GAUR8

Historialari ala iritzi-emaile

(GETTY IMAGES)

Abuztuaren bukaeran historia interpretatzeko bi ikuspegi erabat kontrajarri iritsi zitzaizkidan, historialarion egitekoari buruz berriz ere hausnartzeko parada eman didatenak. Batak historiaren inguruko aurreiritzi hedatuak eta akademikoen artean onartezinak direnak errepikatzen zituen eta besteak historialari on batek landu behar duen espiritu kritikoa azaleratzen zuen. Paradoxikoki, bigarren hori sare sozialetan historiako gaiak lantzen dituen autodidakta da eta lehena, EHUko katedraduna.

Sareetan bere burua “Exploraciones Txo” bezala aurkezten duen mutilaren elkarrizketa ikusteko aukera izan nuen. Batzuetan bere interpretazioak konpartitzen ez ditudan arren, historia lantzerakoan kontuan hartu beharrekoa zer den ulertzeko orduan, bere ikuspegiarekin identifikatuta sentitu nintzen. Historian murgiltzen nola hasi zen galdetu ziotenean, horrela azaldu zuen bere burua (nik libreki euskaratu dut): «Niri izugarri gustatzen zitzaidan denboran bidaiatzea, eta irakurtzea giza esperientzia hain ezberdina bizi izan zuen pertsona nola uler zitekeen, hark utzitako arrasto arkeologikoen, idatzien edo artearen bitartez». Historiaren protagonistengana hurbiltzeko giltza ere azpimarratu zuen: «Enpatia ariketa egitea eta jakitea tipo hark hura egiten zuela, hartan eta honetan sinisten zuelako, nahiz eta nik ez nuen inoiz hura pentsatuko». Jarraian, «historia iraganeko akatsak ez errepikatzeko ikasten dugu» esaldia kritikatu zuen, horrek suposatzen duelako historiara epaiketak egiteko asmoz hurbiltzea. Akats larritzat jo zuen hori, historiaren helburua baita, bere esanetan, «ulertzea eta jakitea zer izan zen giza existentzia beste pertsona batzuentzat».

Kasualitatez, azken egunotan XX. mendearen hasieran Irlandako autogobernuaren aurka jarri ziren unionistei buruz irakurtzen ari naiz eta, nork esango zidan, haiekiko nolabaiteko enpatia historikoa ere sentitzera iritsi naiz une batzuetan... Nire konbikzio politikoak gorabehera, esperientzia historiko aberasgarria izaten ari da. Extremadurako beroak itota, erdi ilunpetan, irakurketa eder horretan buru belarri nenbilela, lagun historialari batek Antonio Riveraren ohiko iritzi artikulua bidali zidan.

Betiko kexa, historialariak baztertuta daudela euskal gizartean, nork eta EHUko katedradun batek, non eta “El Correo”-n. Udan zeharreko Txikiren eta Otaegiren memoriaren aldarrikapenak asaldatu du gizona. Argudiatu duenez, ikusirik gerora zer gertatu zen eta nolakoa izan zen ETAren bilakaera, onartezina da frankismoak fusilatutako haiek askatasunaren borrokalaritzat hartzea. Hau da, 1975ean gertatu zena ondorengo hirurogei urteetan gertatutakoaren iritziaren arabera juzgatu behar da, bere ustez. Pentsa, argudioari tiraka, Francoren ondoren “demokrazia” iritsi bazen, horrek esan nahi luke Franco funtsean “demokrata” izan zela. Historialariok iraganera hurbiltzeko behar dugun espiritu kritikoa hausten du erabat Riverak, iritzi-emaile huts izatera mugatuz eta historia-ikerketak egiten hasten zarenean azaltzen dizuten lehen legea hautsiz. EHUn badirudi ezetz, baina beste edozein unibertsitatetan, halako interpretazioak, zorionez, erabat baztertuta daude. •