20 JUN. 2026 - 00:00h Udako solstizioaren babesean Udako solstizioak badu zerbait, landareak eta pertsonak elkartzen dituena. Landare bedeinkatu, ez bedeinkatu, su eta erritu artean mugitzen da San Joan eguna. Suak erretzen du amaitu den zikloa eta ihintza berritan bildutako landareekin hasten da berria. Solstizioa babesa ere bada. San Joan bezperan, sutan erretzen dira txarrak, ziklo bat amaitu eta berriari ongietorri egiteko. (Andoni CANELLADA | FOKU) Iñaki SANZ-AZKUE Amama Maria Jesusek irakatsi bezala, ortozik atera da baserritik Arantza Plaza. Iratze tokira doa, iratzara, eguna argitu orduko; hanka-hutsik, goizeko garoagaz, oinak ihintza artean irristatzen. San Joan eguna da eta Arantzak urteroko erritua egingo du. Ira-sorta bat jasoko du, eta senarrari, Xabierri, emango dio sikatzen jarri dezan. Ondoren, baserriko atarian zintzilikatuko dute. Hor igaroko du urte osoa, hurrengo urteko San Joan egunaren bezperara arte. Orduan, ira-sorta lehorrari su emango diote, eta su horrekin piztuko dute San Joan sua. Horrela ezagutu zuen Miren Amurizak amona, eta horrela egiten du amak, urtero, Berrizko baserrian, udako solstizioko erritu berezia. Segurako Erdi Aroko horma zaharren artean ere, San Joan egunak badu bere kolorea; eta baditu hainbat kontakizun, atarietako lore-sortak adina. Jabier Telleriak bezperan jasotzen zuen elorri zuria hutsik egin gabe, eta biltzen zituen ere Madalenako errotan, arrebarenean, hazitako arrosa usaintsuak eta Madurako belazeko galburuak. Dena izaten zuen prest Kale Nagusiko notarioaren etxea zena apaintzeko. Akordatzen dira semeak ongi. Ez errituaren parte izateagatik, baizik eta aita prestaketa lanetan hainbatetan ikusi zutelako, San Joan eguna argitu aurretik. Parrandatik bueltan, behin baino gehiagotan egin zuten aitarekin topo, hura bankutxo batera igota elorria jartzen eta gurutzea egiteko zotza zorrozten ari zela. Ihartu zen azken elorria telleriatarren etxean, eta harekin ohitura, baina ez aitaren memoria. Irungo Berroa baserriko paretek hitz egingo balute ere, gauza asko izango lituzkete kontatzeko. 1500. urte ingururako zutik zen baserria. Hala esan digute dokumentu zaharrek, baina ezin da jakin, orduan, gaur bezala, 2026an bezala, etxeko atarian landare sorta lehor bat edukiko ote zuten jarria. Maiatz amaierako arratsalde eguzkitsu batean pasa naiz Berroa baserri paretik eta Pili Vergararekin egin dut topo bertan. Baserria erakutsi dit. Ate gorriaren alde batean, harri zaharrean itsatsita dute landare sorta lehorra, eta ezin izan diot galdetzeko tentazioari eutsi. «San Joan iratzea, elorria eta erramua dira», esan dit Pilik. Jabier Telleriak Segurako bere etxeko atarian elorriarekin egindako sorta. (Enekoitz TELLERIA) Irungo Berroa baserrian, San Joan egunean, San Joan iratzea, elorri zuria eta erramu hosto bedeinkatua sortan bilduta jartzen dituzte oraindik ere, eta etxeko atarian zintzilikatu, garai batean egiten zen bezala. Piliren amak, Pilartxo Alberrok, gogoratzen du, ordea, landare horien sorta atean eta leihoan ez ezik, soroan ere jartzen zuten garaia; eta gogoan du, hori bakarrik ez, baita ur bedeinkatua ere soroan bertan botatzen zutenekoa: «Irungo Juncal elizako piloitik hartzen genuen ur bedeinkatua eta hori bera joaten ginen zelaiz zelai botatzen, abesti bat abestuz: ‘San Joan, San Joan…’. ‘San Joan’ eta ‘sorgin’ hitzak azaltzen ziren abestia zen». Irungo auzo berean, Meakan, Antonio Peluagarenean ere erritua berdina zen. Urte osoan zehar atarian zintzilikaturiko sorta lehorra San Joan suan erretzen zuten gero; eta abestia, ur bedeinkatua partitzean ez ezik, San Joan suaren bueltan ere kantatzen zuten. Pilartxo ez zebilen oker. Izan ere, Antoniok oraindik ere gogoan du abestiaren letra. San Joan eta sorginak lotzen dituena: San Joan, San Joan Heldu da Sorginen begiya galdu da Galdu bada, gal bedi Ojala ez da(d)ila ageri Gaztea izan arren, ahozkotasunaren bidetik iritsi zaio ere Josu Narbarteri abesti beraren aldaera ezberdin bat, auzo berean entzundakoa, baina Belbio baserrian, kasu honetan: San Joan, San Joan heldu da Sorgiñan begia galdu da Galdu bada, gal bedi Honak honara, gaiztoak hara [sutara] Biba San Joan, San Pedro eta San Martzial! LANDAREAK, SUA ETA ERRITUAK Udako solstizioak badu zerbait, landareak eta pertsonak elkartzen dituena. Naturaren eta gizakiaren arteko lotura estutzen duena. Euskal Herrian zehar, batean eta bestean daude adibideak. Antzekoak maiz, baina ez guztiz berdinak. Bizkaiko Berrizen iratzea nola, Gipuzkoako Seguran garia, elorria eta arrosa, eta Irunen iratzea, elorri zuria eta erramua dira. Nafarroa aldera jaitsiz, ostera, landare konbinazioa aldatzen doa ere. Berako balkoietan, «San Joan egunean, San Joan elorria paratzen dugu, balkoian, erramuaren ondoan». Gabi Garmendiak eta Izaskun Cenozek esana da, Amaiurren, esaterako, erramu egunean bedeinkaturiko erramua erretzen dela San Joan suan. Malerrekan, erramuaz gain San Joan egunean bildutako lore basatien sorta, edo aurreko urteko San Joan egunean bedeinkaturikoak erretzen dira, Ana Erasunek txikitatik ikusi moduan; eta etxeko sarreran, zuhaitz baten adarra jarri: lizarrak zaintzen du etxeko sarrera. Erramua ez bezala, alabaina, lizarra ez da bedeinkatzen. Anak eman digu arrazoia: «Lizarra berez bedeinkatua baita». Seguran bertan jasotako irudia, elorriarekin egindako sorta lehortua. (Iñaki SANZ-AZKUE) Landare bedeinkatu, ez bedeinkatu, su eta erritu artean mugitzen da udako solstizioa edo San Joan eguna. Zalantzarik ez da, ordea, duela gutxi arte oso zabaldutako ohiturak izan direla horiek guztiak. Baina, zergatik? Zertarako? Udako solstizioan suarekin batera amaitzen da ziklo bat eta aldentzen saiatzen gara txarrak diren horiek. San Joan eguneko garo edo ihintza berriarekin edota eguna argitu aurretik bildutako landareekin hasten da ziklo berria, ona den hori etxera erakartzeko. Ziklo aldaketa horrez gain, ordea, San Joan eguneko errituek badute beste helburu bat, hainbat ikerketetan ikertu dena eta guztiek bat egiten dutena: babesa. San Joan bezperako sua, goizeko lehen orduetako ihintzarekin egindako bainuak, landareak eta loreak bedeinkatzeko ohitura eta landareekin San Joan erramuak edo sortak egitea, San Joan egunaren inguruko errituen barruan kokatzen dira Etnikerrek egindako “Casa y familia en Vasconia” liburuan “Símbolos protectores de la casa” izenburupean aipatzen den moduan. XX. mendearen bigarren erdian Joxemiel Barandiaranek jasoa da, esaterako, Ataunen tximistaren kontra etxea babesteko, San Joan egunean, etxeko sarreran lizar adarra jartzen zela eta etxeko atalasean egunean bertan elizan bedeinkaturiko hainbat landare zabaltzen zirela. Besteak beste, krabelinak, mihilua, lezka, irisak eta margaritak. Ataunen bertan, leihoetan eta etxeko atalaseetan, elorri zuria ere jartzen omen zen, lezkak eta mihiluak zeharkatzen zituela. Kortezubin, ordea, atarian haritza, elorri zuria edo lizarra jartzen zen San Joan egunean. San Joan eguneko haritz adarrari, Doniaretxari, beste adar bat jartzen zitzaion, espezie berekoa, gurutze forma emateko. Gurutze horren aldamenean, egunean bertan bedeinkaturiko belar sorta jarri ohi zen. Sorta horretan doniñidie (San Joan iratzea), andraiñe (andreña), kabeliñie (krabelina), epai-belarra (orein-mihia), orkatxa, arto hostoak eta garia jartzen ziren. LIZARRA ATARIETAN, BABES MODURA San Joan egunean lizarra atarietan jartzeko ohitura oso zabaldua egon da Euskal Herrian, eta jakina da Abezian, Aiurian, Arrankudiagan, Durangon, Lezaman, Berastegin, Elgoibarren, Amezketan, Astigarragan, Hernanin, Aranon eta Lekunberrin, besteak beste, jartzen zirela. Izan ere, Ereñotzuko Antonio Santa Cruz zenak esan izan zigun moduan, «tximistak ez du lizarra jotzen», eta, beraz, arestian esan bezala, etxea tximistatik salbu zen lizarra jarriz gero. Kasu batzuetan, ordea, lizarra lagunduta joan ohi zen etxeko atarian edo soroan, erritu berezi eta ez horren errazak sortuz. Goizuetako Laxaro Escuderok ondo gogoan du haien baserrian urtetan eta urtetan egin zena. «Goizuetan, San Joan egunean paratzen zen lizar adarra etxeko sarreran». Laxaroren baserrian ferra bat izaten zuten baserriko atean urte osoan, eta han sartuta jartzen omen zuten bi bat metroko altuerakoa izaten zen lizarra. Nork jartzen zuen jakina zen, baina nondik ekarria, ez. Izan ere, Laxaroren baserrian, Otxolobordan, osaba Pello zen funtzio horiek egiten zituena. Lizarra, ordea, eguna argitu aurretik jartzen zuen; testigurik gabe, alegia. Laxaro Escudero baserri ondoko alorrean, erritua egin osteko lizar adarra eskuan duela. (Carmen ESCUDERO) Etxeaz gain, ordea, lizarrak ere izaten zuen baserri inguruko lurrak zaintzeko funtzioa. Hemen ere, eguna hasterako jartzen zuten 1,60-1,70 metroko luzera zuen lizar adarra alorraren goiko ertzean, lurrean sartuta, artasoroa ekaitzetik eta erasotik babesteko asmoz. Otxolobordan jarritako lizarretan, bai atarikoan, bai sorokoan, labanarekin gurutzea marrazten zen egurrean; eta gurutze horretan artesia egin. Artesian erramu egunean elizan bedeinkaturiko erramu adarra jartzen zen, eta lizarraren eta erramuaren artean gelditzen zen tartean, gurutze santuaren egunean, maiatzaren 3an, bedeinkatutako elorri zuria paratu. Hala, erramuak eta elorriak, elkartuta, gurutzea irudikatzen zuten lizarraren gainean. Hori aski ez, eta, elorri zuriak izaten dituen arantzetako batean Kandelario egunean bedeinkaturiko argizaria jartzen zitzaion aurretik bi adarrek osaturiko gurutzeari. Argizaria ere, noski, gurutze formarekin. Lizarra, erramua, elorria eta argizaria, guztiak ondo kokatuta, bakoitza zegokion lekuan. Pausu guztiak behar ziren bezala emanda, udako solstizioaren babesean. San Joan eguneko lizarra jartzeko errituak, beraz, bazuen bere lana Goizueta inguruan. Badira, ordea, Goizuetan erlijio kutsutik kanpo gelditu diren ohiturak ere, sua, landareak eta babesa nahasten dituztenak. Kontakizunak berak sorginkeria kutsua hartzen du; are eta gehiago, Laxaroren kontatzeko modu ederretik entzunda: «Belar ona (mihilua) eta ezpata-belarra biltzen genituen etxe inguruan San Joan egunean, eta horiek lehortzen paratu ganbaran. Ekaitza edo erasoa zetorren denboran, gure amak landare lehorrak hartu eta lurreko sura botatzen zituen, eta bertan erre. Esaten zen, landare haiek erretzean tximiniatik ateratzen zen keak ekaitza aldendu egiten zuela». Etxea eta soroa, beraz, lizarrarekin, erramuarekin, elorriarekin eta argizariarekin babesten ziren San Joan egunean, baina, horrez gain, belar ona eta ezpata-belarra ere egun berean jasotzen ziren, ondoren ekaitzaren aurrean babesa emateko. Ekaitzaren etorreran landareak sutan erretzea, ordea, ez da Goizuetako kontua soilik. Altzürüküko Johañe Karrikabururen esanetan, Zuberoan ere bazen erremediorik halakoetarako, erramua etxean gorde eta ekaitza etortzean errez: «Erramua benedikaturik etxeetan begiratzen da eta ekaitza badelarik errazten». Nabarnizen ere jasoa dago antzeko ohitura bat, beste landare espezie batzuekin, ordea. San Joan egunean bertan bedeinkatu eta ekaitzaren etorreran erretzen ziren horiek. Kasu honetan, etxeko sarreran, ikatza jasotzeko palan egiten zen. Lizarra Hernaniko Kaxkoko atari batean, 2024ko ekainaren 24an. (Iñaki SANZ-AZKUE | FOKU) Udako solstizioan egindako errituek edota jasotako landareek lotura zuzena izan dute babesarekin eta Euskal Herriko biztanleek horiek erabili izan dituzte belaunaldiz belaunaldi urteko ziklo berriari hasiera emateko; baina horien artean, bada ere maitasunarekin lotura estua duen erriturik, egun jada ia desagertua dagoena. Goizuetako Laxarok ikusia du, bere herrian, gaztetan. Mutil batek neska bat gustuko bazuen, izaten zen bere maitasuna adierazteko modu berezi bat San Joan egunean. Eguna argitu aurretik, mutilak lizar adar bat jartzen zuen neskaren etxean edo baserrian. Lurretik neskaren gelako leihora arteko tamaina zuen lizar adarra izaten zen paratzen zena. Askotan, sei-zazpi metrorainokoak izaten omen ziren. Ikustekoak izango ziren mutilen lanak, ilunpetan, halako tamainako adarrak eramaten eta kokatzen. Ikustekoak izango ziren, era berean, nesken aurpegiak ere, jaikitzearekin batera, lizar adarra topatzean. Istorioa entzutean, ordea, saihetsezina da galdera bat burura etortzea. Baina, nola jakiten zuen neskak zein zen lizarra jarri zuena? «Herri txikietan horiek gauza jakinak izaten ziren», bota du irribarrez Laxarok. Sua, ihintza, landareak, errituak eta kantuak. Eta zergatik ez, baita maitasun pixka bat ere. Paganismotik gertu batzuk, besteak, bedeinkazio eta guzti, elizarekin lotura dutenak, haien erroak nondik datozen ondo ez badakigu ere… San Joan eguna gainean dugun honetan, izango dira oraindik ere Euskal Herriko herrietan, batean edo bestean, halako errituak mantentzen dituzten etxeak eta pertsonak, edota batek daki, idatzi hau irakurri ostean, ingurukoei galdezka hasiko direnak. Eta zure herrian, udako solstizioan, baduzue erriturik?