07 FEB. 2026 - 00:00h Zain egotea Maddi Aiestaran Bertsolaria Zain egotea da nahi baino goizago iristea iritsi behar ginen tokira. Erlojuari begiratzea eta konturatzea berrogei minutu egon beharko dugula hantxe, eta ez dugula telefono bidez aurreratu dezakegun egitekorik. Kaleko banku batean esertzea, eta ez akordatzea noiz egin genuen azkeneko aldiz ekintza hori. Instagram guztia errepasatzea eta minutuek mantsoegi egitea aurrera. Ingurutik igarotzen den jendeari begiratzea, inbentatzea mila jolas geure buruan haien kontura. Eta minutuek aurrera banaka-banaka egiten dutela konprobatzea. Urduri jartzen gaitu zain egon beharrak. Aspaldi utzi genion semaforoak berdera noiz pasako zain egoteari; kotxetik kotxera dagoen tartea kalkulatzen ematen ditugu segundoak ordutik. Utzi genion musika-eskolako atearen ondoko bankuan eseri eta parkeari begira entretenitzeari; beti dago “denbora aprobetxatzeko” egitekoren bat orain, eskerrak telefonoek aukera hori ematen duten. Utzi genion kotxetik etxera ezer egin gabe oinez joateari; aurikularrak jartzen ditugu belarrietan, edo audioak bidaltzen ez-dakit-ze lantaldetara, edo mezuak erantzuten, kaleko farolak saihesten ditugun bitartean. Norbaiti deitzen diogu bazkaritan bakarrik geratzen garenean. Pelikula, serie eta programa txatxuak jartzen ditugu autobus bidaietan. Agenda aktualizatzeko tartea hartzen dugu laguna berandutzen denean. Aktak irakurtzen ditugu laguna kafea eskatzera doan bitartean. Aspaldi utzi genion zain egoteari. Denbora tarte batez gelditzea da zain egotea. Eta esango nuke mesede egingo ligukeela noiz edo noiz zain egoteko tarteak propio sortzeak. •