GAUR8

Udako dantzaldiak ostiralean itzuliko dira Barakaldora eta larunbatean Sestaora

Adinekoentzako udako dantzaldien programa ostiralean ituliko da Barakaldora 20 hitzordu eskainiz. Ekimenak ariketa fisikoa egiteko, gizarte-harremanak sustatzeko eta dibertitzeko eskaintzen duen aukera azpimarratu dute Udaletik. Sestaon, larunbatean abiatuko da dantzaldien denboraldia.

Lagun talde bat dantzan Bilbon, artxiboko irudian. (Monika DEL VALLE | FOKU)

Adinekoentzako udako dantzaldiak ostiral honetan itzuliko dira Barakaldoko Anaien Parkera, urriaren 17ra arte luzatuko den denboraldi berri bati hasiera emanez. Guztira, 20 hitzordu izango dira, eta berrikuntza gisa ostiraletan izango dira maiatzean, ekainean, irailean eta urrian. Uztailean eta abuztuan jarduera asteazkenetan egingo da.

«Barakaldoko adinekoek asko gozatzen dute jarduera hau, eta ilusio handiz prestatzen dugu Gizarte Ekintza Sailetik», nabarmendu du Mikel Antizar Gizarte Ekintzako zinegotziak.

Udal agintariak azpimarratu duenez, eguraldi onarekin, Anaien parkean dagoen espazioa aprobetxa daiteke asteazkenetako arratsaldeak «erakargarriagoak, entretenigarriagoak eta aktiboagoak» izateko.

17.30etik aurrera Anaien parkea musikaz eta dantzaz beteko dela ziurtatu du, orkestra ezberdinen parte-hartzeari esker. Orkestra horiek arratsaldeak girotuko dituzte eta adinekoei «dantza-arratsalde polit batez» gozatzeko aukera emango diete. Musika 20.30ak arte entzungo da.

«Programa hau oso garrantzitsua da; izan ere, gizarte-harremanak indartzen ditu, zoriontasuna sustatzen du, oroimena eta arreta lantzen laguntzen du, autoestimua eta konfiantza indartzen ditu, eta jarduera fisikoa erraz eta modu dibertigarrian egiteko aukera ematen du», adierazi du Antizarrek.

Horregatik, hiriko adineko guztiei asteko hitzordu horretara joateko deia egin die. Hitzordu hori doakoa da eta «asteko ordu horiek beste pertsona batzuekin batera gozatzeko aukera» eskaintzen die.

Sestaon, larunbatetan

Larunbatean hasiko da Sestaoko dantzaldien denboraldia, eta 16 saio izango ditu urrira arte. Carlos Garcia de Andoin Kultura zinegotziak azaldu duenez, urriaren 11ra egingo diren 16 dantza saioetan Dantza Alai, Los Palmeras, Pergola, Galea eta Amigos del Swing taldeek parte hartuko dute.

Dantza saioak larunbatetan izango dira, 18.00etatik 21.00etara, Kasko plazan. Euria egiten badu, jarduera San Pedro plazara eramango da, estalkia aprobetxatzeko eta eguraldi txarretik babesteko.

Garcia de Andoinek gogorarazi du dantza-saio horiek onura handiak ekartzen dizkietela adinekoei.

«Txitxarriloek gure adinekoen aisia, jarduera fisikoa eta zahartze aktiboa sustatzen dituzte, beste alderdi garrantzitsu bat ahaztu gabe: adinekoen arteko gizarte-harremanak, hirugarren adinekoen bakardade beldurgarria saihesten laguntzen dutenak», azpimarratu du.