11 NOV. 2025 - 00:00h Duela ehun urte jaio zen Lexoti bertsolari bohemioa Jose Luis Lekuona ‘Lexoti’ (1925eko azaroaren 11 – 2006ko ekainaren 19a) bertsolari gipuzkoarra duela ehun urte jaio zen. Demazalea, bizimodu bohemio samarra eraman zuen bizitza osoan. Eskola zaharreko bertsolaritzaren azken pertsonaietako bat izan zen, bertsolaritza bizimodutzat hartu zuena. Jose Luis Lekuona ‘Lexoti’ bertsolaria. (OIARTZUNGO UDALETXEA) Amaia Ereñaga Oiartzungo Ergoien auzoko Maixta Borda baserrian jaio zen 1925eko azaroaren 11n Jose Luis Lekuona ‘Lexoti’. Bere aitonak morroi lanak egin zituen Lezoti izeneko baserri batean, eta izengoiti hori jarri zioten; gero etxeko gizonei gelditu zitzaien. Gurasoak Jose Antonio Lekuona eta Maria Jeronima Garaiar zituen. Aitaren aldetik etorri zitzaion Lexotiri bertsotarako zaletasuna. Aita meatzaria izan zen bizitza guztian, lehenengo Estatu frantseseko Pierrefitteko meategietan eta gero Oiartzungo Arditurrin. Silikosiarekin gaixotu eta 57 urterekin zendu zen. Ama 67 urterekin hil zitzaien eta semeak urte batzuk geroago ‘Nere bizitzako egun tristeena’ izenburuarekin sei bertso jarri zizkion amari. Honela zioen bigarrenak: «Bakar-bakarrik bizi dek orain Lexoti bertsolariya/ gizon triste bat bezala nago Ergoin aldian jarriya/ beste pozikan ez daukat orain, lagunartea haundiya/ bano etxian gurasorik ez, au da nere komeriya». Txikitandik oso bihurria izan zen, adar jotzailea eta apustuzalea. 2006an zendu zenean, egin zitzaion obituarioan, zera aipatu zen: «Jose Luis Lekuona ‘Lexoti’ 50-55 urteren buelta bete zuen arte eskola zaharreko bertsolaritzaren azken pertsonaietako bat izan zen, bertsolaritza bizimodutzat hartu zuena». Lan asko eta desberdinak egin zituen. Aitak bezala, lan egin zuen berun meategian gazte zenean, baina ordurako aita gaixorik zegoen eta alde egiteko gomendatu zioten etxean. Eldozko zentralean eta Goiko Bordako kanalean guarda, baso-mutil, itsasontziak deskargatzen Pasaian, kale-garbiltzaile Oiartzunen eta beste zenbait ofiziotan ibilia zen, baina irabazitakoei kontu askorik egin gabe, artista bohemioen tankeran bizi izandako gizona izan zelako. Sagardotegian trebatu zen bertsotan eta lagunartean egiten zuen, 1962ko Gipuzkoako Txapelketan eta beste gazte txapelketa zenbaitetan parte hartu bazuen ere. Lagunarteko bizimodu horrek hondatu zion gibela eta 57 urterekin Erenotzuko arrebaren etxera erretiratu zen eta, medikuek agindu bezala, dieta gogor bat eginez bizitzen hasi zen. Geroztik bizitzaren bigarren zatia bizi izan zuen, zendu zen arte. Basarri, Mitxelena, Koxme Lizaso, Frantsesa eta Mariano Ostolaitz izan zituen bertso lagun. Apustu xelebre asko egindakoa zen, demazale porrokatua zelako eta bertsoa ere dema bezala ulertzen zuen. Baina ez zuen apusturik egiten horretan soilik: harri-jasotzen, aizkoran nahiz korrika... politenetakoa GARAn agertu zen hau: «Lexoti eta Fermin Bainketa, Ereñotzuko San Antonio festetatik etxera zetozela Txikierdin geratu omen ziren. Gaia atera zen nonbait eta hasi ziren eztabaidan eta apustu hau egitera iritsi ziren: baietz Lexotik bizkarrean Fermin Bainketa hori hartu eta Txikierditik Ugaldetxotik barrena Iturriozko Gartxitene tabernaraino eraman, lurrean utzi gabe. Apustu eguna iritsi zenean, sekulako jendetza bildu omen zen eta Lexotik esaten zuenez, prozesio bat bezalako errenkada jarri omen zen atzetik. Lexotik orduan 66 kilo pisatzen zituen eta Fermin horrek 78. Garai hartan gisako apustu gehiago ere egiten omen ziren eta gizona gainean jartzeko ere teknika bereziak zituzten. Lexoti eta Fermin baiezkoan ziren eta ezezkoan beste batzuk. Apustua irabazi egin zuten eta Ferminek diru guztia, ehun duro, Lexotiri eman zion. Urte batzuk geroago oinutsik korrika jokatu zuen beste apustu bat Lexotik».