GAUR8

Benetako aldaketa

Emakumeok denbora daramagu laguntza eskatzen. Akziora pasatzeko unea da. (GETTY IMAGES)

Askotan parte hartzen dut aniztasuna eta inklusioa gaitzat dituzten eztabaidetan. Testuinguru horretan, generoari lotutako nire esperientzia pertsonalak kontatzea eskatu zidaten azken hilabetean egin ditudan bi elkarrizketa-taldeetan. Benetakoak diren esperientziak entzutea estimatzen zuten, teorian oinarritutako kontzeptu asko entzun zituztela esan zidaten, eta errealagoak ziren adibide konkretuak nahi zituztela. Nire ibilbidean lagundu didaten haietaz hitz egitean, bi emakume etortzen zaizkit beti gogora. Laguntza eskatu nien bakoitzean han egon zirelako, denbora eta aholkua eskainiz; baina hori baino garrantzitsuagoa eta eraginkorragoa izan zen zerbait egin zuten biek: ni bilera geletan ez nengoenean, nire izena mahai gainean jarri zuten eta nire hautagaitza bermatu zuten; eta ezagutzen ez ninduten haiei nitaz hitz egin zieten. Nik eskatu gabe. Babes hori ezinbestekoa izan zen lan berri hura lortzeko edo, besterik gabe, jendeak izan zezakeen pertzepzioa aldatzeko. Askorentzat ezberdina nintzen-eta, besteek ez bezalako ibilbidea neukan, ez nentorren unibertsitate jakin batzuetatik, azentua neukan. Eta, emakumea nintzen.

Antzeko saioen amaieretan beti gauza bera eskatzen dut: entzutera etorri den bakoitzak gauza bat bakarrik egiteko konpromisoa hartzeko. Aurretik egin ez zuten akzio bat egiteko, bat soilik. Gela hartan geunden ehun eta berrogeita hamar pertsonek intentzioz egindako aldaketa txiki bakoitzak esanguratsua izango zen aldaketa kolektibo bat bideratu dezakeelako. Are errealagoa egiteko, gela hartatik irten aurretik mezu batean idazteko eskatu zien moderatzaileak, eta bere telefonora bidaltzeko. Nahikoa zen hitz bat, akzio bat, aldaketa txiki bat. Ehun eta berrogeita hamar haietatik, hogeita hamar ginen emakumeak. Hogeita bost mezu jaso genituen.

Frustrazioz beteta atera nintzen, egindako eskaera ez zen bestelako ezer. Baina agidanez, ez zegoen erantzukizun minimo bat hartzeko urgentziarik. Axolagabekeria akaso. Lehentasun gabezia. Aldaketa iraunkor bat lortzeko helburua fikzio bihurtu zen. Berriro.

Handik bi egunetara, Londresko ikus-entzunezkoen sareetan aski ezagunak diren bi emakumek egindako hitzaldi batean, bestelako eskaera bat egin zuten, ausartagoa, iraultzaileagoa. Hiru gauza egiteko eskatzen zitzaion hango emakume bakoitzari, norabidea aldatuko zuten hiru gauza. Ez ziren bakarrik egin beharreko akzioak, denen babesarekin bultzatu beharrekoak baizik; denak, emakumeak eta gizonak. Haien esperientzia miresgarriak “posible zela” zioen, eta agian sinesgarritasun handiagoa ematen zuen haien ahotik entzundakoak. Aurreko egunetako frustrazioaz ahaztu nintzen. Esandako mezuak hemen idatziko ditut, hau irakurtzen ari diren emakumeei zerbaitetarako balioko dietelakoan.

Ez eskatu tutoretza, babesa baizik: kapital politikoa erabili; promozioak erabakitzen diren geletan emakumeen izenak eman. Hautagaitzak ez dira beti zerrenda publikoetatik sortzen, askotan lanpostu berriak “gela itxietan” sortzen dira-eta.

Ikusgarritasuna bultzatu: estrategia aldatuko duten eta erantzukizun ekonomikoa duten lanpostuetara aurkeztu; eztabaida eta plataforma publikoetan parte hartu.

Alboratzea eragiten duten aipuei momentuan erronka egin: hainbat egoeratan emakumeen iritziei egindako etenaldiak ez onartu. Emakumeengandik datozen ideiak handiagotu eta babesa eman.

Denbora asko daramagu laguntza eskatzen. Emaitzak aldatzeko, eraginkorrenak diren akzioetara pasatu behar gara. •