GAUR8

Nire herriko kiroldegian

Pertsona bat sauna hartzen. (Alexander FARNSWORTH | GETTY IMAGES)

Ez da gauza berria, gure gizartean ikus daitekeen atzerakada morala. Agian hori ez da terminorik zuzenena, baina nola esango zeniekete mutikoen artean goraka doan neomatxirulotasuna, sare sozialetako emakumeen arteko #TradWife joera, eskuin muturreko alderdi politikoen hazkundea, edo leku publikoetan arropa gutxirekin ibiltzea eragotzi nahi izateari? Azken honekin lotuta, duela urte gutxi Bizkaiko herri turistiko batean torsonudismoaren aurkako gurutzada piztu zen, horren aldeko kontramanifestazio eta guzti. Ez nuen barre gutxi egin, kalean alkandora barik ibiltzen diren turista gorrituen aurka altxatutako tradizionalisten kontura, beste garai ilunagoen oihartzun anakronikoa zelakoan. Baina duela hil gutxi, irribarrea aurpegian izoztu zitzaidan. Non eta nire herriko kiroldegi publikoan, alderdi politiko progresista baten esku dagoen Udalaren ardurapean, saunara biluzik sartzea galarazten duen kartel berria aurkitu nuen. Nola azaldu debeku horren zentzugabetasuna? Bizkor esanda, saunan biluzik ezin sartu izatea, busti gabe dutxatzea edo ahoa ireki barik jan nahi izatea bezain txoroa da.

Bizkor esan eta gero, arrazoitu dezagun. Udalari sartutako kexan erabilitako nire argudioak hauexek izan ziren. 1) Sauna Eskandinaviatik datorren praktika dela, eta bere arauen eta ohiko prozeduren artean dagoela barruan biluzik egotea. 2) Osasun arrazoiengatik erabiltzen denean ere, fisioterapeutok espresuki agintzen dugula bainujantzirik ez erabiltzea. Kiroldegiko erabiltzaileek ere 30 urte baino gehiagoz jarraitu dute irizpide hori, eta horren alde, Finlandiako praktika-gida bat eta neure laneko erreferentzia terapeutiko/dozentea bidali nizkien, osasun argudioen eta arrazoi praktikoen azalpenarekin. Arrazoi hauek hementxe azaldu izan ditut lehenago ere, beraz, ez naiz honetan luzatuko: hemerotekan erraz aurkituko duzue.

Udalari sartutako kexa horrek erantzunik izan ez duenez, ez dakizkit haien arrazoi zehatzak saunan biluztasuna eragotzi nahi izateko. Pentsa daiteke arrazoiotako bat higienea izango dela. Baina horri erantzunez, esan behar da lehendik ere saunan bakoitzari bere toailaren gainean egotea eskatzen zitzaiola; beraz, arropa gehigarri batek ez luke higiene plus bat ekarriko -izatekotan minus bat, arropa hori garbia ez badago...-. Burura etortzen zaidan beste arrazoi posible bat erabiltzaileren batek sartutako kexa izan daiteke, erlijioa edo bestelako arrazoiak direla eta, deseroso sentitzen delako. Errespetagarria oso; baina kontuan har dezagun, kasu honetan, arazoa erabiltzaile horrek izango lukeela, ez bere inguruan biluzik dauden pertsonek. Beraz, hori konpontzeko ardura ere lehenaren gain gelditzen da; soluzio aski errazarekin gainera: begirada bestearen sexu organoetatik kentzea. Izan ere, saunan biluzik dauden pertsonekin deseroso dagoenak ez al du gauza bera sentitzen aldageletan eta dutxetan horiek bezain biluzik daudenekin? Horiei ez baitzaie eskatzen sexua estaltzea. Bada, mesedez eta faborez, sauna bakean hartzen ari diren pertsonak bakean utzi itzazue. Eskandinaviako jainkoen izenean, arauak egokiro jarraituz, eta haien bedeinkapen guztiekin! •

www.abante.eus