07 FEB. 2026 - 00:00h Zaintza komunitarioa indartzeko bultzada, ongizate kolektiboaren bila Galdakaon, komunitatea indartu nahi duen «Galdakao zeugaz» egitasmoa jarri dute abian, askotariko sektoreen entzute prozesuan eta parte hartzean ardaztuta. Zaintza ez da «soilik zerbitzu kontua, baizik eta elkarri begiratzeko, ateak irekitzeko eta elkar ezagutzeko gaitasuna berreskuratzea». Este navegador no soporta el elemento video. Nerea Goti G aldakaon, zaintza eta komunitatea egitasmo baten elementu zentral gisa kokatu dituzte: eredu komunitario batetik ongizate kolektiboari heldu diote, bakoitzak ahal duen hori jarriz eta komunitate-zentzua berraktibatuz. Herritarrei eman diete hitza, ahalegin berezi eginez analisi kolektiboak ahalik eta ahots gehien bil ditzan, dauden narratiba ezberdinak jasotzeko. Gizarte berrikuntzako prozesuen sustapenean lan egiten duen Agirre Lehendakaria Centerrekin (ALC) lankidetzan burutzen ari da egitasmoa. Kalean dauden beharrak, pertzepzioak edota kezkak bildu dituzte askotariko eragileekin izandako entzunaldietan, aniztasuna bistatik galdu gabe. Besteak beste, herriko kirol eta kultur taldeak, auzo elkarteak, Erlantza berdintasun elkartea eta beste talde feministak, farmaziak, familia medikuak, merkatariak eta udal teknikariak ari dira proiektuan. Abian jarri berritan, urrats batzuk egin dituzte dagoeneko, eta proiektua egituratzeko prozesuaz eta izan dezakeen proiekzio praktikoaz hitz egiteko asmoz, ekimenaren buruan dauden hiru ordezkarirekin bildu da GAUR8: Amets Iturbe, Gizarte Ekintzako zinegotzia; Naroa Azurmendi Delgado, ehule komunitarioaren rola hartu duen teknikaria; eta Julia Martinez Barbero, ALCko proiektu arduraduna. Egitasmoaren formulazioa ikusita, bakardade ez desiratua da burura etor daitekeen lehen ideia, baina herri bizitza eta komunitate-zentzuaren berreskuratzea praktikan zertan isla daitekeen galdetuta, askoz ikuspegi zabalagoa marraztu dute. «Bakardadeari aurre egitea helburuetako bat da, baina ez bakarra. Gainera, bakardade mota asko egon daitezke. Helburua da azkartasunez eragitea gure esku dauden arloetan, bai eta Udaletik erantzun ezin diren egoerei heltzea ere», adierazi du Amets Iturbe Gizarte Ekintzako zinegotziak. Adibide bat jarri du: «BakQ identifikazio eta sinadura elektronikoko baliabidea behar duen herritar batek ez daki nola izapidetu, baina gertu nola egin dakien norbait egon daiteke; bada, gako da norengana jo dezakeen jakitea. Laguntza hori ematea ere bilatzen dugu». «Horrelako mikro-gauzetatik hasi gura dugu lanketa hori egiten. Azkenean, taldeetan ikusi dugu egunerokoan sortzen diren behar asko gertuko baten laguntzarekin ase daitezkeela», dio zinegotziak. «Behar horiek identifikatu nahi ditugu, baita horiei erantzuna emateko moduak ere, kontaktuan jarri edo kontaktua eskaini...», azaldu du. Azpimarratu du herriak elkarteen ehun sendoa daukala, eta norbanakoek erakutsitako prestutasuna ere nabarmendu du. Gihar sozial horri laguntza eta tresnak ematea da gakoetako bat. Imajinatzekoa denez, askotariko egoerak azaleratu dira: kalera jaisteko laguntza behar duen laguna, zalantza informatiko bat argitu nahi duena, bazkaria prestatu ezin duena... Horrelako egoerak jaso eta horiei aurre egiteko sor daitezkeen keinu txiki eta handiekin elikatzen da herri bizitza. Komunitatean berez dauden sinergietan oinarrituta, egoera horietako askok berehalako erantzuna izan dezakete; bada, erantzun hori ahalbidetzen duten harremanak elikatzera edota konektatzera bideratzen ari dira ahaleginak. (Aritz LOIOLA / FOKU) Bakardade ez desiratua sarritan aipatu da saio kolektiboetan. Horren harira, Julia Martinezek aipatu du Galdakaon argi ikusi dutela nahi gabeko bakardadea ez dela soilik banakako arazo bat, «fenomeno komunitarioa baizik», eta horrelako egoerei aurre egiteko dinamika ezberdinak egon daitezkeela. “Café en compañía” bezalako espazioak izan daitezke, edota «ataria zaintza eta elkar laguntza espazio bihurtzea, eguneroko keinu txikien bidez: erosketak egitea, maskotak zaintzea, entzutea, laguntzea... Komunitatea horrela berreraikitzen da». ATARIAREN BIZITZA ETA KONEKTOREA Atariaren dinamika martxan jartzeko aukera Bengoetxe auzoan abian jarritako esperientzia pilotuan izan dute. «Pegatina eta flyer batzuen bidez proiektua ezagutzera ematea eta auzokide bakoitzak zer behar duen eta zer eskaini dezakeen adieraztea da ideia», laburbildu du Azurmendik. «Postontzietan jar daitezkeen pegatinen bidez norberak esan dezake ‘wifia eskaintzen dut’ edo ‘zure txakurra paseatzera atera dezaket’ edo ‘paketeak jaso ditzaket’... Era horretara, elkarri laguntza emateko sare bat osatzen joan daiteke, harremanak bultzatu», nabarmendu du teknikariak. Proiektuan funtsezko papera du ehule komunitarioaren figurak, hots, Naroa Azurmendik betetzen duen rolak. Sor daitezkeen eskaera konkretuei erantzuna ematea da figura horren lana, eta konexio hori zubi lanaren bidez egin beharko du, «auzoen eta zerbitzuen artean, sareak aktibatzeko eta ikusezinak diren beharrak agerian jartzeko», Martinezen hitzetan. Apur bat gehiago zehaztuz, Azurmendik dio erantzun erraza izan dezaketen arazoak daudela, erraz konpon daitezkeen oztopoak. Horiei erantzuna emateko bideak topatzea izango da ehulearen lana, eta «momentuan erantzuterik ez badago, behintzat esatea ‘begiratuko dut eta deituko dizut’. Garrantzitsua da jakitea gutxienez erantzun bat egongo dela», argitu du. Zehazteke daude oraindik kontu ugari, baina telefonoa eta helbide elektronikoa gaituko dituzte mezurik gal ez dadin. Hori bai, oso hastapen fasean dago oraindik “Galdakao zeugaz” proiektua. «Oraindik pixka bat diagnosi fasean gaude, abian dauden proiektuen eta eragileen mapak eta abar egiten, zer dagoen ikusten, bata bestearekin konektatzen... Jasotzen ari garen beharrei erantzuna emateko proiektuak testatzen ari gara». Zaintza komunitario berri baten bidean, lagungarriak izan daitezkeen beste esperientzia batzuk erre aztertu dituzte, herriko errealitatera egokitzeko gero. Zaintzen duen komunitatearen dinamika landu duen “Getxo zurekin” proiektuan aurkitu dituzte erreferentzia batzuk, baita Naomi Hassonen ekarpenean ere. «Kosorkuntzako espazioetan azaleratu denez, identifikatutako beharrei erantzuteko bide berriak jorratzea beharrezkoa da. Batzuetan irtenbideak herrian dagoeneko martxan dauden ekimenak egokitzea edo hobetzea da, elementu berriak txertatzea», nabarmendu du Martinezek. (Jaizki FONTANEDA / FOKU) Jaso dituzten gogoeten inguruan galdetuta, Martinezek esan du «askotarikoak» direla, baina badaudela «indar handiz errepikatzen diren pertzepzio batzuk». Horiei «patroi pertzeptiboak» deitzen diete: «Hau da, herrian zehar behin eta berriro agertzen diren ideiak eta bizipenak aztertzen ditugu, beharrizan komunak, desberdintasunak eta ñabardurak identifikatzeko». Patroi nagusi horietako bat «komunitate-sentimenduaren ahultzea» da. «Pertsona askok adierazi dute lehen elkarren behar handiagoa zutela eta elkarri gehiago laguntzen ziotela; gaur egun, ordea, indibidualismo handiagoa, segurtasun eta dependentzia sentimendu handiagoa eta harreman-espazioen galera sumatzen dira. Horrek zaurgarritasun egoerak areagotzen ditu, bereziki adinekoen, bakarrik bizi direnen edo sare sozial ahula dutenen artean», adierazi du. Pertzepzioen artean, zaintza sare informalek duten pisua aztertu dute, eta desoreka handia aurkitu: «auzokide batzuek diote laguntza sare sendoa dutela (auzokideak, lagunak, elkarteak), eta horri esker ondo moldatzen direla. Beste askok, ordea, sare horietatik kanpo geratzeko arriskua sentitzen dute. Galdakao komunitateen komunitatea dela esaten da, baina horrek bazterketa dinamika sotilak sor ditzake talde jakin batzuetan ez bazaude». KOMUNITATEA AKTIBATU EZEAN... Martinezek dioenez, «oso presente dago instituzioen eta komunitatearen arteko harremanari buruzko hausnarketa. Orokorrean aitortzen da Udalak eta zerbitzu publikoek ahalegina egiten dutela, baina pertzepzio partekatua da pertsona zaurgarriengana ez direla beti iristen, edo sistema ez dela behar bezain irisgarria (tramiteak, osasuna, mugikortasuna...). Horregatik agertzen da behin eta berriro erantzukidetasunaren ideia: instituzioek erraztasunak jar ditzakete, baina, komunitatea aktibatu ezean, zaintza ez da iristen». “Galdakao zeugaz” ez da ongizatearekin lotuta herriak garatu duen proiektu bakarra. Azken proiektu horren abiapuntuan besteak beste osasungintzako langileen parte hartzea duen herriko Foro Soziosanitarioa dago. Azken urteetan, hainbat egitasmo bultzatu ditu Udalak osasunarekin lotuta, «elkarren arteko zaintzaren, norberaren zaintzaren edota osasuna zaintzearen ideiatik tiratuz». “Altxeu!” proiektua garatu dute adibidez, sedentarismoari aurre egin eta ariketa fisikoa bultzatzeko. Gazte eta nerabeen arretarako kanal berri bat ere sortu dute, arreta profesional pertsonalizatua eskaintzeko. Whatsapp bidezko kanala ere eskaintzen dute kezka emozional eta afektibo sexualak jaso eta horiei arreta profesional pertsonalizatua emateko. (Aritz LOIOLA / FOKU) Adin tarte ezberdinetako herritarrak harremanetan jartzeko ekimenak ere aktibatu dituzte, hala nola bakarrik bizi diren adinekoei eta bizitokia bilatzen duten gazteei zuzendutakoa, bizitegi-premiei erantzuna emateko helburuz. «Berez, Foro Soziosanitarioak helburu orokor bezala du osasuna ez ikustea bakarrik osasun zerbitzuarekin eta medikuekin lotuta, baizik eta beste esparru batzuetatik ere ikustea. Sedentarismoari aurre egiten laguntzen du, farmazien inguruan ere sortu dira taldeak, errutina berriak hartzen laguntzeko esperientziak bultzatu dira, heriotzaz askatasunez hitz egiteko death cafe ekimena jarri da martxan...», azpimarratu du Iturbek. Iturbek dioenez, gobernu taldean argi dute osasungintza ezin dela bakarrik ulertu «Osakidetzak edo medikuak eman dezakeen tratamendura mugatuta. Horregatik, hainbat ekimen abiatu ditugu osasuna eta komunitatea harremanetan jarrita; guztiok ditugu beharrizanak komunitatean eta guztion artean topatu behar ditugu horiek asetzeko bideak». Azken honek, “Galdakao zeugaz” ekimenak, proiekzio publikoa eta irismen intimoagoa uztartzen ditu, eta «arazo, beldur eta sentimendu askorentzako erantzuna bilatzea» du xede. Komunitate sentimenduaren ahultzea, bakardade egoerak, instituzioen eta herritarren arteko distantzia... “Galdakao zeugaz” proiektuan, «herriko osasun eta ongizate sistemaren birpentsatzea ahalbidetuko duen estrategia lokal berri baten diseinuan laguntzea» da Agirre Lehendakaria Centerren (ALC) zeregina. Julia Martinez Barbero ALCko proiektu arduradunak azaldu du egitasmoa lau ildo nagusiren inguruan egituratu dela. Hasteko, herriko osasun eta ongizate ekosistemarekin lotutako eragileen eta ekintzen mapaketa egin dute, loturak eta lankidetza aukerak identifikatzeko. Osasunari eta ongizateari buruz dauden narratibak identifikatzea izan da beste urrats bat, «askotariko ikuspegiak agerian utziz eta aldaketarako aukerak baldintzatzen dituzten pertzepzioak detektatuz». Eztabaidarako guneak sortzea da hirugarren ildoa, «interpelazio kolektiboa egiteko», eta hor, besteak beste, osasun zentroak, farmaziak, elkarteak, gizarte erakundeak, kirol klubak edota merkatariak bezalako eragileen parte hartzea bilatu dute. Laugarren ildoa ekinbideen kosorkuntza izan da. Eragileen ahotsak biltzeko, gogoeta bultzatzeko eta proposamenak jasotzeko prozesuan, elkarrizketak eta entzunaldiak izan dira gako nagusia. Prozesua nola antolatu den galdetuta, Martinezek azaldu du talde eragilea sortzea izan dela lehen urratsa. Komunitateko profil anitzeko 10-15 lagun inguruk osatzen dute. Talde «irekia eta bizia» da: « tartean daude auzokideak, familia medikuak, farmazialariak edota udal teknikariak». Talde eragileko kide bakoitzak bizpahiru lagunekin hitz egin behar zuen. Lehen fasean, elkarrizketa laburrak egin zituzten. «Pertsona bakoitzari beste norbaitekin hitz egitea eskatzen genion, eta horrela joan ginen ahots berriak gehitzen entzute prozesura, elur-bolaren efektua deitzen diogun logikaren bidez». Herrian lehendik zeuden entzute kanal batzuk identifikatu zituzten, halaber, adibidez Haurren Kontseilua edota Udalak egindako txosten ezberdinak. «Bigarren entzute fasean, indar gehien hartu zuten gaiak» izendatu zituzten, eta galdeketa sakonago bat egin zuten. Martinezek nabarmendu du, era berean, prozesua jarraitua dela, ez hasi eta amaitzen den ariketa puntuala; «aitzitik, interesatzen zaiguna zaintza sistemaren inguruko pertzepzioak denboran zehar aldatzen diren ulertzea da». «Analisi kolektiborako espazio komunitarioak» eraikitzen ari direla argitu du adituak, entzute prozesuan parte hartu duten lagunek osatuta, eta «interesa duen jende berria» batzen dela. Beste herri batzuetan izandako esperientzia kontuan hartuta, Martinezek dio herri bakoitzak bere egitura soziala eta dinamika propioak dituela, baina badirela errepikatzen diren patroi komun batzuk: «Ia leku guztietan agertzen dira komunitate sentimenduaren ahultzea, bakardade egoerak, sare informalean dauden desorekak edo instituzioen eta herritarren arteko distantzia. Aldatzen dena da nola adierazten diren behar horiek herri bakoitzean eta zein aktibo komunitario dauden martxan. Horregatik entzute prozesutik abiatzen gara beti, herri bakoitzean zer dagoen eta zer falta den ulertzeko».