02 AGO. 2025 - 05:22h 85 hildako utzi zituen ultraeskuinaren atentatuak Bolonian, gaur dela 45 urte 1980ko abuztuaren 2an eskuin muturreko talde batek lehergailua jarri zuen Boloniako tren geltokian, eta 85 hildako eta 200 zauritu eragin zituen. Atentatuak utzitako sarraskia. (Beppe Briguglio, Patrizia Pulga, Medardo Pedrini, Marco Vaccari | WIKIPEDIA) GAUR8 1980ko abuztuaren 2an, leherketa bortitz batek astindu zuen Bolognako tren geltokia Italian. Bonba bat lehertu zen itxarongelan. Leherketa oso indartsua izan zen eta geltokiko zati handi bat suntsitu zuen. Egun hartan, geltokia turistaz eta oporrak hasten zituzten edo itzultzen ziren pertsonaz beteta zegoen. Anbulantziak zaurituak hiriko ospitaleetara eramateko nahikoak ez zirenez, autobusak eta taxiak ere erabili ziren. 85 pertsona hil eta 200 baino gehiago zauritu ziren. Hau izan zen Italiako historian izandako atentaturik larrienetakoa. Atentatua gertatu zen garaian, Italia krisi politiko eta sozial sakonean murgilduta zegoen. Lehen uneetan Francesco Cossigak zuzendutako Gobernuak eta poliziak istripua izan zela adierazi zuten arren, ondoren ardura Brigada Gorriei egotzi zieten. Baina gerora jakin zen atentatuaren arduraduna Nuclei Armati Rivoluzionari (NAR) eskuin muturreko talde neofaxista italiarra izan zela. Ekinbide judizial luzeen ondoren, 1995eko azaroaren 23an atentatuaren egileak bizi osorako zigortu zituzten: Valerio Fioravanti eta Francesca Mambro neofaxistak. Hainbat taldek, atentatu honen atzean Italiako estatuko aparatuek eta NATOko egiturek osatutako Gladio egitura sekretua zegoela salatzen zuten. Urtero omenaldia egiten da Boloniako tren geltokian.