26 AGO. 2025 - 09:30h 1918ko abuztuaren 26an jaio zen Eladia Altuna ‘Irura’ erraketista ezaguna Gaurko egunez jaio zen Iruran Eladia Altuna Balerdi erraketista. ‘Irura’ goitizenez ezaguna, 7.000 partidatik gora jokatu zituen kirolariak Euskal Herrian, eta Estatuko eta Amerikako frontoietan. Eladia Altunak 1968. urtean utzi zituen frontoiak. (Maitane AZURMENDI | WIKIPEDIA) GAUR8 Kirola era profesionalean praktikatu zuen lehen emakumetako bat izan zen Eladia Altuna Balerdi, eta ibilbide oparoa izan zuen 31 urtetan zehar, 7.000 partida baino gehiago jokatuz. Iruran jaio zen 1918ko abuztuaren 26an, eta jaioterriaren izena bera hartu zuen goitizen gisa. Ume guztien antzera herrian hasi zen jolasten Altuna, erraketa bat oparitu zioten arte. Madrilen egin zuen debuta Eladia Altuna gazte batek, 16 urterekin, eta bi urte beranduago Espainiako txapelduna izan zen. 1936an izan zen hori, 18 urterekin irten zen Espainiako txapeldun, baina urte horretan bertan hasi zen gerra, eta familiarekin erbesteratu zen Bartzelonan, lehenengo, eta Estatu frantsesean, beranduago. Altunaren biografiak dio, besteak beste, Madrilen, Bartzelonan, Salamancan eta Cuban jokatu zuela famatu egin zen ‘Irura’ ezizenarekin. Antza denez, erraketista bati eskainitako inoizko diru kopuru altuena eskaini zioten, eta hainbat eskaintza izan zituen Europara joateko, baina amak ez zuen gustuko hain urrun joatea.Ama hiltzean onartu zituen Amerikatik heldutako hainbat proposamen, horien artean Habana-Madrid frontoian jokatutako partida esanguratsua. 1922an jokatu zen frontoi horren inaugurazio ekitaldian eta jaialdi horretan 17 emakume erraketista ageri diren irudia oso ezaguna egin da gerora.