28 NOV. 2026 - 00:00h Igartzeko bola Igartzeko bola batekin jakingo al genuke hauteskundeetan zer gertatuko den? (GETTY IMAGES) Gorka Etxebarria Dueñas Historialaria Pena, pena benetan, hauteskundeen ostean ez idaztea zutabea. Historialariok ez baikara bereziki abilak iragarpenak eta pronostikoak egiten. Edo, gutxienez, ni ez naiz horretan iaioa. Hauteskundeetan garaile argi bat egongo dela aurreratu dudan bakoitzean, erabat huts egin dut. Familian beti gogorarazten didate. «Gorka, zuk esan baduzu, ez da hala gertatuko». Baina esperientziak kontrakoa erakutsi dien hurbileko senideen kasua kenduta, askotan galdetzen didate: «Zuk, historialari bezala, zer uste duzu gertatuko dela?». Nolabait atzera begirakoan jarduteak etorkizuna igartzeko bola moduko bat emango baligu bezala, oso ondo ulertzen ez dudan arrazoiren batengatik. Egia da hedatuta dagoela historialariok halako boterea dugulako ustea. «Historialariek asko dakite, pentsatzen dute, jakingo dute zer gertatuko den ere bai». Eta, egia esan, galderak ez dit inoiz molestatu. Gertatzen dena da lotsa ematen didala igarpen bat egin eta gero erridikuluan geratzeko aukerak. Gizontasun hauskor etengabeko horren beste adierazpen bat, ziurrenik. Historialariok ikusten duguna da, agian, nahiz eta zuk jakintza handiak eduki, zaila dela aurreikustea zer gertatuko den. Espainian sentimendu antifaxista mobilizatuko da PSOEren alde? Azken urteetan ematen zuena bezainbeste al dago hedatuta eskuin muturraren mezua eta ideologia? Kalterik egingo al die Trumpen porrotak? Jendeak ikusiko ote ditu Argentinako azken datu ekonomikoak? Zein erabaki hartuko du aurreko urteetan Podemosen inguruan ibili den jendeak? Euskal Herrirako ere baditugu galdera gehiago, erantzunak baino. Ba al daukate jeltzaleek hondoa jotzeko aukerarik? Badu EH Bilduk oraindik ere are zabalagoa izateko beta? Araban berriz ere aterako da jendea Espainia mailako alderdiak bozkatzera, uholdean? Nola dago indar harremana Nafarroan? Gustatuko litzaidake, benetan, halakoei erantzun bat ematea edo hurbilketa moduko bat egitea. Baina ikerketa proiektu batean hasi aurreko momentuetan bezala sentitzen naiz. Galdera mordoxka bururatzen zaizkit eta erantzunen bila abiatu nahiko nuke. Izan ere, aurrekoan horrexetara hurbildu nintzen Ormaiztegira, Zumalakarregi museora. Gero eta zalantza gehiago baititut karlismoa eta bere garapena ulertzeko eta interpretatzeko orduan. Zein puntutaraino zegoen hedatuta espainiar identitate nazionala XIX. mendearen hasieran? Garrantzitsuak al dira ipar-hego harremanak identitate politiko horien hedapenean? Noraino da garrantzitsua fedearen eta monarkiaren arteko lotura? Zeintzuk ziren herri xehea mobilizatzeko mekanismoak? Ba al zuten handikiek zer esanik? Jakinik Euskal Herrian errotu zela bereziki karlismoa, ba al du horrek arrazoi ekonomiko berezirik? Edo zergatik mobilizatu zuten errazago karlistek euskalduntasunaren identitatea liberalek baino? Nazioarteko testuingurua ere funtsezkoa da: zein interes zeuden britainiar politikan karlistaldian bitartekari bezala ibiltzeko? Zer lotura du Euskal Herriko liberalismoak 1830eko olatu iraultzailearekin? Esan bezala, historialariok, galderak bai, baina erantzunak jakiteko bola magikorik, oraindik, ez dugu. •