26 JUL. 2025 - 00:00h «Hic sunt dracones» Oier Imaz “Hic sunt dracones” esapideaz markatzen omen zituzten antzinako mapetan esploratu gabeko itsasaldeak. Modu horretan, leku ezezagunetan gordetzen ziren arriskuen berri zuten nabigatzaileek. Dragoi batekin agertzen omen ziren, kartografia zaharretan, Ternua inguratzen duten urak. Baina, Selma Huxley (1927-2020) historialariak aurkitu zuen moduan, badakigu dragoien artean ibiliak garela euskaldunak Ternuako uretan, dakigula, XVI. mendetik aurrera behintzat. Ternuako uretan dago St. Pierre et Miquelon artxipelagoa. Nagusiki, hiru irlek osatzen dute: St. Pierre, Miquelon eta Langlade. Itsaso atlantikora begira dago eta parean ditu, alde batean, Ternua eta Labrador probintzia eta, beste aldean, Eskozia Berria. Administratiboki Frantzia Berriaren azken arrastoa da Ipar Amerikan; estatus bereziko kolektibitatea, itsasoaz haragoko lurraldeetan. Hitz egiten da Frantziako frantsesa, ez Quebecekoa. Euroa baliatzen dute eta baditu prefetura, Caisse d’Epargneko bulegoak (bi) eta aireportu eta guzti. Nahiz eta oso txikia den. Berez, St. Pierre da hiru irletan txikiena: 4x7 kilometro gutxi gorabehera, 26 kilometro karratu, orotara. Baina, bertan bizi dira artxipelagoko 5.571 biztanleen %90. Egun, Frantziako estatuak sostengatzen du ekonomikoki, baina herrira iritsi bezain laster agerikoa da garai batean portuak bertan izandako garrantzia. Itsasoa izan da historikoki irlaren bizitza ekonomikoaren ardatza. Momentu loriatsuak izan zituen XX. mende hasieran, &esc;&esc;&esc;&esc;(alkoholaren) “debekua”ren urteetan Ameriketako Estatu Batuetan eta Kanadan. Oraindik ikus daiteke portuan rona, whiskia eta xanpaina gordetzeko baliatzen zuten St. Pierre Slips and Stores (SPSS) enpresaren biltegia. XX. mende erdialdean, aldiz, bakailaoaren arrantza zen aktibitate nagusia. Han ibili ziren nire aitona Joxe Miel (‘Ezkailu’) eta osaba Jose Antonio, beste hainbat euskaldun bezala. Eta arrantzaleen inguruan ekosistema oso bat, leku eta pertsonez osatua. St. Pierre barkuak konpondu eta hornitzeko baliatzen zen portua zen eta egonaldia baliatzen zuten arrantzaleek elkartu eta deskantsua hartzeko. Elizaren parean aurki daiteke, adibidez, Stella Maris. Finean, taberna bat. Baina bertakoen kontakizunean behintzat, arrantzaren inguruan eraikitako ekosistemaren bihotza. Ondoan zegoen Bar Alicia; gaur egun, Chez Txetxo. Tabernan sartu eta atean ikusi daiteke Pasaian berreraikitzen ari diren Nao San Juan barkuaren irudia. Pixka bat aurrerago, Zazpiak Bat frontoia, baita trinketa ere. Bertan zabaldu zuten 2017an Euskal Etxea. Eta itsasargira bidea eginez gero, bertan gordetzen du Balmoruak elkarteak “Indianoak” traineruaren erreplika. 2018an ureratu zuten lehen aldiz, garai hartan euskal arrantzaleek egiten zuten ibilbidea berregiteko. Pertsonen artean, bestalde, badira etengabe errepikatzen diren izenak. ‘El padre Javier’, Xabier Sanchez Erauskin, adibidez. Gerora kazetaria eta, oro har, pertsona konprometitua. “Egin” egunkariko Gasteizko lehen delegazio-burua eta iritzi delitu bategatik kondenatua izan zen lehen kazetaria. Joxe Felix Azurmendik “Un rebelde con causa” liburuan kontatzen du Ternuara abiatu zela Okinatik Monte Artadi barkuan 1963an. St. Pierren zortzi urte egin zituen. Bertan, Stella Maris “kluba” martxan jarri zuen eta arrantzaleen bidelagun izan zen; interprete, erizain, abokatu laboralista edo irratiko esatari. Berekin ibili ziren lanean nire izeba Marisol eta osaba Joseba. Harekin batera, askok Alarcos medikua eta Margarita Olazabal erizaina aipatzen dituzte. “Hemen dragoiak daude” izenburua jarri zion Mikel Otxoteko artista donostiarrak San Telmo Museoan 2024an aurkeztu zuen erakusketari. Margarita Olazabal erizainak, bere amak, eta Xabier Erauskinek 70eko hamarkadan St. Pierren hartutako irudiak ditu ardatz eta motibo. Abiapuntua pertsonala da, hortaz. Baina, irudiak bilduz, landuz, zainduz, garai baten (eta haren amaieraren) kronika egin eta hausnarketarako gonbita luzatu nahi izan du artistak: «Quería saber qué paso con ellos cuando les dimos la espalda y cuando su principal recurso económico, el bacalao, desaparece». Irudiak aurkeztera hurbildu zen irlara urte pare bat lehenago. Bazen, finean, jasotakoa bueltan emateko modu bat: «Ces images vous appartiennent plus à vous qu'à moi. Elles ont été tournées ici et elles montrent une partie de la réalité, du passé. Un épisode fondamental de votre histoire». Herri batek ezin baitu bere historiari bizkarra emanez idatzi bere etorkizuna eta gurearen parte garrantzitsu bat han da, irla txiki batean, dragoi artean. •