GAUR8

Osasunaz

Park'n play. (Gilen TXINTXURRETA BEITIA)

Urteen joan-etorria ohitura eta tradizioen errepikapen etengabe bat da, eta urteko sasoiren batean ohitura eta tradizioek pisu berezia badute, hori Gabonetan da. Berrikuntzarako toki gutxi gauzak ondo badoaz behintzat. Betiko ekitaldiak betiko senideekin, betiko menu berbera afaltzeko, aurreko 10 urteetan janari gehiegi zela adostu bazen ere, betiko abestiak eta betiko urte berriko proposamenak.

Ongi asko dakigu proposamen hauek sarri gabezia baten aitortza direla, gabezia hori benetan konpontzeko asmo irmo bat baino, baina urtero hasi ohi dugu urtarrila helburuen zerrendatxo hori osatzen. Aurten bai, aurten lortuko dut.

Urte berriko asmo hauetan ohikoena, Gabonetako jatazoek hauspotuta, kirol gehiago egiteko nahia izaten da. Lan ereduen aldaketak, bizi ohiturek, aisialdi moduek eta beste faktore askok, gero eta bizitza sedentarioagoa egitera garamatzate, eta, horren aurrean, kirola egitea izaten da bizitza osasuntsuago baten bilaketan pausu agerikoena. Gaur bertan fisioterapeuta batekin hizketan honakoa esan dit: «ez dut kirola egiten hasteak kalterik egin dion inor ezagutzen, baina kirolak bere kabuz ez du sedentarismoa konpontzen». Gizakiok mugitzeko gaude eginda eta astean gimnasioan lau ordu egiteak ez du konpontzen berrogei ordu bulego batean eta beste hamabost ordu pantaila baten aurrean egotea.

Lerro hauetan askotan jorratu dut hirigintzak gure bizitzetan duen eragina, eta, horretarako, ikuspuntu ezberdinetatik heldu diot gaiari: komertzioa, kutsadura, jasangarritasuna, bizigarritasuna edo, besterik gabe, hiriaren gozamen estetikoa. Gaurkoan, osasunaren ikuspuntutik jorratu nahiko nuke.

Arkitekturak eta hirigintzak gizaki garaikidearen habitata definitzen dute. Habitat horren baitan arnastu, mugitu eta elikatzen gara, eta, hortaz, haren kalitate eta izaerak baldintzatuko du gure osasuna. Aspalditik datorren baina azken hamarkadetan gailendu den kontsentsu sozial batek, etxea eta autoa binomio banaezin gisa ulertzen ditu, eta horren ondorio eraikiak dira promotore publiko zein pribatuek sortzen dituzten autoan zentratutako auzoak. Etxetik garajera igogailuz, autoa hartu eta lanera, lanetik supermerkatura eta hortik gimnasiora. Berriro autoa hartu, garajean aparkatu eta igogailuz berriro etxeko babesera iritsi. Lan egin dugu, baita elikatu eta kirola egin ere, are, kilometro andana egin ditugu egunean zehar, baina mugitu, gutxi mugitu gara. Egunean 10.000 pausu egitea osasuntsua omen da, eta, aditua izan gabe ere, mugitzea ona dela nahiko agerikoa da edonorentzat. Askotan nekatuago bukatzen dugu egun osoa hiri bat bisitatzen paseoan aritu ostean, kirol saio bat egin ostean baino, korrika behin ere egin beharrik gabe. Hortaz, ibiltzera, mugitzera, gure gorputzaz baliatzera gonbidatzen duten hiriek, bizitza aktibo eta osasuntsuago baten zimenduak ezartzen dituzte. Ez da harritzekoa europar hiri dentsoetan obesitate maila txikiagoa eta bizi itxaropen handiagoa izatea estatubatuar suburbia autozentristetan baino. Hirigintza, berriro ere, ez da neutrala.

Autoa etxetik apur bat urruntzea bezalako keinu sinple batek, dinamika guztiz eraldatzaileak sortu ditzake auzo berrietan. Europako leku askotan guztiz barneratutako ideia da hori, gurean beste auto dituzten tokiak izanik ere. Alemaniako Friburgo hiriko Vauban auzoa izan zen aitzindari mota horretako hirigintza sustatzen; auto guztiak zentralizatutako aparkaleku batean gordetzen dira eta auzoko barne kaleetan oinezkoak eta bizikletak lehenetsi. Espaloiak lorez eta arbolez betetzen joan dira auzotarrek bere egin dituzten heinean, eta umeak hazteko auzo paregabea bihurtu da. Bide horretatik, ehunka auzo eraiki dira azken urteetan Europa osoan, aparkaleku zentralizatuak eta car free eremuak sustatuz.

Orain dela gutxi, pozez entzun nuen Eusko Jaurlaritzak eta Eibarko Udalak Txalaka auzoan 200 etxebizitza egingo dituztela eta etxe horien guztien aparkalekuak bertako Ugartetxea eraikin abandonatuan zentralizatuko direla. Irizpide aldaketa horrek, azpierabilitako baliabideak aprobetxatzeaz gain, etxebizitzen kostua murriztea ahalbidetzen du, lurpeko aparkaleku indibidualak zulatu beharrean, eraikin bakarrean kontzentratzen baitira auto guztiak. Behingoagatik, nahita edo diru eskasiak bultzatuta, eredugarria den sistema bat planteatu da Euskal Herrian. Etxebizitzaren eztabaida pil-pilean egonik eta etxe gehiago eraikitzearen beharra agerian geratzen hasi delarik, eredu horri jarraipena ematen jakingo ote dugun ikusi beharko da.

Bizitzak, zainketak, osasuna, gorputzak… erdigunean jarri behar direla aldarrikatzen gabiltzan garai honetan, pentsatzen jarri beharko genuke zer hiri ereduk zaintzen gaituen, lehenesten dituen giza gorputzak eta laguntzen gaituen osasuntsu mantentzen. Argi dagoena da autoak erdigunean jarraitzen duen bitartean, bai erabaki politikoetan bai eta norbanakoon ohituretan ere, eredua aldatzea ezinezkoa izango dela. Urte berriko proposamena izan liteke agian Eibarren irekitako bidea jarraitzea; paseoak polita dirudi. •