31 OCT. 2026 - 00:00h Azaroa Biarritzen Aitor Servier ‘‘Hiri inperiala” erraten diote behinola arrantzale herria izan zen Biarritzi. Gaur egun, arrantza barkuen ordez, surflarien taulak ageri dira itsasoan. Metro karratua 8.000 euroan dago bertan. Garestitxo Parisko enpresa bateko soldataren truke telelanean ari ez den herritar arruntarentzat. Turismotik eta turismorako bizitzearen ajeak... Markoa jarrita dago, postala ere bai. Noan kontatzera aurtengo azaroan Biarritzen zer gertatuko den. Lehenik, Lurrama azokaren txanda izanen da azaroaren 6tik 8ra, Euskal Herriko Laborantza Ganbararen eskutik. Laborariek laborantza herrikoia hirira eramanen dute aurtengoan ere, “Ama ura zaindu” lelopean. Azaroaren 14an, Euskal Herriko Bertsolari Txapelketako finalerdia jokatuko da Jai Alain. Gure herriaren geografia marrazten duen kultura ekimenaren geltokietako bat Biarritzen kokatu duen Bertsozale Elkarteak iparra argi dauka, ezbairik gabe . Azaroaren 28an, berriz, Canon Français-ek hiriko Irati gelan egin asmo duen oturuntzaren parean, faxismoaren aurkako herri harresia osatzeko prest daude herritarrak. Eskuin muturreko filantropoekin loturiko enpresa da Canon Français. Haren Frantziako Caen hiriko ekitaldi batean, agur naziak eta irain matxista nahiz xenofoboak izan ziren. Lurraman, zero kilometroko mozkinekin ahosabaia kilikatzeko parada izanen dugu. Garenaren berri emanen digu bertsolarien ahotsaren ispiluak. Eta, nahiago nuke faxistei kontrako eztarritik joanen balitzaie Biarritzera menturatu izana. •