26 FEB. 2026 - 13:49h Filmetako 1.500 baino pieza gehiago, enkantean salduko dituzte datorren hilean Dirua soberan duten zinemazaleek aukera aparta izango dute laster etxera euren film gustokoenetako objektu ikonikoak eramateko. Izan ere, Propstore enkante-etxeak ehundaka produktu jarriko ditu salgai datorren hilean, baita internet bidez ere. Este navegador no soporta el elemento video. GAUR8 ‘Star Wars’ filmeko Skywalker argi-ezpata, ‘Harry Potter’ filmean Weasley bixkiek erabiltzen duten Marratzaileen Mapa, ‘Jaws’ filmeko arpoi-kanoia, ‘Terminator’en jaka zulatua, ‘Gladiator’-eko kaskoa, ‘Cast away’-en Tom Hanksen lagun egiten duen Wilson baloia, ‘The lord of the rings’-eko ezpata hautsia... horiek guztiak dira datorren hilean Los Angelesen egingo den enkante batean salduko diren elementuetako batzuk. Zinema eta telebistako historiako 1.550 pieza inguruk osatzen duten bildumak 9 milioi dolarreko aurre-salmenta estimazioa du, Propstore enkante-etxearen arabera. «Objektu hauekiko interesa handitu egin da. Enkantetan %20-30 parte-hartze eta eskaintza gehiago ikusten dugu. Etengabe eboluzionatzen ari den merkatua da. Filmetako objektuak kolekzionatzea gustatzen zaio jendeari orain», azaldu zuen Ibrahim Farajek, Propostoreko bidalketa-kudeatzaileak. Anthony Daniels aktoreak C-3PO interpretatu zuen ‘Star Wars’ filmetan. Berak bi buru gorde zituen, oroigarri gisa. Horietako bat salgai egongo da 350.000 eta 700.000 dolar bitarteko prezio estimatuarekin. Farajek esandakoaren arabera, ‘The Empire Strikes Back’ filman erabilitako maskara da. ‘Star Wars’-eko beste objektu ikoniko bat ere egongo da erosgai, Skywalker argi-ezpata. «Hau ez da ohiko argi-ezpata bat», iritzi du adituak. Izan ere, Anakin eta Luke Skywalker protagonistek erabili zuten, baita Reyk ere (100.000 dolar). Steven Spielbergen ‘Jaws’ filmean 1975ean erabili zuten arpoiak ere jakinmina piztu du. Uste dute 500.000 dolarrengatik saldu ahalko dutela. Pelikula honen lotearen baitan daude baita ere erabilitako sareak eta kainaberak, marrazoa agertzen den eszenetan erabilitakoak. Arnold Schwarzeneggerrek "Terminator" filmean erabilitako jaka ere ondo salduko dela diote, 75.000 dolarretatik aurrera. Ridley Scotten ‘Gladiator’ lanari dagokionez, Russel Crowek Maximusen paperean janzten dituen kaskoa eta maskara izango dira enkantean, 250.000 dolarreko estimazioarekin. Beste objektu bitxi bat izango da Harry Potter pelikuletan agertzen den Marratzaileen Mapa, eta 80.000 dolarretan salduko dela uste dutena. «Zabaldu egiten da, atalak ateratzen zaizkio, benetan bikaina da», esan zuen Farajek.