05 FEB. 2026 - 05:00h Xabier Erro mendizalea oroitzapenean, jaio zen egunean 1946ko otsailaren 5ean, gaur 80 urte, jaio zen Xabier Erro, nafar mendigoizalea eta Everesteko gailurra egin zuen euskal espedizio historikoko kidea. 2018an hil zen, minbiziaren ondorioz, 72 urte zituenean. Errok bihotzean zeraman mendia. Xabier Erro mendizalea. (Gari GARAIALDE | FOKU) Gaur 8 Xabier Erro Jauregi (Lesaka, 1946ko otsailaren 5a - Hondarribia, 2018ko martxoaren 26a) mendizalearen izena euskal alpinismoaren historiaren izen handienetakoa da. 1974an Everest igotzen saiatu zen lehen euskal espedizioko kide izan zen, baita 1980an Martin Zabaletaren gailur historikoarekin amaitu zenekoa ere. Lesakan jaioa baina urte luzeetan Hondarribian bizi izan zen Errok. Mendian egin zituen lorpenen zerrenda aski luzea da. 1980ko espedizio horretan ezin izan zuen Everesteko gailurra zapaldu, eta zendu baino pixka bat lehenago ‘Ur handitan’ (ETB) saioan onartzen zuenez, beretzat arantza bat suposatu zuen horrek, baina gerora Gasherbrum II zortzimilakoa igo zuen, orain baino askoz erraztasun gutxiago zeuden garaian. Espedizio hura ere gogorra izan zen Errorentzat, bere kide zen Javier Garaioa bertan geratu baitzen betiko. Lan kontuak tarteko, Mexikon denboraldi luzeak eman zituen, eta horrek Andeetan ere gailur asko egitera eraman zuen. Denetan aipagarriena, segur aski, 1974an Aconcagua igotzea. Hori lortzen zuen lehen alpinista nafarra izan zen eta oraindik debekatuta zegoen ikurrina ipini zuen Amerikako mendirik garaienean. Buruko minbiziak jota hil zen 72 urterekin bere etxean, ebakuntza egin eta egun batzuetara. Handik gutxira Felipe Uriarte lagunak gogora ekarri zuen NAIZ irratian egin zitzaion elkarrizketa batean: «Aldapan gora ere umore ona zuen mendigoizalea zen Xabier Erro», zioen. 2020an, 40 urte zirenean lehen espedizio hark Everesteko gailurra egin zuenetik, NAIZ irratiak Kontxita Erro, Xabierren arreba, eta Julen Hernando, Emilioren semea –mendizale biak hilik daude–, gonbidatu zituen bere estudioetara. «Etxean gauza handi bat bezala bizitu zen Everestekoa, baina beldurra ere pasa genuen», zioten saio hartan.