03 DIC. 2025 - 17:13h Bitor Garitaonaindiaren omenezko ipuin lehiaketa antolatu du Zaldibarko Udalak lehen aldiz Bitor Garitaonaindiaren omenezko ipuin lehiaketa antolatu du Udalak, 8 eta 12 urte bitarteko haurrentzako. Martxoan, 150 urte beteko dira zaldibartarraren jaiotzatik, eta data dela-eta, lehiaketaz gain beste hainbat ekimen antolatuko dituela iragarri dute. Bitor Garitaonaindiaren jaiotzatik 150 urte beteko dira martxoan. (ZALDIBARKO UDALA) GAUR8 Bitor Garitaonaindia zalbibartar entzutetsua jaio zela 150 urte beteko dira martxoan, eta urtemugaren harira Zaldibarko Udalak hainbat egitasmo antolatuko duela iragarri du. Horietako bat lehen aldiz ospatuko den haren omenezko literatura lehiaketa da.Ekimena 8 eta 12 urte bitarteko umeei zuzenduta dago, hots, Lehen Hezkuntzako (LH) 3, 4, 5 eta 6. mailetako ikasleak daude deituta. Astelehenean zabaldu zuten lanak aurkezteko epea eta urtarrilaren 18ra arte egongo da ipuinak bidalzteko tartea. Euskarazko ipuinak bilatzen ditu deialdiak, eta kategoria bakarra izango du. «Lanak berariaz eraturiko epaimahai batek aztertuko ditu, eta hiru hilabeteko gehienezko epean jakinaraziko dira irabazleak», zehaztu dute udal iturriek.Deialdiaren arabera, 3.eta 4. mailetako ikasleek orrialde erdiko ipuina aurkeztu beharko dute gutxienez, eta orrialde bikoa gehienez. LHko azken bi mailetako ikasleen kasuan, ipuina gutxienez orrialde batekoa izango da eta hirukoa gehienez. Lanak egiteko, halaber, ezin izango da Adimen Artifiziala erabili.Lehiaketan parte hartzeko bete beharreko arauak eskuragarri daude Zaldibarko Udalaren web atarian daude eskuragarri.Bitor Garitaonaindia Ariño 1876ko martxoaren 6an jaio zen Zaldua plazako Zapatarikoa etxean. «Euskaltzalea izan zen, musika konpositorea, tenorea, antzezlan idazlea eta euskaltzain urgazlea», gogoratu dute udal iturriek, eta zehaztu dute musikaren alorrean, Zamorako katedraleko maisu tenorea izateaz gain Donostiako Orfeoia handitzen lagundu zuela XX. mende hasieran.‘Argia’ astekariaren sorreran parte hartu zuen beste hainbat euskaltzalerekin batera, eta euskarazko hainbat antzezlan eta ipuin liburu idatzi zituela nabarmendu dute.