02 MAY. 2026 - 00:00h Presioa, tentsioa eta beldurra Xabier Mikel Errekondo Kirolari profesionala izan nintzen garaian, presio altuko egoerak etengabeak izaten ziren. Hautua nirea izan zen, ordea, eta ez neukan beste aukerarik presioa ongi barneratzea baino bide profesionalari aukerarik eman nahi banion, emaitzarik lortzekotan. Eguneroko menuan tentsioa osagai betierekoa izango zela onartu eta ekin. Ez dago besterik, jakinik beti ez dela ongi aterako, posible dela, noski, erronka batzuetan galtzaile ateratzea. Horietatik ikasi eta aurrera egin, galtzeko beldurragatik estutu eta ito beharrean. Nik ere banion porrotari beldurra, taldekide guztiok genion. Baina laster ikasten duzu edonora zoazela beldurra zurekin doala motxilan itsatsita. Beraz, zure bidaidea dela barneratu eta bidea egiten ikasi behar. Hasi duzun bidaiak ez ditzala izan helburu ezinezkoak, hori baita errezeta bakarra frustrazio arriskuak eragin dezakeen beldur blokeatzailea ekiditeko. Ideiak argi direnean zailtasunak buruz gainditzen dira. Garai haietan, bereziki partiden amaieran, denbora errealean sentitzen nuen, eta gozatu, gorputza fisikoki lehertuta egon arren buruaren aginduetara nola egin dezakeen oraindik ere aurrera, presioa eta nekea gaindituz. Nerabe eta gazteek ez daukate xamurra aurrera egitea bizitza gero eta konplexuago honetan. Azterketak, harremanak, sexualitatea, maitasuna, etorkizuna, eta buelta berriz ere, tentsioz betetako atakaz dago bakoitzaren bizitza, eta ez, presioak eta beldurrak ez dira inoiz amaitzen, hilkutxak baino ez dizu emanen behin betiko atsedena. Irtenbidea ohitzea da. Aurrera egin ala errotondari biraka kezketan ito burua lehertu arte? Behin eta berriz jartzen gaitu bizitzak ataka horretan. Halakoetarako aholku bat: kopeta estutu eta “kuraia txutea” sartu, jo brankara, beti brankara. Dena den, eskerrak lagunei, senideei, ezagunei eta… psikologoei. Dena da balekoa aurrera egin behar denean. Aurrera egin behar baita. Komeni. •