GAUR8

Ez «trumpatu» Artemisarekin

2024ko apirilean argitaraturiko Ilargiaren Mapa Geologikoa. (TXINAKO ZIENTZIA AKADEMIA)

Duela hilabete pasa, «Zenbaki beste kointzidentzia» artikuluan, Pi eguna zela eta, jolas matematiko bi utzi nituen eta soluzioak ematea dagokit, ezer baino lehen. Egiazale eta gezurtien herrien arteko bidegurutzean topatzen dugun pertsonari, bere burua inplikatzen duen hamaika galdera egin diezazkiokegu, baina apika sinpleena honakoa da: «Bide honetatik joaten al da zure herrira?». Baiezko erantzunak beti adieraziko digu egiazaleen herrirako bidea. Herritik mendirako bidean, joanean eta itzuleran puntu jakin batetik une berean pasa zen artzainaren kasuan, honela ondorioztatu zuen halabeharrez gertatu behar zela hasieran kointzidentzia zirudienak: «Menditik herrirako bidea egiten ari nintzela, inor herritik mendirako bidea egiten ariko balitz (ni neu izan nintekeena aurreko egunean), halabeharrez gurutzatu beharko ginateke bideko punturen batean!».

Matematika irakasle nabilenetik, gutxitan erabiltzen ahal ditut mota honetako jolasak eta errepikapenean oinarritzen diren ariketa aspergarriak egitera kondenatzen ditut ikasleak maiz. Lantzean behin oroitarazi behar izaten diet dantzan edo futboleko entrenamenduetan abdominalak egitea bezalakoa dela hori; aktuazioaren erdian inoiz egingo ez duzun mugimendu errepikakor eta aspergarria, baina funtsezkoa dena gorputza aktuaziorako prestatzeko. Inoiz erantzun didate (trebeak baitira zirrikituak bilatzen) garunak ondo funtzionatzeak zertarako balio ote duen, eta, egiari zor, gero eta zailagoa zait esplikatzea engainatuak ez izatearen balioa zein den. Helduon bizimoduaren kontraesanak biziki ikusgarriak dira ikasleentzat eta kosta egiten da sinesgarritasuna lantzea. Azkena, Trumpen harira bota zidaten: «Horren zoroa eta maltzurra bada, zergatik egiten diozue kasu esaten duen guztiari?». Touche, pentsatu nuen, ta gehitu: «Arrazoi duzu, zein da zoroagoa, zoroa ala bere jarraitzailea?».

Jakina da Etxe Zurian esertzen denak eragin globala duela, eta horregatik bakarrik, garrantzitsua dela esaten duenari adi egotea. Baina geopolitikan darabiltzan “farolak” antzematen hasiak garen bezala, beste alor batzuetan ere findu genezake gure adimena eta propagandari bozgorailu egiteari utzi. Ameriketako Estatu Batuen hegemonia kulturalaren osasun onaren adibide garbia dugu Artemisarekin gertatu berri zaiguna. Liluraturik eduki gaituzte asteotan, Ilargiaren alde ezkutuaren misterioarekin. Trumpen lehen legegintzaldian aurkeztu zen egitasmoa emakume bat eta pertsona arrazializatu bat 2024an Ilargira eramateko promesarekin. Urte horretarako, baina, Artemisa oraindik akordio gisa ari zen zabaltzen, gainerako herrialdeek espazio lasterketan egin aurrerapenak baldintzatzeko asmoz. Besteak beste, Txinak ia bi kilo arroka ekarri zituen Ilargiko alde ezkututik, zeinarekin ez baitu konexio arazorik izan ispilu bat satelite jarri zuenetik. “Zeruko jauregia” artikuluan ematen nuen xehetasun gehiago, azpiko irudian jasotako Ilargiko Mapa Geologikoarekin ilustraturik. Artemisak badu, jakina, balentriatik, baina espazio lasterketan utzi duen mugarria zein da, 56 urteren ondoren, gizakiak Apolo 13a baino %1,63 urrunago eraman izana? Ez gaitezen “trumpatu”!