30 AGO. 2025 - 00:00h MARIAM, MOHAMMAD, HUSSAM... JAVIER GUILLEN (Omar ASHTAWY | EUROPA PRESS) Ainara Lertxundi «Salaketa aurkeztuko dugu, ezin dugu gertatutakoa baimendu. Bortizkeriaz aldarrikatzen bada, kausa justua izateari uzten dio. Ekintza bortitza izan da. Pertsona batzuek lasterketa boikotatu nahi izan dute Israeli bidea galaraziz. Ez da kalterik izan, baina izan zitekeen». Hala mintzatu zen, asteazkenean, Espainiako Vueltako zuzendari Javier Guillen Figueresen, bosgarren etapan, taldekako erlojupekoan, Israel-Premier Tech taldea pasatzen ari zela Palestinako banderak eskutan ekintzaile batzuk errepidera atera ostean. Protesta «biolentoa» izan zela esan zuen, genozidioari aipamenik egin gabe. Guillenek adierazpen horiek egin baino bi egun lehenago, astelehenean, Israelek, eraso hirukoitz batean, 20 pertsona hil zituen Nasser ospitalean. Tartean, bertatik lanean ari ziren bost kazetari zeuden: Mariam Abu Daaqa, Mohammad Salama, Moaz Abu Taha, Hussam al-Masri eta Ahmed Abu Aziz. Nazioarteko zuzenbidearen arabera, ospitaleak babes berezia duten guneak dira. Egun berean, beste leku batean, beste kazetari bat hil zuten. Hilabete hasieratik, Israelek 1.500 etxe suntsitu ditu Zeitoun auzoan, Gaza Hirian. Gosetearen ondorioz, jada 317 pertsona hil dira; horietatik 121, haurrak. Ez dira zifra hutsak. Izen-abizenak, aurpegia, ametsak... zituzten pertsonak baizik.