08 NOV. 2025 - 00:00h Fikzioak errealitatea igartzen duenean Iñaki Soto GARAko Zuzendaria / Director de GARA Errealitateak fikzioa gainditzen duela esan ohi da. Hainbat telesailek aurreikusteko errazak ez ziren gertaerak nola irudikatu dituzten txundigarria egiten zait, ordea. Egia da telesailen bidez mundu errealean bai queer pertsonen aldetik, bai polizien aldetik ere imitatu daitezkeen mundu estetikoak osatzen direla. Edonola ere, etorkizuneko egitateak hain modu grafikoan eta fidagarrian asmatzea ez zen erraza. [Ikus-entzunezkoen alorrean sartu-irtenak egiten ditudan guztietan bezala, gure kritikari Gaizka Izagirreren ezagutza eta irizpidea aldarrikatzen ditut. Aholku gehiago nahi izanez gero, jarraitu berari, ez niri]. Duela gutxi, Tony Blairrek eta Nick Cleggek enpresa teknologikoetako zuzendarien eta ministro baten arteko afaria antolatu zutela jakin da. Bigarren mailako trama den arren, “MobLand” telesailean antzeko eskandalua gertatzen da. Jakina, benetako Britainia Handian ez bezala, fikzioan gertaera horrek ondorioak ditu. Berez, gangsterren familien arteko gatazkei buruzko telesail klasikoa da “MobLand”. Ez dirudi produktu politikoa, nolabait esateko. Halere, irlandarren indarkeriarako joera eta legearen aurka egiteko duten zaletasunaz haragoko geruzak ditu. Sortzailea Ronan Bennet da, Londresera migratu zuen Belfasteko errepublikanoa. Ingalaterrako hiriburuko erradiografia onenetako batzuk egin ditu; adibidez, “Top Boy” telesailean. Ibai Azparrenek elkarrizketa bikaina egin zion 7Kn. Ildo beretik, “Years and Years” miniserie britainiarra bereziki izugarria da, egiten duen aurreikuspena ez baita etorkizun urrun batekoa. Gaur egungo joeren ibilbide okerrenak islatzen ditu: krisi ekonomikoak eta pobretzea, ultraeskuinaren hazkundea, teknologiaren eragina, arrazakeriaren eta migrazioaren auziak… Horrekin lotuta, Amazon Ringek akordio bat iragarri zuen Flock enpresarekin. Zaintzara dedikatzen den enpresa teknologikoa ICErekin datuak partekatzeagatik salatu dute AEBetan. Aldi berean, Los Angelesen eta beste hainbat hiritan, sare solidarioak sortu eta, teknologia bera erabiliz, ICEren sarekadez abisua ematen ibili dira. Agintariek aplikazio horiek debekatu nahi dituzte. “Person of Interest” zaharraren tramaren antza du. Flock-ek beste estatu batzuetara abortatzera doazen emakumeak ere zelatatu ditu. Horrekin lotuta, AEBetako migratzaileen aurkako egungo sarekadek oso modu grafikoan erreplikatzen dituzte “The Handmaid's Tale”-ekoak. Adibidez, duela gutxi Debbie Brockman izeneko emakume baten atxiloketa birala egin zen. Chicagon, egun argiz, autotik atera eta atxilotu egin zuten, jendea grabatzen zuen eta berak bere nortasuna oihukatzen zuen bitartean. Ospa egiterakoan, ICEren patruilak kale erdian utzi zuen atxilotuaren kotxea txikitu zuen. AEBetako herritarra denez, Brockman libre utzi zuten. “Succession” bigarrenez ikusten ari gara etxean eta, doinu sarkor eta txundigarri hori egun osoan gurekin zamatzeaz gain, komunikabideei buruz noraino den sinesgarria, horrek harritu nau. Gehiegikeria da telesailaren ardatzetako bat, eta uneotan sektorean eskasia da nagusi. Baina, kapitalismo basatiaren testuinguruan komunikabideez ari denean -salerosketak, ustelkeria, enpresa teknologikoen burbuila, ildo editorialen kudeaketa…-, zorrotza da. Errealitatea aurreikusteko duen gaitasunaz harago, botere harremanen dimentsio politikoa, ekonomikoa edo antropologikoa azaltzen asmatzen duenean egiten da handi telesail bat. •