07 JUN. 2025 - 00:00h Txikien garaipen batzuk Asier Aiestaran Aste pare bat pasa dira Euskaraldia amaitu zenetik eta balorazio desberdinak irakurri eta entzun ditut. Nire kasuan onartu behar dut aurrenekoak eragin zizkidan ilusioa eta kuriositatea apaltzen joan direla, eta deserosotasun puntu bat agertzen joan dela. Lehendik ere egunerokoan estres linguistikoa ezaguna dugunontzat, tuerkari beste buelta bat ematea suposatzen duelako. Pare bat adibide sinple, hobeto ulertzeko. Euskaraz badakien baina hizkuntza horretan naturaltasuna falta duen lagunarekin harremana: gazteleraz dena da barrea, txantxa, adarjotzea; euskaraz, ez. Hor daukazu aho-bizi txapa paparrean eta hor ari zara laugarren egunerako erdara bizi-bizian. Edo hitanoa erabiltzeko txapa jarri duen inguruko beste pertsona hori parean agertu zaizunean. Zuri bost ordu iruditu zaizkizun bi minutu iraun dituzue hika hitz egiten, eta zuen artean ohikoa ez den isiltasuna luzatzen hasi denean esperimentua bertan behera uztea erabaki duzue. Bitartean, kontzientziaren deabrutxoa hortxe, zure sorbalda ferekatzen. Hala ere, ez dezala inork pentsa hau antolatzaileen kontrako kritika bat denik. Kontrara, chapeau Euskaraldia eta chapeau herriak bere hizkuntzaren eta bere etorkizunaren alde egiten dituen beste hainbat keinu txiki, dena aldatuko duen urrats handiaren esperoan gelditzea ez delako alternatiba sinesgarria. Kirol munduan, esaterako, bi gertaera esanguratsu izan ditugu egunotan. Zesta-puntan, Euskal Selekzioa Nazioarteko Federazioak antolatutako lehiaketa ofizial batean jokatzen ikusi dugu, EAEko kirolariekin soilik aritu arren. Eta surfean, Donostian egitekoa zen Europako Junior proba azkenean ez da puntuagarria izango eta israeldarrik gabe ospatuko da herritarren presioari esker. Lorpen txikiak, arazoak errotik konponduko ez dituztenak, eta egoera deserosoak, hautu bat egin behar delako. Baina handiak deseroso sentiaraztea ere bada txikiaren garaipen bat. •