05 JUL. 2025 - 00:00h Espainolak euskara ikasi zuenean Joxe Azurmendi, Jule Goikoetxea eta Lorea Agirre, Iruñeko Katakraken, 2015ean, Jakinek UEUrekin batera antolatutako "Euskara naziogintzaren eta estatugintzaren erdian" jardunaldietan. (Iñigo URIZ | FOKU) Jule Goikoetxea Mentxaka, filosofoa Gogoan dut aitak "Los españoles y los euskaldunes" oparitu ziola amari haren urtebetetzean. Ez pentsa ama eta aita bikote zirenik, hitzek engainura eraman dezakete, euskaldunak ere ez ziren, ez zirelako baskoparlanteak, baina espainolak ere ez ziren, ezpada kastellanoparlanteak. Horra hor nire lehen kontaktua Joxe Azurmendirekin. Joxek nirekin izandakoa handik hamar urtera izan zen, Jakinek UEUrekin batera antolatutako "Euskara naziogintzaren eta estatugintzaren erdian" jardunaldietan. Eztabaida egon zen. Ez euskalgintzaren korronte baten eta beste baten artean bakarrik, ez horixe, estatuzale feministen eta ez-feministen artean ere bai. Hor jarraitzen du eztabaidak, ostiaka eta eskuka egina da kooperazioaren eta borrokaren alaba nagusia, eztabaida, hark elkartu gintuen Azurmendi eta biok. Beno, eta espainolek. Baina, zer dira espainolak? Gauzarik garrantzitsuenak izan ohi dira mitifikatzen errazenak eta definitzen zailenak. Ederra baina gezurra. Definizio oro baita zaila. Irrelebanteenak ere. Politikoak baitira, zentzuaren borrokan bizi dira esanahiak, horregatik aulkia ez da lau hanka dituen objektu hori, hiru izan baititzake, bi edo bakarra. Behar duguna definizio estrategikok dira, zintzotasuna bezala, bestela hutsala bilakatzen da, gaizkia balitz bezala. Hori da Azurmendik modernitateari egiten dion kritiketako bat. Araztasunez janztea bere hezur inperialak. Ongia bakearekin nahastea eta bakea ordenarekin, ordena propietate pribatuarekin eta propietatea askatasunarekin. Zintzotasun estrategikoa, zintzotasun intelektuala ere izendatua, ez da definizio batekiko leialtasun betierekoan jausten, definizioek efektiboak izan behar dutelako haien lana egiteko, toki eta garai zehatz bat behar dute, lurreratuak izan behar dira: ‘lurraldetuak’ esango genuke primitibook; ‘posizionatuak’ edo ‘kokatuak’ esango lukete feministek, ‘historikoak’, klasikoek. Lurraldea osatzen duten botere erlazioetan haragitzen baita hitzen hezurdura, euskaldunak bezala, bizitza bezala, eta bizitzak ezagutzaren aldeko jarrera etiko eta politikoa eskatzen du, hori da zintzotasun intelektuala, Azurmendik hamarkadaz hamarkada garatu duena. Kritikarako eta autokritikarako gai den gizaberetxoa, munduan gertatzen diren gauzekin minduta sentitzeko gai den animalia semiotikoa. Bidegabekeriak sortzen duen min hori baita aldaketa politikorako akuilurik indartsuena, mina eta nahimena. Bai, ni ere, Joxe bezala, Nietzschetik nator, Spinozatik, Marx, Mari eta Zeus hiltzailetik. Azurmendi eta bioi garai historiko antzekoa bizitzea tokatu zaigu, modernitateak modernitatea irensten duenekoa; euskara debekatuta zuten, baina espainolak ez ziren kastellanoparlante batzuek euskaldun hezi nindutenekoa, eta horiek euskaldun hazi baina kastellanoparlante hil ziren amona-aitonek munduratutakoak, espainol batzuek tarteko, haiek bai espainol, ez kastellanoparlante. Zein izango ote da diferentzia? Armak. Ziur aski, armak. Eta estatua. Eskuarki estatua. Akaso ilustrazioa. Joxek ere ez du kapitalismoa sostengatzen duen ilustrazio supremazista maite, baina espainolak eta frantsesak izan direlako tradizionalki unibertsalak, edo euskaldunak unibertsaltasunera ailegatu ezin diren izaki erdi egosiak bilakatu zirelako, alegia, emakumeak? Eztabaidak jarraitzen du. Unibertsaltasuna lehertu edo unibertsaltasunean infiltratu. Guk argi dugu. Baina gu ez gara modernoak, euskaldunak gara. Ironiarik gabe bizitzak ez du merezi eta etsairik ez baduzu, ez zara fidatzekoa. Etsai gutxi baldin badituzu baina boteretsuak, orduan elitearen parte zara. Botererik gabeko etsai asko baldin badituzu, orduan estrategiarik gabeko izakia zara, eta etsai ugari badituzu botere anitz eta sakabanatuekin, orduan? Galderari ematen diozun erantzunak historiaren alde batean edo bestean kokatuko zaitu. Gogoan dut unibertsitateko sailak, zer esanik ez filosofiakoa, bitan banatzen zirenean, etakideak eta espainolak (edo euskaldunak eta espainolak?). Eta infiltratuak? Nola aldatu diren gauzak hamar urte eskasetan. Arerioak eta etsaiak biderkatu zaizkigu, horrexegatik biderkatu behar dira irakurketak, eta halaxe iristen gara Azurmendi eta bion arteko hirugarren enkontrura. Egiatan, Azurmendiren dizipuluekin izango da enkontrua, haiek izan baitira haren pentsamendua euskal feministekin elkarrizketan garatu dutenak, eta Azurmendiren zintzotasun intelektualari jarraikiz, horrela erantzun zuen horietako batek, Mikel Urdangarinek, Joxe Azurmendiren eta euskal pentsamenduaren inguruko bere tesi defentsan: nola kenduko dut feminismoaz ari den tesiaren bigarren parte osoa, euskal pentsamendua feminismotik egiten bada? Ai modernitatea, espainolak euskara ikasi zuenekoa. EUSKALDUNAK ETA ESPAINOLAK (1992) «Euskaldun eta espainol artean problema asko sortu da. Konprenigarri da. Tontoen elkartasunak hain jende inteligentearekin derrigor zaila izan behar. Inzibilizatu batzuk jende zibilizatuekin batera bizitzen jartzen badira, zibilizatuek bizimodu zaila dute, ezinbestezkoak dira konfliktoak. Makina bat sofriarazi diegu, horratio, espainolei! Konprenitzen da, noizean behin beren onetik aterarazi baditugu eta, pazientzia galdurik, gogortxo tratatu bagaituzte.Horrelakorik berriz ebitatzeko, oinarri berri-berrien gainean antolatu behar dira espainol eta euskaldun arteko harremanak. Sánchez Albornozek argitu dizkigu oinarriok, eta oinarriok aseguratuko dute gure elkartasun demokratikoa. Hona oinarri demokratiko eta zibilizatuok:Bat: Euskaldunak no son más que unos españoles sin romanizar.Bi: Euskaldunak son gentes rudas, sencillas, queademás se creen hijos de Dios.Hiru: Los vascos... tienen mil años de civilización menos que cualquier otro pueblo.Lau: A pagar impuestos.Politiko eta politika tipo zeharo berri honekin, azkenean bukatu dira euskaldunon zorigaitzak.Biba demokrazia!»