31 ENE. 2026 - 00:00h Zalantzak Donald Trump, Davosen. (WHITE HOUSE PRESS OFFICE | EUROPA PRESS) Gorka Etxebarria Dueñas Historialaria Zalantza sortzen zait ea Trumpen Groenlandiako hordagoa ez ote zen europar gobernuek bertara tropak bidaltzeko estrategia hutsa. Baina zalantza sortzen zait, nahiz eta hori gertatu, egun batetik bestera estatubatuar okupazioa gertatuko ez ote den. Zalantza sortzen zait ea Maduro bahitu aurretik Venezuelako Gobernuko goi-karguekin ez ote zen nolabaiteko akordiorik egon, gutxika petrolioa estatubatuar enpresen esku uzteko. Baina zalantza sortzen zait Maduro bahitzea ez ote zen kapritxo hutsa izan, besterik gabe indartsuenak ahulagoak jotzen dituenean bezala. Zalantza sortzen zait ea halakoak ote ziren Erdi Aroko erregeen gorteak, Josu Jonek bezala jauntxo basailuek eskerrak ematen zituztenean gerrak abiatzeagatik. Zalantzak sortzen dizkit gatazka geopolitikoen atzean interes ekonomiko hutsak daudela pentsatzeak. Zalantzak ditut, ez ote diren erabaki aski irrazionalak, boteredunek azken urteetan hartu dituztenak. Badira urte batzuk Joseba Gabilondori irakurri niola Erdi Aro berri baterantz goazela. Izan ere, badirudi elite ekonomikoak bere burua aspaldiko nobleen gisa ikusten duela. Nahi dutena egiten dute, nobleak direlako. Eta gu, jopuak, morroiak, pobre ezjakinak besterik ez gara. Aberatsak ez bagara, genetikoki ezin dugulako baita, aberats bihurtzeko inteligentzia nahikorik izan ez dugulako. Gure errua da, jopu jaio ginen, noble jaio beharrean. Arazoa zergetan omen dago. Nobleek ez baitute zergarik ordaindu behar. Beraz, gu guztiok oker gaude, zergak ez dira beharrezkoak, ez behinik behin aberatsentzat. Espainiar youtuber famatu batek telebistan aipatu bezala, zergena ez omen da normala. Salbuespen historiko bat ez ote da izan orain arte bizitzea tokatu zaiguna? Agian aurreko garaietara itzuliko gara, nobleek ez lanik ez zergarik ez zutenetara. Zalantzak ditut, aste honetan bertan Arabako ahaldun nagusiaren adierazpenak irakurrita, ea jeltzaleek ulertzen ote duten hauteskundeen funtzionamendua. Nolatan duen beste alderdi batek gobernuan egoteko duen grina, onartezin. Trumpek ere aipatu zuen, hain ondo ari da egiten bere lana, ezen «agian ez genuke hauteskunderik eduki behar». Gaztetxotatik ikasi genuen gure demokrazia formal hauetan, funtsean kapitalaren interesek agintzen dutela eta horiek zalantzan jartzen direnero estatu kolpea etortzen dela. Galde diezaietela greziarrei orain urte batzuk zer gertatu zen. Beti jakin nahi izan dut zer demontrerekin mehatxatu zuten Alexis Tsipras, egun batetik bestera greziarren ausardia bazter uzteko eta apal-apal Europako eliteek eskatu ziotena egiteko. Zalantzak sortzen dizkit ea bataila galduta ez ote dugun epe ertainean, ikasleek aipatzen didatenean nola supermerkatuetako jabeak aberasten dituen prezioen gorakada Irene Monteroren eta zergen existentziaren errua den. Edo etxebizitzak ordaintzeko zailtasunen kausa, kalean bizi diren ehunka migranteak. Eta «Gibraltar español». Entzuten ditudanean, mutilen artean bolo-bolo dabilen aplikazio batean, «puntuak» inbertitu dituztela eta egiaztatu behar dutela ea zenbat irabazi duten. Hor baitago gakoa, inbertitu, irabazi eta lanik ez egitea. Lana egitea tuntunen gauza da. Eskolak ez du ezertarako balio, adimen artifizialak egiten baititu lanak. Zalantzak ditut, ea pesimismo honetatik ateratzeko gai izango ote garen. •