25 OCT. 2025 - 00:00h Emozioak osasungintzan Maider Iantzi Aktualitateko erredaktorea / Redactora de actualidad Urduri dago, sabela itxita ezin bazkaldu. 112. Zenbakiak ere beldurra ematen dio. Bere medikuak (horrela deitzen ahal bazaio batzuetan hutsik dagoen eta bertzeetan hainbat lagunek txandaka betetzen duten postuari) ez dio txandarik eman bihar arte, baina tokitan dago bihar. 15.30etik aitzinera larrialdietara joan daitekeela erran diote, baina ze urrun dauden 15.30ak ere. 15.20 dira eta jada atean dago. Barrenean jendea ikusten duen arren, atezainak larrialdien ordutegia (ez al da kontraesankorra?) oroitarazi dio. 15.21, 15.22, 15.23... Ezin da egia izan erlojuaren orratzak beti abiadura berean doazela. Erizain irribarretsu batek atea ireki, izena galdetu, eta itxarongelara pasatzeko esan dio. Emozioei buruzko kartela du pareko horman. Emozioek gure osasunean duten garrantzia azaltzen da bertan, gomendio batzuekin batera, baina burua lanbrotua du irakurtzeko. Pixagaleak dago eta komunera sartu da. Handik atera orduko deitu du erizainak medikuarenera. Arropa fosforitodun emakumeak ordenagailuari begira agurtu eta izena galdetu dio. Pazientea kontent jarri da sendagilea euskalduna delako eta ateratzen zaion hizkuntzan azaltzen ahal duelako sentitzen duena. Pozak guti iraun dio, ordea, hagitz urduri dagoela aitortu dionean hala galdetu baitio sendagileak: «Zenbat urte dituzu?». Adina erran dio, nahiko inozente, datu hori zerbaitetarako jakin nahiko zuela pentsatuz, eta kontrako zintzurretik sartu zaio erantzuna: «Adin horrekin emozioak kontrolatzen jakin beharko zenuke». Kartelen ordez, emozioak ikusten eta onartzen dituzten profesionalak eskatuko lituzke, denetariko pazienteak daudela jakin eta bakoitzari behar duena ematen saiatuko direnak eta inongo kasutan ere epaituko ez dutenak. Ordenagailuan hainbertze idatzi beharrean pazienteari begiratu, beregana hurbildu eta, zergatik ez, besarkada estu bat emanen dioten medikuak behar lituzke. •