GAUR8

Utopia ezkerreko abertzaletasun aurrerakoia dela zioen filosofoa hil da

Joxe Azurmendi 2014an, Donostiako Elkar aretoan, "Historia, arraza, nazioa" liburuaren aurkezpenean. (Gorka RUBIO | FOKU)

Halako transzendentzia batek hartzen gaitu heriotzaren berri izandakoan. Lizentzia batzuk ematen dizkiogu geure buruari, eta zendu denaren bizitzaz-jardunaz aritzen gara denbora batez, errutinari pausa emanda, aitortza publikoak dolua egiten lagunduko digun esperoan edo. Ez da boutade bat hori, errituak gaurkotzen asmatu ezinik gabiltzan honetan. Libertatezko mito pixka bat aldarrikatzen zuen filosofoa hil zaigu; zilegi bekigu dolu errituei izaera zibildun esangura berpiztea. Zilegi bekigu mito pixka bat sortzea, libertatez.

Eguneroko errutinari pausa eman eta bizipenetan atzera eginez, ez naiz ni Joxerekin harreman pertsonal handirik izandakoa, eta hala ere pertsonaletik zerbait baduen gertutasun batek nakar gaur hona: herri-komunitate gisa nor egin gaituen pentsalaria izan da Azurmendi - nor pentsatu gaituena. Berak bakarrik ez, baina berak ere bai. Komunitate horren parte garen neurrian, gutaz aritu da, baita Goethez, Weilez zein Marcusez ari zenetan ere. Eta, gutaz aritu den neurrian, haritxo batek lotu gaitu.

Bizipenetan atzera eginez, orduan, harreman pertsonalak baino Azurmendiren testuen irakurketak etortzen zaizkit gogora, eta irakurritakoetatik pentsatutakoak, eta momentuan ez baina gerora ulertzen hasitakoak, eta ulertu-uste horietatik sortutako pentsamendu-hari berriak, eta matazak, eta korapiloak, eta nahaste-borraste horretan hariaren puntara itzulita pentsamendua ordenatzen pasatako denborak etortzen zaizkit gogora.

Han edo hemen esan dugu inoiz, Azurmendiri zer ikasi diogun galdetu izan digutenean, pentsatzeko modu bat eskaintzen digula Azurmendiren obrak. Alegia, ez soilik edukia, bere abstraktuan; baizik eduki situatua. Hala, Azurmendik erakutsi digu filosofia ez dela zerbait objektiboki unibertsala, eta batzuetan teoria filosofikoak adinako garrantzia duela teoria (edo teorialaria) inguratzen duen horrek guztiak. Merezi du zerbait testuei dedikatutako denborak.

Izan ere, zabala da Azurmendiren bibliografia eta askotarikoak izan dira landu dituen gaiak. Horietatik ez gutxi zeharka landu ditu. Ikerlaneko protagonista izan gabe lanez lan errepikatzen den bigarren mailako pertsonaia ezagun bihurtu ditu hainbat gai. Pertsonaia errepikatu eta lotsati horietako bat izan da utopiarena. Ez dio beren-beregi libururik eskaini (artikuluren bat edo beste salbuesten badugu, bederen), baina han-hemenka agertu ditu utopiaren gaineko errezeloak eta desirak.

Adibidez, Azurmendiren lanetan konstante bat joera unibertsalizatzaileen kontrako jarrera izan da, eta desiragarri zitzaion etorkizunari dagokionez ere halatsu posizionatu izan da: utopia unibertsalisten okerraz mintzatu da. Euskal Herriaren askatasunaz eta ezkerreko abertzaletasunaz ari zelarik ere, azti ibili izan da erantzun bakar eta erabatekoak emateko tentazioari iskin egiten - “ez daukagu etorkizuna izaki perfektuentzat pentsatu beharrik. Ezta munduari soluzio definitibo unibertsalik zertan bilatu ere”, dio aipuak. Ez du Espainiaren, Europaren, munduaren, salbaziorik nahi, “errepublika unibertsalera eta betiko bakera” ez du aspiratzen; bai, ordea, herri libre batera, perfektua izateko aspiraziorik gabe askatasuna askatasunez probatu nahi duena. Iraultza partikular bat, ez munduaren salbazio unibertsalik. Euskal Herri libre bat, ez euskal utopia perfekturik.

Utopia azurmenditarrak ez du, ez, Tomas Mororenarekin zerikusi handirik. Azurmendiren lanean, utopia ez da literatura, historiaren motorra da (ikus “Beltzak, juduak eta beste euskaldun batzuk”). Utopia azurmenditarrak ez du humanismo nonahikorakoaren pretentsiorik, herri egiten gaituen komunitate imajinatua da (ikus “Oraingo gazte eroak”). Utopia ez da baserri-giroko tradizio galduaren gorazarrea, ezkerreko abertzaletasun aurrerakoia da (ikus “Ezkerra eta etorkizunaren utopia II”). Garaiko espiritua dago Azurmendiren utopiaren atzean, inondik ere: Frankismoaren aurkako erresistentzia borrokak eta herri-komunitate libre baten askatasun gosea.

Gogoan hartzekoa da; izan ere, 1970eko hamarkadan idatzi zituen utopiari buruzko hausnarketa gehienak Azurmendik; ez gaur. Orduko testuinguruan eta belaunalditik hartzen dute zentzu osoa, beraz. Gaurkotik, ez hainbeste. Gaur utopiak ez du erresistentzia oihartzunik ekartzen. Baina libertatezko mito pixka bat aldarrikatzen zuen filosofoa hil zaigu - zilegi bekigu utopia mitifikatu hau, mundua gure aurrean zabalik dago oraindik eta.

 


GIZABEREAREN BAKEAK ETA GERRAK (1991)

«Guk ez bait dugu eskatzen gauza haundirik. Libre izan bakarrik. Guk ez dugu mundu edo ilargi arras berriren batera aspiratzen. Munduaren azkeneko iraultza egitera. Errepublika unibertsalera eta betiko bakera. Gizadia salbatzera. Kia. Oso iraultza apal bat nahi dugu. Geuretzako iraultzatxo bat, herri txiki batean. Eta txikian, doktrinarismo gabe, zentzu apur batekin, haundian ezinezko esperientziak eta esperimentuak egin litezke, esperimentu bakoitzean milioien bizitzak arriskatzeke. Geure askatasuna probatu. Geure berdintasuna, justizia, sozialismoa. Probatu, aldatu, okerrak zuzendu, berriro probatu.

(...) Estatu haundietan ezin den mila saio sozial proba genezake guk, askatasunean, justizian, lanaren organizazioan, begiratasun poliziakoan, garraioetan, heredentzia eta jabego kapituluetan, urbanismoan, edozertan. Horixe bakarrik nahi dugu. Geure eredua, geuretzat.

(...) Bakarrik, esperimentu horiek egiteko, libre izan behar, lehenengo. Gure libertate txikiarekin. Horretarako, asmo batzuk eta ideia batzuk helburu, bai, behar ditugu: zer behar genituzke, ordea, Inperio alemanean edo errusiarrean ideaturiko teoria haundi perfektuak eta munduaren soluzioa izateko asmatu ziren ideologia unibertsal borobil-borobilak? Geure miseriekin, pertsona libreak izan, pertsonalki ere, horixe dugu beharrena. Zu, ni, beste laguna, ez dugu oso perfektuak ematen, inguruotako hankabikook. Ez gara zaldunak. Egunero ikusten dugu batak bestea, zertxo garen. Halakoxea daukagu hemen historia ere atzean. Geroaldia, ba, geuretzako tamainan egitea nahikoa dugu: Ez daukagu etorkizuna izaki perfektuentzat pentsatu beharrik. Ezta munduari soluzio definitibo unibertsalik zertan bilatu ere: tokian tokikoa beste soluzio eredurik inon ez dago-ta munduarentzat. Gu pixka bat libreago izanez, mundua bera pixka bat libreago izanen da.»