12 JUL. 2025 - 00:00h Mimoak uretan, kondoiak zeruan eta lurrean, sastrakak (ZPAS | SENSATHLON) Nerea Sancho Esnaola Sexologian eta bikote harremanetan espezializatutako psikoterapeuta Portzelanazko loreontzi txinatar bat garraiatzea bezalakoa da sexologoarentzat. Delikatua. Bikote harreman hasi berri batean, zailtasun sexualak gainditzeko sexologoarengana joatea ohikoa al da? Ohikoa, ez. Kuriosoa, bai. Oso delikatua ere bai. Baina oso-oso eraginkorra. Bizikletan zerotik ibiltzen ikastea bezalakoa, nolabait. Aurrekari partekaturik gabe, harremanaren alde eginez, bakoitza bere zaurgarritasunetik, inork ez baitaki harremanak aurrera egingo duen ala ez… Baina merezi du! Hasierako inozentzia ere hor dago. Nik lauzpabost urterekin uste nuen txisteak asmatzen zituen jainkoren bat zegoela eta bizitzaren helburua, hortaz, barre egitea zela. Zeren eta, bestela... zein zen existentziaren zentzua? Bikote hasiberri batean, sarri aurreko harremanetako minekin kargatzen da. Hori bai. Jada argi dut garunak ez duela DESIKASTEN... Bide, jarrera eta min zaharrak elikatzen ez ditugunean, bide horiek sastrakaz betetzen dira eta erabiltzeari uzten diogu. Bidezidor berrietan, ideia, aukera, bikotekide eta modu berrietatik igaroz, aukera berriak zabaltzen doaz. Eta hori da kontu guztia. Sexologian ere bai. Sexologian ideologia dago martxan. Ideien logikak gidatzen gaitu. Ideia egokiak aukeratu behar dira! Elkarren hankak ikusteko garaia iritsi da, umeak zaintzeko goi-denboraldia. Eta etxetik kuleroetan ibiltzekoa. Nire paziente distiratsu batek erabaki du etxean ere polit ibiltzen hasiko direla. Zer da arropa txatxuena janzteko ohitura trakets hori? Export-Import. Ideiak zabaldu. Gure seme batek Nesquik-arekin kamixeta zikindu eta “Edizio Limitatua” zela baieztatu zuen pozik! Denok dakigu ondo jantzita goazela ez dugunean kezkatu behar soinean dugunaz. Hori da sistema. Etxerako balio du arau horrek, hotelerako, lagunarteko gau girorako, herriko festetarako edo mendi irteera egiteko. Seguru sentitzea sexy da betidanik. Bainujantzi garai honetan ikusi dut igerilekuetan jendearen alde mainoso eta maitekorra ateratzen dela. Jostalaria. Adin biologikoa zirriborratzen da uretan hanka sartu eta berehalaxe. Zer gauza ederra!!! Ahal baduzu, joan piszinara bikotekidearekin besarkatua egotera, seme-alabekin plisti-plasta egitera edo lagunekin A-E-I-O-U-n jolastera! Udarako klasiko bat botako dut oraintxe. Itsasoa eta kondoiak. Kondoiak eta hegazkinak. Kondoiak beharrezkoak dira? Batzuetan, bai. Ondo pasatzeko balio dute, kezkaturik ez egoteko, buruko minak eta liskarrak ekiditeko. Itsasoan sarketa egin nahi duzu kezkarik izan gabe? Kondoi enpresek argi dute: uretan kondoiak, berez, eraginkorrak dira, baldin eta ura sartzen ez bada barrura. Argiago izateko: kondoia jartzekotan, uretan sartu baino lehen prest egon beharko luke. Eta zakila tente, aldi oroz, urik ez sartzeko. Hori ez da hain erraza, inor ez da superman. Bestetik, itsasoko uraren kalitateak materialean eragin dezake, eta ezin da zehatz-mehatz jakin. Igerilekuetan, berdin. Kloroa, badakigu. Ni ez nintzateke arriskatuko eta sarketa ez diren beste gauza batzuk datozkit burura, uretan pozik ibiltzeko. Hegazkina hartu behar duzula eta planez betetako kondoiak non eraman? Fakturatuta, ez. Bodegan, ez. Tenperatura aldaketa oso-oso handiak ematen direlako... Zeruan hotz handia egiten du! Eta lurreratzean bero latza egin dezake. Beraz, eskuko poltsan eraman behar dira. Eskanerrak ez ditu urratuko. Lotsa... sastrakatu. Hori, esan beharreko guztia. Tira, azken gauza bat. Udako intentsitate honetan, gogoratu: ile-apaindegiz aldatzea oso arriskutsua da. Baina ez bazaitu kezkatzen ile zoroekin ibiltzeak... autoan, aire girotua jarri ordez, jarri aire gidatua! 80ko hamarkadan bezala, leihoak jaitsita entretenigarriagoa da! •