05 JUL. 2025 - 00:00h Euskal Herriarekin konprometitutako pentsalaria Ur-jauzia pixkanaka ari da bere bidea egiten. Argazkian Azurmendiren pentsamendua zabalduz Jakin-ek Tolosan egindako murala. (IKOR KOTX) Iñaki Zabaleta Gorrotxategi, EHU - Joxe Azurmendi Katedrako zuzendaria Jakin berri dugu Joxe Azurmendi ez dagoela jada gure artean. Alde batetik pena sentitzen dugu halako iparrorratz eta bidelagun bat galdu dugulako; baina beste aldetik poza ere sentitzen dugu bera ezagutzeko eta berarekin lan egiteko aukera izan dugulako. Zalantzarik gabe esan dezakegu pentsalari emankorra eta oparoa izan dela: horren lekuko dira utzi dizkigun 40 liburuak eta 600 artikuluak. Ez da hitz egiteko modu bat bakarrik: bere irakurleak garenok beti joan izan gara bere atzetik, alegia, bera harrapatu ezinik. Baina garrantzitsuena ez da kantitatea, baizik eta kalitatea. Berak ez du bakarrik asko idatzi, baizik eta ondo eta sakon ere. Bere obra, beraren edukiari begiratuz gero, nazioarte mailakoa da; bestela esanda, puntako pentsalari onenen parekoa. Horregatik guztiagatik sortu genuen 2019an Joxe Azurmendi Katedra, non bat egiten duten Euskal Herriko Unibertsitateak, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Jakin Fundazioak. Berak utzitakoa altxor bat da eta, egiaz, baliotsuegia da lurrazpian uzteko. Zerbaitek ezaugarritu badu Joxe, bai bere bizitzan bai bere lanean, Euskal Herriarekiko bere konpromisoa da. Lan egiteko bizi izan da eta bizitzeko lan egin du, inolako arazorik edo tentsiorik gabe, oroz gain bere Euskal Herria maite zuelako. Gaitasunak sobera zituen dominak eta medailak irabazteko, baina berak formari baino gehiago begiratu dio funtsari. Eta hortik datorkigu bere mezu garrantzitsu bat: euskal kontuak direla-eta, egiaz, erabakigarria ez da itxura egitea, baizik eta mamia lantzea. Horregatik idatzi du Joxek ia dena euskaraz, preseski, euskara ez dugulako ingelesez salbatuko, ezta espainieraz edo frantsesez ere. Eta horrek prezio bat izan du, baina berak gustura ordaindu du hori, hain zuzen, koherentzia ezer baino gehiago baloratzen zuelako. Berea euskararekiko konpromisoa izan da, hobe, euskararen herriarekiko konpromisoa: hizkuntza ez da ezer hiztunik gabe, euskara ez da ezer euskaldunik gabe. Horregatik hitz egin dezake euskaldunon eskubide moralez, hots, gure eskubide linguistikoez. Joxek gauza bat erakutsi digu, hots, gure txikitasunean ere gure duintasuna landu behar dugula. Inork ez ditu gure etxeko lanak egingo eta, horretan, norberaren zilborrari baino gehiago taldeari berari begiratu behar diogu. Talde kontzientzia eta talde ekintzarik gabe ez dago ezer! Joxe bera taldeko gizona izan da, zehazki eta bereziki, Jakin historikoaren taldekidea: gogora ditzagun J.M. Torrealdai, J. Intxausti eta P. Agirrebalzategi. Baita Txillardegi eta P. Iztueta ere. Horiek denak, eta beste batzuk, 56ko belaunaldiarekin lotzen ditugu. Modu batean edo bestean, eta gogoratu diktadura frankistaren erdian zeudela, horiek denak bat etorri ziren zerbaitetan: euskal hizkuntza, euskal kultura edota euskal pentsamendua landu behar dira, bai edo bai, baldin eta Euskal Herriak etorkizuna izango badu herri bezala. Eta horretan guztian Joxek aparteko ekarpena egin du, besteak beste, garai bateko euskal idazleak aztertuz eta horiek Europako beste idazleekin erkatuz. Horrela lagundu digu ulertzen zer garen eta nor garen, eta horrekin batera baita nora joan behar dugun irudikatzen ere. Baina berak ez du inoiz salbatzaile baten papera hartu, hori bai, gauzak garbi izan ditu eta garbi adierazi izan ditu: apaltasunez, baina konplexurik gabe. Eta horregatik izan da beti erraza berarekin lan egitea: gainetik zegoen, baina ez zen gainean jartzen. Joxeren hitzak dira: «Sinesten dut ur-jauzi sisteman». Inork ez du kulparik bestea baino tontoagoa delako, inork ez du meriturik bestea baino azkarragoa delako. Baina inor ez dago sobera: kontua da gutako bakoitza prest egotea bere “ur tanta” eskaintzeko. Bada, esandakoaren segidan ulertu behar da aipatutako Joxe Azurmendi Katedra, zeinak bere pentsamendua ikertzeko, ustiatzeko eta transmititzeko helburua duen. Kontua ez da, beraz, bere obra mirestea edo gurtzea, baizik eta hori lantzea eta garatzea. Bestelako hitzez esan dezakegu, eta Joxe ados legoke, bere obra erabili egin behar dugula, baita zikindu ere, helburua ez baita gure burua kritikoki indartzea baino. Bere liburuak eta bere artikuluak ez dira ukiezinak: gure osaketarako tresnak edo bitartekoak dira. Nahikoa da bere testu bat hartzea ideia interesgarri bat topatzeko, eta hori berrirakurtzea berriro zentzu berriak aurkitzeko. Bere obra ez da aspaldiko erlikia bat, inondik inora, baizik eta zuzenean eta espresuki aurrera begira dagoen pentsamendu garaikidea. Horregatik onartu zuen Joxe Azurmendik gure katedrari bere izena jartzea: garrantzitsuena ez da bere figura, baizik eta berak eman eta utzi digun lekukotza. Berari egin diezaiokegun omenaldirik onena Euskal Herriarekin konprometitzen jarraitzea da. Goian bego! LOREA AGIRREREKIN SOLASALDIA (2016) «Nik sinesten dut ur-jauzi sisteman. Hau da, norbaitek irakurriko nau eta haren burua martxan jarriko da. Ez dut esan nahi nik irakatsi diodala, ez. Norbaitekin hizketan ari garenean, edo norbaiten kontra idazten ari garenean, edo erreferentzia pertsonal bat daukagunean, kasik beti gure ideiak etortzen dira. Alegia, nire ideiak ez dira nireak. Ez dira propietate bat. Baina nire ideiak norbaitek irakurtzen ditu, eta bere ideiak martxan jartzen dira. Horrek ez du beste saiakera bat idatziko, baizik nobela bat idatziko du. Orduan, ideia hauek ur-jauzi modura iritsi egiten dira iritsi behar duten tokira. Hau da nire esperantza behintzat. Eta saiakera idaztearen justifikazioa edo.»