GAUR8

Este navegador no soporta el elemento video.

Aiaraldeko krisiaren arrazoiak, bost ahotsetara

Kaleratzeen mehatxuak eta enpresen itxierak Aiaraldeko kronikaren eguneroko bilakatu dira. Baina zer dago errealitate horren atzean? Bost ahots bildu ditu GAUR8k eta diagnostikoan bat datoz denak, Diputazioa izan ezik. Haren ustez, lan gatazkek ez dute laguntzen.

Maderas de Llodio enpresako langileen mobilizazioa, Laudion. (Aritz LOIOLA - Jaizki FONTANEDA | FOKU)

Lipmesa, Valvospain, Glavista, Guardian... Azken urteetan hainbat enpresa itxiera izan dira Aiaraldean, ehunka lanposturen suntsiketa eraginez; Tubacexen kasua begi bistatik galdu gabe, lan gatazka luze batek buelta eman baitzion zuzendaritzak egin asmo zituen 129 kaleratzeei. Orain, Maderas de Llodiok iragarri duen kaleratze kolektiboak (39 lanpostu) argi gorriak piztu ditu berriz Aiaraldean. Industria sektorea dago tantaka gertatzen ari den enplegu galera horien erdigunean, eta azken kasu honetan, gainera, orain arte krisi zantzurik izan ez duen jarduera bati -egurrezko xafla kontratxapatuak egiten dituzte- eragiten dio. Are gehiago, Guardianen gertatu zen moduan, Garnika taldeko Maderas de Llodion lan hitzarmena negoziatzen jesarrita egon ziren langileen ordezkariak zuzendaritzarekin, kaleratzeak iragarri baino hilabete bakan batzuk lehenago.

Enpresen itxiera segida horren atzean dauden arrazoiez eta eskualdeak bizi duen egoeraz galdetu die GAUR8k eskualdeko eragile ezberdinei: gehiengoa duten ELA eta LAB sindikatuei, SOS Aiaraldea herri plataformari eta herritarrengandik gertuen dauden erakundeei: Laudioko Udalari eta Arabako Foru Aldundiari.

Arabako Foru Aldundia kenduta, errorik ezagutzen ez duten eta interes ekonomikoak ikur dituzten multinazionalen eredua jotzen dute kausa nagusitzat eragile guztiek. Eskualdeko egoerari begiratzean, Saray Zarate Fernandez de Landaren gidaritzapean dagoen sailaren hitzetan, «joera handi bat dago» diskurtsoa alde negatiboetan zentratzeko, albiste onak lausotuz, baina «Aiaraldea izan da eta jarraitzen du Arabako industriaren motorretako bat» izaten.

Ez dira iritzi berekoak SOS Aiaraldea plataforman. Egoera kezkagarritzat jotzen dute industrian eta beste hainbat arlotan, besteak beste, zerbitzu publikoetan, eta «kasualitatea» ez dela gaineratzen dute. Adierazi dutenez, «Aiaraldean egoera kritikoa bizitzen ari gara. Urte gutxiren buruan, eskualdearen motorra ziren hainbat enpresa itxi dira. Gogora dezagun duela hamarkada eskas batetik hona itxierak bereziki gogorrak izan direla eskualdearentzat: Lipmesak 150 langile, Valvospainek 79, Glavistak 240 eta aurten bertan Guardian Laudiok 171 langile kaleratu ditu, besteak beste. Orain, Maderas de Llodiok ere 39 laguneko kaleratze kolektiboa proposatu du. Benetako odoluste bat da: ehunka pertsona kalera, ehunka familia ziurgabetasunean eta gero eta bizi gutxiago duten herriak, bata bestearen atzetik ixten duten komertzio txikiak direla medio».

Parte hartze irekikoa, norbanakoek eta beste mugimendu batzuetako eragileek osatzen dute eskualdeko plataforma. Azken urteetan, lanpostuen defentsan aritu da plataforma, sortu den lan gatazka bakoitzean, eta beste hainbat arlotara zabaldu du aktibismoa, etxebizitzaren aferaren, zaintzen sistema publikoaren edota kalitatezko osasun arretaren alde.

Herri dinamikan berretsi dute «gertatzen dena ez dela kasualitatea». «Multinazional handiei eta inbertsio-funtsei dagoeneko interesatzen ez zaienean sartu, estutu eta alde egiteko aukera ematen dien eredu ekonomiko bat dago. Ez dute begiratzen Aiaraldeko eskualdearen etorkizunaren eta pertsonen alde, haien poltsiko eta berehalako onuraren alde baizik», azpimarratu dute. Beste ideia bat gaineratu dute: kaleratze bakoitzaren atzean drama pertsonal eta familiar bat dago, baina horren ondoan, «enplegu egonkorrik gabe eta gazteentzako aukerarik gabe uzten» den eskualde bat dago, «ahuldu egiten da eta jendeak alde egin behar izaten du. Are gehiago, bizi proiektuak merkantilizatzen diren honetan, lan esparrutik harago ere, etxebizitza krisiak bortizki astintzen du Aiaraldea».

ELAk eta LABek ereduari egozten dizkiote enpresa galerak. «Enpresa guztiek komunean duten faktorea kapitalismoaren logika da, zeinaren arabera helburua beti irabaziak maximizatzea den», azaldu dute LABeko Maddalen Muguruza Azkarragak eta Ieltxu Orueta Dominguezek.

SOS Aiaraldea herri plataformaren protesta bat. Jaizki FONTANEDA | FOKU

IRABAZIAK ZITUZTEN ENPRESEN ITXIERA

«Horrelako estrategiak beti absentismoaren arazoan, langileen kostu altuetan edo eskualdeko konfliktibitatearen gaineko diskurtsoetan lerratzen dira», diote sindikatu-kide biek. Agertoki horretan, «helburua ez da enpresaren iraunkortasuna, langileen ongizatea edo eskualdearen etorkizuna, baizik eta beste interes ekonomiko batzuk elikatzea eta haien irabaziak loditzea». Horren aurrean, «ekintza sindikala antolatzea ezinbestekoa da», diotenez.

«Azken urteetako krisi desberdinetan galdu diren lanpostuen datuak zorroztasunez biltzen ari gara, kopuru zehatzen inpaktua erakusteko», esan dute, eta zeregin horretan «azken urteetan modu ezkutuan eman diren lanpostu suntsiketa prozesuak ere ari gara aztertzen». «Askotan, langileen kopurua murriztea ez da lehenengo aldian erabaki kolektiboaren bidez egiten; enpresak beste neurri batzuk erabiliz langileak gutxitzen joaten dira, itxierara iritsi arte», diote.

Azken itxiera kasu biak, Guardianekoa eta Glavistakoa, ekarri ditu gogora Mikel Etxebarria ELAko Industria Federazioko kideak, eta aipatutako logika horren adibide argi gisa kokatu ditu: «Amerikako Estatu batuetako (AEB) multinazionalen erabaki baten aurrean gaude. Guardian taldeak beti izan ditu irabaziak, eta enpresa errentagarria izan da. Zer dago itxieraren atzean? Itxi egin nahi dut eta itxi egingo dut. Horrelakoak beste leku batzuetan ere ikusten dugu, adibidez oraintsu BSH enpresan Nafarroan». «Deigarria da -jarraitzen du Etxebarriak- batez ere Glavistako egoeran, instituzioek aukera izan baitzuten proiektu industrial bat aurrera ateratzeko».

«Hemen agerian geratu zen Jaurlaritzako Industria Sailaren borondate eta gaitasun eza, Glavista bizirik mantentzeko», erantsi du, eta azpimarratu du ELAk proposamen bat luzatu ziola Lakuako Gobernuari «lur horiek desjabetzeko, baina ez ziguten kasurik egin». «Hilabete batzuk pasatu dira Guardianeko EREa gauzatu zenetik. Zer dakigu instituzioek une hartan aipatu zuten inbertsoreei buruz? Ezer ere ez. Dena kea zen, iritzi publikoa desbideratzeko eta ahazteko instituzioen ardura labearen amatatzean». ELAko ordezkariaren hitzetan, «instituzioek, eta zehazki Jaurlaritzako Industria Sailak, aspalditik dute ahaztuta Aiara».

«MUNDUKO BESTE PUNTAN» ERABAKITA

Herritarrengandik gertuen dagoen erakundearen iritzia jaso du GAUR8k, Ainize Gastaka Laudioko alkateari egoeraren irakurketa eskatuta. Kezkaz begiratzen dio industria ehunaren egoerari: «Urteak daramatzagu egungo industria ereduaren ondorioak pairatzen eta ez dira ondorio positiboak. Eskualde honetan ehun industriala gero eta ahulagoa da». «Laudion 39 langile kaleratze arriskuan daude, hitzarmen kolektiboaren negoziazioaren barnean, eta Amurrion, Tubos Reunidos, 850 langileri eragiten dien Aldi Baterako Erregulazio Espedientea abian dago irailaren 1etik», nabarmendu du.

«Desindustrializazioa eta industria politika basatiak dira egoera honen ondorio. Eskualdean diren enpresa handiek ez dute bertan aterako duten ekoizpen eta mozkinez aparteko bestelako loturarik eskualdearekin. Ikuspuntu honetatik, berdin zaie enpresa buruei lantegiak hemen zein beste edozein tokitan izan, ez baitute langileekiko inolako konpromisorik izan nahi», adierazi du Gastakak.

«Guardianen kasua dugu adierazgarriena. Produktiboa izaten jarrai zezakeen enpresa bat ixtea erabaki zen munduaren beste puntan, herriko egoera eta bertako langileen errealitatea batere kontuan hartu gabe», gogoratu du. Erantsi du bestelako industria politika bat behar dela, «gaur egun dagoen industria traktorea herrira errotu eta eraberritze prozesuak abian jar daitezen behar dugu». Aldi berean, «industria txikia eta ertain berria erakarri» behar dela dio.

Maderas de Llodioko enpresa batzordearekin dago harremanetan Udala, «zertan lagun dezakegun argitzeko eta gure sostengu eta elkartasuna adierazteko», baita Lakuako Gobernuarekin, Arabako Foru Aldundiarekin eta enpresarekin ere, hemen mantentzeko eta lanposturik ez galtzeko helburuz. Hala ere, kritiko agertu da goiko erakundeetatik ezartzen diren politikekin: «Egungo industria politikek kale egiteaz gain, eskualdea eraberritzeko politikek ere kale egin» dutela dio. Gogoratu du, «joera negatiboa gelditzeko», EH Bilduk proposatuta, ponentzia bat adostu zuela Gasteizko Legebiltzarrak eskualdea berpizteko, eta bertatik eratorri zirela Berehala Jarduteko Plana eta Eskualdeko epe Luzerako Plana. Lehena 2022 eta 2024 bitartean gauzatu behar zen, «eta honek inpaktu positiboa izan behar zuen epe laburrean, inbertsio potente bat aurreikusten baitzuen, eta horri egonkortasuna emateko, epe luzerako Eskualdeko Plana diseinatu behar zen».

Bada, dioenez, «Berehala Jarduteko Plana gaur egun ez da bere osotasunean gauzatu, eta bere ezaugarririk nabarmenena, gizartean inpaktu positibo azkar bat izatea, erabat desitxuratu da, inbertsio horiek tantaka heltzen direlako eta presio handia egin ondoren, gainera. Eskualdeko Plana ez da errealitate bat oraindik». Horren erakusle da Guardian, aipatu duenez. «Guardianen kasua honen guztiaren adierazlerik nabarmenena izan daiteke. Berehala Jarduteko Planaren inbertsioa garaiz heldu izan bazen, agian ez ginateke egoera berean egongo». Guardian izan zen enpresarentzat egon daitekeen eta behin baino gehiagotan aipatu den inbertsoreaz galdetuta, Gastakak esan du inbertsore bat dagoela, baina Lakuaren esku dagoela proiektu hori garatzea.

Arabako Foru Gobernuarentzat oso bestelakoa da Aiaraldeko industria ehunaren egoera. Ekonomia Garapen Sailaren iritziz, eskualdeko enpresa-egoeraz hitz egiten denean, diskurtsoa alderdi negatiboetan zentratzeko joera handia dago, hala nola enpresen zailtasunetan. Guardian enpresaren itxiera edo Maderas de Llodio enpresaren EEE partziala bezalako albisteek beste batzuk lausotzeko joera dute, hala nola SteelPhalt Murgan irekitzea, edo Vidralak Laudion bere labeak modernizatzeko egin asmo duen 75 milioi euroko inbertsioa». «Industria osagai handiko beste hainbat eskualdetan bezala, egia da Aiaraldeko industria zailtasunak izaten ari dela, baina oro har enpresa eta industria ingurune erreferente eta potentzial handikoa izaten jarraitzen du, mugimendu politiko batzuetatik saldu nahi den eskualde deprimitu edo grisaren iruditik urrun», dio Zaratek.

«ABSENTISMO TASA LIDERRAK»

Industriaren egoeran eragiten ari diren lau faktore nagusi ikusten ditu foru sailak, eta arduraren zati bat langileengan jartzen du, zuzenean. Dioenez, eskualdeko industrian «mendekotasun handia dago zenbait azpisektoretan, hala nola altzairuan edo industria tubularrean», eta sektore horiek «izugarri aldatu dira, lehiakide berriak agertu dira, eskulan merkeagoa eta ingurumen araudiekiko lotura txikiagoa dutenak». Bigarren faktore gisa bizi dugun testuinguru globala aipatu du: «Izurriteak, gatazka belikoak eta geopolitikoak, Trumpen muga-zergen ofentsibak edo Alemania bezalako merkatuak eragin handia dute sektore horretan». Egoeran eragiten ari den hirugarren faktore gisa, industriaren «izaera oso tradizionala» eta berritzeko dituen zailtasunak daude, horrek eskatzen dituen inbertsioen kostu handiengatik. Baina lan harremanak ere aipatu ditu: «Ezin dugu ahaztu lan harremanak konplexuak diren eskualdea dela; soldata-kostu oso altuak, lan gatazka historikoak eta absentismo tasa liderrak Estatu mailan, Aiaraldeko enpresen aurka jokatzen duten elementuak dira enpresa inbertsio berriak egiteko orduan».

Eskualdeak dituen indargune eta ahuleziez, Aiaraldeak duen «kokapen bikaina» azpimarratu du. «Gainera, kokapen pribilegiatua du azpiegitura logistikoz multimodaletara iristeko, hala nola Bilboko Portura, Jundizko Portu intermodalera edo Gasteizko aireportura, baita Europa eta Afrika alderako errepide bidezko garraio-autobide nagusietara ere».

Eskualdeak dituen erreferentziazko lanbide-heziketako zentroak eta ibarreko industriatik hurbilak kokatu ditu, era berean, indarguneen artean, baina ahuleziak ere aletu ditu: «Lurzoru industrialik eza, adibidez». Kapitulu horretan, Laudioko Udalari leporatu dio «desindustrializatzearen aldeko apustu garbia» egitea, «beren hirigintza-planetatik garapen industrial berriak egiteko aukerak kenduz». Bigarren ahulezia trantsizio energetikoarekin lotzen du, «energia berriztagarria sortzeko eta banatzeko azpiegiturarik» ezarekin, hain zuzen.

Eskualdean zabaldu den kezkaren aurrean, berriz, «mezu argia» zabaldu nahi du Arabako Diputazioak: «Mezua argia da: fidatu gaitezen Aiaraldeaz. Eskualdeak potentziala du, etorkizun industrial oparoa du, eta elkarrekin lan egin behar dugu hori aprobetxatzeko. Itun politiko eta sozial zabala behar da eragile guztiok norabide berean lan egin dezagun Aiaraldearen etorkizuna bermatzeko. Proiektu industrial berriak erakartzeko edo eskualdeko enpresetan berrikuntza edo garapen jasangarri lehiakorra sustatzeko ahaleginak ez du ezer balio, proiektu horiek hartzeko udal eta gizarte ahaleginak laguntzen ez badu».

Ramiro Gonzalez buru duen foru gobernuaren hitzetan, «itun politiko eta soziala» behar da, «eragile guztiok norabide berean lan egin dezagun Aiaraldeko etorkizuna bermatzeko». Eta Foru Aldundiak dioenez, adierazleek hazten jarraitzen duen industria erakusten dute Aiaraldean, eta erakundeak ahalegin handia egiten ari dira eskualdean industria bultzatzeko neurriak abian jartzeko.

Diputazioaren ahaleginei dagokienez, azken urteetan eskualdean egindako inbertsioak nabarmendu ditu, eta horien artean Kexaako multzoaren erosketa eta balioa emateko ekimena, Laudio Antzokiari emandako babesa, industria poligonoen modernizazioa edo Aiara Industrial Lab, enpresa ertain eta txikien digitalizazioa eta unibertsitatea eta enpresen arteko lotura indartu nahi duen proiektua aipatu ditu, besteak beste. Hala ere, foru Gobernuaren esanetan, «beharrezkoa da udalerriek industria-lurzorua enpresa-proiektuen esku jartzea, eta enplegua sortzen duten industria-ezarpenak erraztuko dituzten politikak. Eta beharrezkoa da, halaber, lan harremanen esparru berri bat ezartzea, absentismoa murrizteko eta enpleguaren kalitatea hobetzeko, besteak beste».

Astelehenean greba mugagabeari ekin zioten Maderas de Llodioko langileek, plantilla osoaren atxikimenduarekin. Aritz LOIOLA | FOKU

«Arazoa ez da ekonomikoa bakarrik, politikoa da»

Enplegu galerak argi gorriak pizten ditu, lerroburu handiak bereganatzen ditu hedabideetan, baina Aiaraldeak bizi duen krisia ez da industria ehunaren egoerara mugatzen, askoz zabalagoa da, «agerikoa» beste arlo batzuetan, etxebizitza kasu, SOS Aiaraldeak egiten duen irakurketaren arabera. Plataformak fokua jarri du enplegu galerak dituen ondoko eraginetan. Gauzak horrela, enpresa batek pertsiana jaisten duenean, lehen eragina lanpostuen galera da, baina horrek beste guztia ahultzen duela diote: «Merkataritza, kultura, bizitza soziala... eskualdea ahuldu egiten du». Mugimendu ezberdinetako herritarrak biltzen dituen dinamika horren esanetan, azken urteetan galdu diren industriak gainbehera orokor baten parte dira. Eskualdeak bizi duen «gainbehera orokorraz» hitz egiten du, eta defendatzen du arazoa ez dela ekonomikoa bakarrik, politikoa dela: «Eredu batez ari gara: sistema kapitalista heteropatriarkala, elite ekonomikoaren mesedetan ari dena».

Plangintza integral baten beharra planteatu du herri dinamikak, eta Lakuako Gobernuaren ardura seinalatu du. Azpimarratu duenez, Imanol Pradalesek gidatzen duen Exekutiboak nahikoa «eskumen eta baliabide» ditu esku hartzeko eta kalitatezko zerbitzu publikoak bermatzeko. «Suspertze planez, inbertsioez eta proiektu berriez hitz egiten digute, baina kontua da iragarki hutsetan geratzen direla, prentsako titularretan». Plan integral bat eskatu du herri dinamikak eta hainbat arlotan eragiteko premia aipatu du: osasun publiko «hurbila eta kalitatezkoa&flexSpace;ziurtatzeko, anbulatorioak itxi gabe eta itxaron zerrenda amaigaberik gabe»; zaintza duinen zerbitzuak bermatzeko, «bai adinekoentzat zein mendekoentzat»; etxebizitza eskuratzeko benetako aukera bermatzeko, «batez ere gazteentzat, gaur egun alde egin behar izaten dute ezin dutelako hemen bizitza eraiki»; eta lehen sektorea sustatuko duten politikak eta neurriak jasoko dituena. Adierazi duenez, ikuspegi orokor batetik ekin ezean, krisialdia areagotu eta zabaldu egingo da: «Eusko Jaurlaritzak ezin du beste alde batera begiratzen jarraitu. Aiaraldeak konpromiso politiko sendo eta globala behar du, zeren eta, berehala jarduten ez bada, gainbehera ez da soilik industriala izango, baizik eta soziala eta komunitarioa».

Diotenez, erakundeek etengabe maneiatzen dituzte suspertze planak, inbertsioak eta proiektu berriak bezalako hitzak, «baina iragarki hutsetan geratzen direla, prentsako titularretan, promesa hutsetan».