14 JUN. 2025 - 07:00h Izaskun Rekalde euskaltzale konprometitua zendu zela bi urte bete dira 2023ko ekainaren 14ean hil zen Izaskun Rekalde usansolotarra. Ikasketaz eta ofizioz ekonomilaria eta irakaslea, baina euskaltzale porrokatua izaki Pantailak Euskaraz mugimenduaren sortzailea eta bozeramailea izan zen; baita Binke aldizkariaren sortzaileetako bat ere. Rekalde Hau Pittu Hauren saria jasotzen. (Monika del Valle | FOKU) GAUR8 Pantailak Euskaraz mugimenduaren eta Binke aldizkariaren sortzaileetako bat izan zen Izaskun Rekalde (Usansolo, 1977), ostean Pantailak Euskarazen bozeramailea ere izan zelarik. Gaixotasun larri batek jota duela bi urte hil zen gaur bezalako egun batez, ekainaren 14ean. Enpresen Administrazio eta Zuzendaritzan lizentziatura bukatu ondoren BBVAn egin zuen lan giza baliabideetako teknikari gisa 2003tik 2010era. Irakasle lanetan ere ibili zen unibertsitatean eta Lanbide Heziketan.Euskararekiko zuen maitasunak eraman zuen Netflix Euskaraz mugimenduan parte hartzera eta, horren ondoren, Pantailak Euskaraz mugimenduaren ahotsa izan zen 2021eko ekainetik. Elkarteko lehendakaria ere izan zen.Galdakao eta Usansolo biltzen dituen Binke aldizkariaren sortzaileetako bat izan zen. «Ikaragarri markatu nau ekimen horrek. Helburua da gure seme-alaben bitartez gure hizkuntza transmititzea, antena eta motor efektuari esker» kontatu zuen aldizkari horretan bertan egindako elkarrizketan. 2022ko Bilboko aste nagusian Hau Pittu Hau Euskaldunon Konpartsaren Euskara saria jaso zuen Pantailak Euskarazeko ordezkari gisa. Eta 2021ean kanpaina onenaren Argia Saria irabazi zuen Pantailak Euskaraz mugimenduak.