantziako Gobernuak martxotik martxan zegoen Parisko Komunari eraso egin zion 1871eko maiatzaren 21ean. Beste zazpi egun besterik ezin izan zuten bizirik mantendu. Munduko pentsalari komunista, anarkista eta sozialistetan arrastoa utzi zuen milaka pertsona hil zituen ‘Aste odoltsu’ hark. Barrikada bat Parisko Komunaren sorreran. (WIKIMEDIA) NAIZ Frantziako Iraultzaren muinean sortu zen Parisko Komuna, ideal sozialistekin aurrera egingo lukeen esparru burujabea, baina 60 egun besterik ez zuen iraun ametsak. 1871eko martxoaren 18an antolatu ziren eta maiatzaren 21ean, gaur 154 urte, eraso zioten Frantziako Gobernuaren tropek. Hilaren 28ra arte irautea lortu zuen komunak.Frantzia eta Prusiaren arteko gerraren ostean, Parisen setioak eragin zuen haserrearen ondorioz, langile klasea antolatu eta altxamenduari esker eratu ahal izan zuten komuna. Parisko Komunak bi hilabete eskas besterik iraun bazuen ere, dekretu mordoxka bat egin zituzten bertan, herritarren ongizatea eta eskubideak errespetatzen ziztuztenak, besteak beste, gillotinaren ezeztapena, langileei lantegiez jabetzeko baimena nagusiak abandonatzen bazuen, Guardia Nazionaleko kideen alargunentzako pentsioak, okindekietako gaueko lanaren abolizioa, Eliza eta Estatua bereiztea, edota hezkuntza unibertsala bermatzea. Maiatzaren 21ean Parisko harresietako ate bat ireki zen eta Frantziako Gobernuak Parisko errekonkistari ekin zion. Gogor erasotu zuen komuna eta Gobernuak 900 gizon inguru galdu zituen. Komunaren kontrako errepresioaren ondorioak askoz latzagoak izan ziren: komunara nolabait lagundu izateaz akusatu zituzten milaka gizon, emakume eta haur, eta epaiketen ostean haiek fusilatu, bortxazko lanetara zigortu edo erbestera bidali zituzten. ‘Aste odoltsua’ bezala deitzen den garai haren biktimak zenbat izan ziren ez dakite ziur, baina historialariek diote 50.000 pertsona inguru exekutatu zituztela, eta 7.000 Kaledonia Berrira erbesteratu. Bandera gorridun «estatuak» egun gutxi iraun bazuen ere, Parisko Komunaren arrastoa indartsua izan zen eta garaiko emantzipazioaren aldeko hainbat pentsalarietan eragina izan zuen, halanola, Louise Michel, Elisee Reclus, Elisabeth Dmitrieff, Prosper-Olivier Lissagary eta Karl Marx bera.