28 JUN. 2025 - 00:00h Zaintzaren kapitalismoa ’Zaintzaren kapitalismoa’ datu pertsonalen merkantilizazioari esaten zaio. (GETTY IMAGES) Nagore BARRENA ORUEECHEBARRIA Sare sozialak, adimen artifiziala, datuen pribatutasuna, konpainia teknologiko handiak eta antzeko beste kontzeptu batzuk entzunda, gehiengoari, ziur asko, ondorengo izenak eta aurpegiak etorriko zaizkio burura: Musk, Bezos, Zuckeberg... besteak beste. Horiek surveillance capitalism (zaintzaren kapitalismoa) kontzeptuaren eredu garbiak dira. Shoshana Zuboff filosofoak aurkeztu zuen kontzeptu hori, “The age of surveillance capitalism” liburuan. ‘Zaintzaren kapitalismoa’ datu pertsonalen merkantilizazioari esaten zaio; alegia, informazio pertsonala irabazi-asmoko salerosketari lotutako merkantzia bihurtzean datza. Bestalde, hain ospetsu ez den baina garrantzi handia duen figura bat ere nabarmentzen da teknologia ekosisteman. Figura horrek guztion onerako den eta pribatutasunean zein gardentasunean oinarritzen den teknologiaren erabilpenaren defentsan lan egiten du. Bera Meredith Whittaker dugu. Meredith Whittaker Google-ko langilea izan zen 13 urtez. Bertan, ingeniaritza taldeak zuzendu zituen eta Open Research Group taldearen sortzailea ere izan zen. Talde horrek sortzen ari ziren teknologien eragin sozialen azterketa sustatzea zuen helburu. Ondoren, akademiara pasatu zen, eta AI Now Institute sortu eta zuzendu zuen NYU-n, adimen artifizialak gizartean dituen eraginak aztertzeko helburuarekin. Bereak dira ondorengo baieztapenak: «Pribatutasuna ez da luxua. Ezinbesteko baldintza da askatasunerako». Edo «zaintza da Interneteko negozio eredua. Eta aldatu egin behar dugu». Horiek adimen artifizialaren eta teknologia berrien erabilpen egoki baten alde egindako adierazpenak dira. Datu pertsonalen merkantilizazioa ardatz duten eredu teknologikoen aurkako mezuak dira. Ez dira teknologiaren kontrako mezuak. Zaintza kapitalismoaren kontra irmo egiten duen emakume hau Signal Foundation-eko zuzendari nagusia da 2022az geroztik. Signal pribatutasuna bermatzen duen eta irabazi asmorik gabeko mezularitza zifratuko plataforma da. Signal-en bitartez, mezuak bidali, deiak (eta bideo bidezko deiak) egin edo fitxategiak banatzeko aukera dago. Alegia, WhatsApp edo Telegram-en bezala. Baina mezuak muturretik muturrera zifratuta daude Signal-en, eta horrek bermatzen du igorleak eta hartzaileak bakarrik irakur ditzaketela mezuak. Irabazi asmorik gabeko konpainia da, metadaturik gordetzen ez duena, erabiltzailearen informazioa biltzen ez duena eta kode irekikoa. Haren zuzendaritzapean, Signal-ek sendotu egin du bere jarrera, aukera etiko gisa, datu pertsonalekin negozioa egiten duten mezularitza plataformen ondoan. Esan beharra dago, paradoxikoki, Signal-en pribatutasunaren politikaren arrakasta dela-eta, gaur egun WhatsApp-ek ere muturretik muturrerako zifratua erabiltzen duela, eta Signal-en kodea erabiltzen duela horretarako. Bukatzeko, aipatu nahi nuke Meredith-en lanak agerian uzten duela adimen artifizialak eta teknologia berriek guztion onurarako balio dezaketela eta balio behar dutela, haien benetako zentzura itzulita.