21 JUN. 2025 - 00:00h Tik-tak. CAFen inpunitatea amaitzeko ordua gero eta gertuago Koldo Sagasti Pasa den larunbatean CAF konpainiak Akziodunen Urteroko Batzarra antolatu zuen, Beasainen, inoizko testuingururik konplikatuenean. Izan ere, azken hilabeteko aurrekariak kezkagarriak ziren. Martxoaren 9an, Jerusalemgo trenbidearen inaugurazio ekitaldiko argazki batek hautsak harrotu zituen. Erretratuan, Benjamin Netanyahu genozidarekin batera, Mickey Raviv agertzen zen, CAFeko ordezkari ofiziala, trenbideko lehenengo lineako zinta gorria mozteko unean. Handik hogei egunera, Gasteizko Legebiltzarreko gehiengoak Palestinako genozidioa salatzeko mozioa onartu zuen. Testuaren seigarren artikuluan ganbarako ordezkariek galdegiten zieten «erakunde guztiei Israelekin eta Palestinaren okupazioari lotutako enpresekin merkataritza- eta politika-akordioak berrikustea». Gauza jakina da Eusko Jaurlaritzak multinazional gipuzkoarraren akzioen %3 dauzkala, eta, ebazpenak hitzez hitz hartzekotan, zuzenean eragingo liokeela Beasaingo konpainiaren finantzaketa publikoari. Aste berean, Francesca Albanese NBEko Giza Eskubideetako Kontalariak iragarri zuen prentsako elkarrizketa batean egun gutxi barru Palestinako genozidioarekin aberasten diren 45 enpresen datu-basearen eguneraketa argitaratuko duela. Zantzu guztien arabera, CAF izan liteke zerrenda lotsagarri hori osatzen dutenetako bat; izan ere, konpainiak Jerusalemgo proiektuan duen bazkide israeldarra, Shapir enpresa, dagoeneko seinalatuta dago zerrenda beltz horretan. Hori guztia gutxi balitz bezala, akziodunen bilkuran bertan, Andres Arizkorreta presidenteak Mounir Marijeh nazioarteko zuzenbideko adituaren galderei aurre egin behar izan zien. Bere jardunean, Jerusalemgo Komunitate-Ekintzarako Zentroko ordezkariak Jerusalemgo proiektuaren ilegaltasunaren xehetasunak azaldu zituen, eta banan-banan desmuntatu zituen konpainiaren koartada guztiak. Presidenteak, berriz, baloia teilatura bota behar izan zuen, Marjiehren galderei, eta bide batez, Amnesty international erakundeko beste bi ordezkarienei ere bai, «idatziz erantzungo zaiela» esanez. Bitartean, Donostiako kaleetan milaka lagun, eta beste hainbeste mundu osoko protestetan, galdegiten ari zitzaizkion enpresari Israelgo apartheidaren treneko proiektutik erretiratu dadin. Trengintza konpainiak apustu estrategiko bat egin zuen bere garaian, sareak Israelgo erregimen kolonialeko kaleetan hedatzeko; eta denborak erakutsi du, eragile askok ohartarazi zioten bezala, erabaki okerra zela. Haien ustezko inpunitatea goizago edo beranduago eroriko da, karta-gaztelu bat bezala. Denbora kontua baino ez da. Tik-tak. •