19 JUL. 2025 - 00:00h Baleen ondoan bidaiatzearen xarma bizitzeko parada Este navegador no soporta el elemento video. Nerea Goti Baleen ondoan bidaiatzeko xarma gozatzea «bizitzan behin behintzat egin beharreko» zerbait da, Aitor Leizaren esanetan. Gidaria da bera Verballenas enpresak antolatzen dituen irteeretan, Santurtzi eta Bermeoko portuetatik abiatuta. Leizarekin eta Gorka Ocio proiektuko arduradunarekin hitz egin du GAUR8k, etxe ondoan dugun esperientzia hori gozatzeko parada horretara gerturatzeko. Zetazeoen begiztatzeak egiteko irteera horiek animalien ondoan egiten dira, itsas faunarekiko protokoloak betez eta bestelako ingurumen edukiak landuz, plastiko handiak ere erretiratzen baitituzte. Orokorrean bidaia ahaztezin bat marrazten duten kontakizunak bildu ditugu irteera horien lema gidatzen dutenen mezuetan. «Balea espezie batzuk txibiez eta marmokez elikatzen dira, asko hurbiltzen dira plastikoetara, jaten dituzte eta hil egiten dira, horregatik egiten dugu plastikoak kentzeko kanpaina», zehaztu du Leizak. Kostaldeko etxeak ezabatzen diren puntu horretan, itsasoaren handitasunean, zer txikiak garen jabetzeko esperientzia hori ere bada berezia -dioenez-, eta hori egin bitartean, zetazeoen eta hegaztien mundu bitxi horren ikusle pribilegiatua bilakatzen da bidaiaria. Baleen denboraldian gaude orain, baina urrian eta azaroan zehar, itsas hegaztien behaketa gehitzen da eskaintzara, sei orduko irteeretan. Hegaztiak erakartzen dituzte, eta aparteko esperientzia dela diote, batez ere itsas hegaztien zaletuentzako, baina baita argazkigintza gustuko dutenentzako ere. Zortzi ordu inguru irauten dute udako irteera hauek, itsaso barrenean 20 itsas miliatara (kostaldetik 36 kilometro inguru) helduz. Ociok nabarmendu duenez, «Europako ur aberatsenetako batean gaude, zetazeoen behaketari dagokionez». Capbretongo hobiaren ingurua espezie handienak behatzeko gunea da, azpimarratu dute Verballenasetik. «Izurdeen hiru espezie ikus ditzakegu: izurde arrunta, mularra eta marraduna; eta baleak: mistizetoak edo bale bizardunak, iragazle handiak. Hemen, zere arrunta da ikusten errazena, munduko bigarren handiena. 20-22 metroko luzera du, eta handiena den balea urdina ere ikus dezakegu, 30 metro luze izatera hel daitekeena», azaldu du Ociok. Bidaia horietan hain ezagunak ez diren baina jarraitu behar diren protokoloak aipatu ditu Leizak: «Patroiaren eremuaren gainean dagoen balkoitxo batean joaten dira nire kide batzuk urrutira begira, baleak eta izurdeak non dauden begiratzen. Denbora osoan komunikatzen dira patroiarekin walkie-talkie baten bidez; goikoak ikusten duenaren arabera, patroiari abisatzen dio norabide egokia har dezan. Norabide egokia hartuta, protokoloak esaten duen modura gerturatzen gara, gutxienez 40 metro utzita, ezin gara gehiago hurbildu eta paraleloan nabigatu behar dugu, ezin dugu animaliaren bidea oztopatu. Beraiek gerturatu nahi badute, beraiek gerturatzen dira». Baleen ondoan ordu asko egiten dituena ale zehatz bat ezagutu eta ezberdintzera heltzen da. Hain justu, Eukene izeneko balea urdin bat da ezagun duten horietako bat. «2016an ikusi genuen lehen aldiz, eta 2021ean bigarren aldiz», kontatu du Ociok, eta animaliak nola desberdintzen dituzten galdetuta, azaldu du baleek hatz-aztarnaren moduko zerroduna dutela: «Urte ezberdinetako argazkiak konparatuz ikusi genuen balea bera zela, eta zere arruntetan, argazki bidezko identifikazioak informazio gehiago ematen du, hegalak duen forma, dituen hozkak...». Ez da erraza aleen jarraipena egitea; mistizetoen artean (balea bizardunak) 18-20 balea ikusi ditzute. urte ezberdinetan, eta horiek «gurekin datozen abenturazaleen izenak dituzte», dio. Irudian Gorka Ocio, Verballenaseko arduraduna. Oskar MATXIN EDESA | FOKU Kumea hil berri zitzaion balearen dolua Animalien behaketa horretan lortutako irudiak zientzia munduarentzako materiala ere badira. «Zientzialariek proiektua aurkezten badigute eta datuak eskatzen badizkigute, ez dugu inolako arazorik informazio hori partekatzeko. Izan ere, egin dugu dagoeneko Mediterraneoan zere arruntak aztertzen ari den jendearekin, eta CEMMA ur ugaztunen azterketan aritzen den koordinakunde galegoarekin ere bai. Artikulu zientifikoa ere egin du Verballenaseko taldeak irteera batean ausaz aurkitu zuten ikuskizun baten inguruan. Horren harira, gogoratu du «munduan egiten zen requiem baten behaketa» egin zutela. «Kume hil berria zeukan balea mokodun baten dolua zen, kumea altxatzen saiatzen zen arnasa har zezan, eta ez zen bere ondotik kentzen. Imajinatu zegoen giroa, erabateko isiltasuna oso une txarra pasatzen ari zen eme gajoari begira, argi ikusten baitzen zer txarto pasatzen ari zen. Aparteko unea zen eta gertaera hori dokumentatu genuen ahalik eta ondoen, ur azpian, gainean...», oroitu du Verballenaseko ordezkariak. Aitor Leiza, gidaria. Aritz LOIOLA | FOKU «Zetazeoen behaketan jardun dugun enpresok ezagutza zientifikoan lagun dezakegu, ordu asko ematen ditugulako itsasoan, itsas fauna behatzen, eta horrelako egoerak sortzen dira», komentatu du Ociok. Irteeraren aurreko egunean ordubeteko mintegia egiten dute Santurtziko Arrantzaleen Kofradian, fauna zelan detektatu, animaliak zein diren eta bidaia nolakoa den azaldu eta esperientziari ahalik eta probetxu gehien ateratzeko. Ingurumen-hezkuntza izaten da solasaldi horren zati bat, batez ere plastikoen kenketarekin lotua. «Ezin ditugu guztiak kendu, bestela horretan joango litzaiguke irteera», baina kontzientzia lantzea eta ahal den neurrian animalien heriotzak saihestea da asmoa. Izan ere, denboraldia bukatzen denean, duen karbono aztarna ezabatzea da proiektuak bere buruari jarri dion zereginetako bat. Bidaietan kontsumitutako erregai tonak kontuan hartuta, bihurketa matematiko baten bidez eragindako karbono aztarna ezabatzeko landatu beharreko arbolak kalkulatzen dituzte. Bidaiariei ariketa horretan parte hartzea planteatzen zaie, eta Lurgaia fundazioaren bidez landaketa egiten dute; «Ez da lantaldea bakarrik joaten, 60-70 lagun izaten baititugu ondoan. Beraz, ehun arbola inguru landatu beharrean, 500 eta 600 landatzera hel gaitezke, Urdaibaiko Biosferaren Erreserban egiten direnak», kontatu du Ociok. Itsasoratzeko beldurren bat izan dezakeenarentzat, itsasontzia erosoa, egonkorra eta oso segurua dela azpimarratu dute Verballenasetik. Egokituta dago, gainera, eskuzko gurpil-aulkiak eramateko, eta 86 lagun eserita garraiatzeko edukiera badu ere, 60 lagun inguru eraman ohi ditu, «erosoago joan daitezen eta barandetatik ikusteko leku zabalago bat izan dezaten». Azken ohartarazpen bat, antolatzaileen esku ez dauden tenporalak badaude, ez dira itsasoratzen, «barkua segurua izan arren ez baita esperientzia ona eta, gainera, gerta daiteke ezer ez ikustea». Kasu horietan dirua itzultzen da, edo bidaiaren data aldatzeko aukera eskaintzen. Haurren kasuan, hamar urtekoak dira parte har dezaketen txikienak, zortzi urtekoak ere onartu dituzte, baina oso lasaiak badira eta itsas animaliekiko pasioa badute, «bidaia luzeegia baita ume txikientzat». Uztailean beterik daude irteerak, leku batzuk daude abuztukoetan, eta itxaron zerrendan izena emateko aukera dago. Interneten, aurre-nabigazioa egin nahi izatekotan: Verballenas.com. •