22 NOV. 2025 - 00:00h Hustu Iker Barandiaran Kazetaria Betidanik gustatu izan zait idaztea. Aisialditik, eraikitzetik eta nolabait hustetik, hiruetatik, dauka. Gustura egiten dut eta on egiten dit. Irakurtzeaz ere pila bat gozatzen dut, eta esango nuke badaukatela lotura. Biek baretu egiten naute eta, aberasteaz gain, ondo sentiarazi. Gainera, idazteak badauka beti -gehiago edo gutxiago- norbera ispiluaren aurrean jartzetik eta beste batzuen aurrean hori erakustetik. Hitzak lotzerakoan izan zaitezke exhibizionista edo sotila, baina beti bistarazten duzu zure atalen bat. Errazten dit zabaltzen pozten nauten eta gorazarre egin nahi dizkiedan gure herri txiki baina ekimentsu honen lorpen askotarikoak. Baliatzen dut ere gustuko ditudan kantu, talde, liburu edo bestelako lanak nabarmendu eta horien existentzia partekatzeko eta interesa piztuerazteko. Paper edo ordenagailu aurrean jartzerakoan askotan gehien kezkatzen nauten kontuak ateratzen dira eta horiek askotarikoak dira. Asko, tamalez, gizarteko bidegabekeriak eta horren aurrean gizartean ditugun jarrera epel edo ezkorrak. Dela Palestinaren aurkako jazarpen eta odoluste bidegabea; Ukrainaren aldeko eta Errusiaren kontrako agerpen zuri-beltzekoa eta hutsala; ditxosozko pandemian bizi izandako muturreko egoera, esperimentu eta jarrera beldurgarriak... Lerrokatzeari bizkarra emanda, kritikotasunean oinarrituta, tarteko tonalitate paleta zabal horretan marraztu eta koloreztatzeko bidea ematen didate hitzek. Agertzen dira ere norberaren fobiak, jasan ezin ditudanak: esaterako apolitikoak direla diotenak (ze gezurrezko kaka zahar da hori?), “El Diario Vasco” egunero irakurriz bizi den jendilaje zabal baina estu hori bera; Amazonen konpultsiboki erostea eta polizia izatea ondo iruditzen zaion jendea, zeintzuek ereiten duten haien eta ondorengoen etorkizunerako egurra eta gosea; gure mixerien errudunak bilatzean, boteretsuei ez erreparatzeko, arrazista artalde arriskutsu bilakatutakoak; oraindik ere Eliza katolikoaren omnipresentziari kritika egiteari uko egiten diotenak; Atez Ateko zabor bilketaren “infernua” bizi izan genuenean, penitentziatik “salbatu” gintuzten horiek, betiko egongo baikara “zorretan” haiekin. Bestalde, bizitza esperientzia pilatzen joan izan naizen heinean, gogoan ditut indartsuago topera eta kontzientzia osoz bizi izandako garaiak eta ia ezinbestean gaur egungo garaiekin ezinbesteko konparaketa tarteka nostalgikoak egin izan ditut. Guraso izateak ere orbain sakona utzi du nigan; asko da semeekin ikasten dudana eta, nahiz eta jakin ezinbestean haiei gurasooi kontra egitea tokatzen zaiela, kezkatzen naute haien orainak eta etorkizunak; hala nola, sare sozialek eta kontsumitzen dituzten reel horiek semeen kritikotasunean (edo horren ezan) izango duten eragina. Eta, badira ere, jakina, gai unibertsal bezain pertsonalak direnak, erabat garrantzitsuak: harremanen, laguntasunaren, bizitzako aukeraketen, adinaren, kamiseten neurrien zein familia eta oinordekoen bizipenen gaineko hausnarketak eta gogora ekartzeak. Horiek eta beste asko haizatu ditut lehenengo nire barrenean eta ondoren lerrootara ekarri. Urte ugari pasa ditut GAUR8 honetan hilabetero nire purrustada, gomendio, kezka edo txantxak iraultzen. Eskerrak horretarako bidea eman didan argitalpen honi, editoreari, zuei irakurleoi eta horien artean fin-fin aldiro hauek ikuskatu eta tarteka azalgorritu zareten Zubiatetarroi. •