
Genero oso ezberdinak jorratzen dituzten eta, entretenitzeaz gain, gogoetara gonbidatzen gaituzten kontakizun oso interesgarriekin hasi dugu urtea. Drama zirraragarrietatik hasi eta zientzia fikziozko telesail berritzaileetaraino. Bereziki, benetako gertaeretan oinarritutako istorioek egin dute distira.
‘Toxic Town’
NETFLIX
Corbynen (Ingalaterra) 80ko eta 90eko hamarkadetan izandako benetako gertaerak ditu oinarri serie honek: hondakin toxiko industrialen kudeaketan izandako arduragabekeriak jaioberri ugariren sortzetiko malformazioak ekarri zituen. Hainbat emakumek -Susan McIntyre (Jodie Whittaker), Tracey Taylor (Aimee Lou Wood) eta Maggie Mahon (Claudia Jessie)- sistemari aurre egin zioten eta agintarien aurka altxatu ziren; atsedenik gabe borrokatu ziren justiziaren alde, eta tokiko agintariei eta ustelkeria instituzionalizatuari aurre egin zieten. Ingurumen-eskandalu horrek orbain ezabaezinak utzi zituen bertan.
Minkie Spiroren zuzendaritzak giro ilun eta errealista ematen dio telesailari, eta komunitatearen etsipena eta etengabeko borroka bikainki islatzen ditu. Jack Thorne-en gidoia, aldiz, salaketa sozialaren eta hunkiberatasun pertsonalaren arteko orekagatik nabarmentzen da. Lau kapituluetan zehar, narratiba hunkigarria eta oso indartsua erabiliz, ama horien erresilientzia eta determinazioa nabarmentzen dira. Ingalaterraren historiako ingurumen-hondamendirik handienetako baten esparruan gertatzen da guztia.
‘Little Bird’
FILMIN
Kanadako haur indigenen merkatu beltzaren gaia jorratzen du “Little Bird” telesailak; gazte indigena askoren haurtxoak familia zuriei “adopzio” behartuan ematen zizkieten. Ekoizpenak Bezhig Little Bird izeneko neskatxaren istorioa jorratzen du: bost urte zituela, Long Pine Erreserbako bere etxetik lapurtu zuten eta Montrealeko familia judu batek adoptatu zuen.
Serieak publikoa hunkitzeko ahalmena du, baina xantaia emozionalik egin gabe. Identitatea, trauma eta galera aztertzen dira, baina telesaila ez da manikeismoan erortzen. Egitura kolonialen barruan bizi diren arren, nortasuna berreraikitzeko borrokan jarraitzen duten pertsonaiak aurkezten ditu. Ez da mina eta sufrimendua erakustera mugatzen, erresistentzia eta erresilientzia nabarmentzen dira bereziki. Telesaila ez da soilik Kanadako testuingururako garrantzitsua: mundu osoan kolonizazioak eragindako zauriei buruzko hausnarketa egiteko ere baliagarria da.
‘Adolescence’
NETFLIX
“Adolescence” telesailaren ardatza Jamie Miller da, ikaskide bat hiltzea leporatzen dioten 13 urteko nerabea. Lau ataletan, gertaera horrek bere familian eta komunitatean dituen ondorioak aztertzen dira. Kapitulu bakoitza plano sekuentzia bakar batean filmatuta dago, inolako etenik eta mozketarik gabe. Koordinazio zorrotza eta entsegu etengabeak eskatzen dituen ikuspegi horrek denbora errealeko esperientzia emozional oso sakonean murgiltzen du ikuslea.
Telesaila teknikoki harrigarria bada ere, hori ez da bere indargune bakarra, inondik inora ere: antzezpen lanak izugarriak dira. Aitaren rola jokatzen duen Stephen Graham-ek (gidoilari eta ekoizle lanak ere egin ditu) aspaldi frogatu du aktore itzela zela, eta hemen ere hamarrekoa da egiten duena. Polizia protagonistaren lana edota Erin Doherty-k hirugarren atalean egiten duen lana ere txalotzeko modukoak dira. Ezustekorik handiena, ordea nerabe protagonistarekin iritsi da: Owen Cooper. Harrigarria da, bereziki hirugarren atalean, isilune, begirada, ekintza eta, jakina, esaldien bidez emozioak transmititzeko duen gaitasuna.
Gidoia ere biribila eta oso zorrotza da, eta idazketaren barrutik jaiotzen diren gaiak, gordinak: maskulinitate toxikoa, misoginia, osasun mentala, eta baita belaunaldien arteko arrakala ere.
Alor teknikoa narratibaren, aktoreen lanaren, eta, oro har, hizkuntza zinematografikoaren zerbitzura jartzen denean, “Adolescence” bezalako proposamen biribilak eta sendoak jaiotzen dira. Oraingoz, urteko telesaila da.
‘Paradise’
DISNEY +
Suspensea eta misterioa uztartzen dituen serie hau “This Is Us” telesail arrakastatsuaren sortzailearen ekoizpen berria da. Munduko pertsona adimentsu eta ospetsuenetako batzuk bizi diren komunitate utopiko batean murgiltzen du ikuslea. Inguru idiliko horretako lasaitasuna eten egiten da, sakonki lurperatutako sekretuak argitara aterako dituen hilketa bat gertatu ostean. Hori da hasierako premisak saltzen duen ideia nagusia, baina lehen atalaren amaieran deskubrituko dugun -eta argituko ez dudan- zerbaitek guztia aldatzen du; bai istorioan, baita ikusle gisa dugun pertzepzioan ere. Tira, gai nagusia zein den behintzat argituko dut: etorkizun hurbilean girotuta dago, eta teknologiaren muga etikoak eta teknologiak pertsonen eguneroko bizitzan duen eragina aztertzen ditu.
Thriller politiko klasiko baten izaera duen proposamena izatetik, distopia bat izatera igarotzen da. Misterioz eta pertsonaiaz betetako serie honetan, flashback bidez, pertsonaien istorio pertsonalak ezagutuko ditugu. Neurri batean, “This is Us” seriearen narrazio-egitura ekartzen du gogora. Gidoian gorabehera txikiak dituen arren, duen originaltasunari eta sakontasunari esker, ezinbesteko proposamena da zientzia-fikzioa eta drama soziala maite dituenentzat.
“Lost”, “Dark”, “The Leftovers”, “The OA”, “Severance”, “From” eta tankerako serieek dituzten plot twist harrigarriekin katigatuta geratzen zaren horietakoa bazara, “Paradise” da ikusi behar duzun hurrengo seriea. Konspirazio-thrillerren onena biltzen duen telesail xurgatzailea da.
‘M. Il figlio del secolo’
SKYSHOWTIME
Joe Wright zinemagileak zuzendutako “M. Il figlio del secolo” telesailak begirada sakon eta batez ere probokatzailea eskaintzen dio Benito Mussolinik XX. mendearen hasierako Italian izandako gorakadari. Antonio Scuratiren izen bereko eleberrian oinarrituta, serie honek Italiako mugimendu faxistaren sustraiak eta honen gorakada erakusten ditu; Benito Mussolinik 1919ko martxoaren 23an Fasci di Combattimento talde paramilitarra sortu zuenetik, 1925ean Estatu Totalitario Faxista ezarri zuen arte. Orain dela 100 urteko pasarte bat du ardatz, baina harrigarria da nola lotzen den eskuin muturrak gaur egun bizi duen gorakadarekin: «Begiratu zuen inguruan, hemen jarraitzen dugu», esaldia entzuten da lehen atalean.
Protagonista nagusiaren rola Luca Marinelli aktoreak jokatzen du: intentsitate oso nabarmenarekin gorpuzten du Mussolini, eta une oro laugarren horma apurtzen du, ikusleari mezuak eta aldarriak jaurtitzeko. Baliabide horrek, The Chemical Brothers taldeko Tom Rowlands-ek konposatutako soinu-banda garaikidearekin batera, historikoa eta modernoa uztartzen dituen atmosfera oso berezia eransten dio; zentzu horretan, “Peaky Blinders” seriearen printzak ageri dira, baita aipaturiko Sorrentino-ren trazu batzuk ere.
‘Common side effects’
MAX
Mundu osoko gaixotasun guztiak sendatzeko gai den onddo bat deskubrituko balitz, enpresa farmazeutikoak prest egongo al lirateke argitara atera dadin? Hau da “Common Side Effects” helduentzako animaziozko telesailaren mamia. Umorezko thriller honen protagonistak Marshall eta Frances dira, aurkikuntza harrigarriaren atzean dauden laborategi bateko kide ohiak.
Serie hau ez da ikusle guztientzat. Sermoiak botatzen dituzten marrazki bizidun arinak nahi badituzu, hori ez da topatuko duzuna; satiraz mozorrotutako egia gordinak jaurtitzen dituen proposamena baita. Ez ditu lezioak ematen, pentsarazten jartzeko gaitasuna du. Entretenimendua eta gizarte kritika oso ondo orekatzen dituen serie aparta da.
‘The Agency’
SKYSHOWTIME & MOVISTAR
Michael Fassbender aktorea protagonista duen espioitza seriea da “The Agency”, eta “Le Bureau des Legendes” telesail frantziarrean oinarritua dago. Osagaiak antzekoak dira, baina testuingurua, pertsonaiak eta tonua nahiko desberdinak. Fassbenderrek Brandon Martian izeneko pertsonaiaren rola jokatzen du, CIAko agente ezkutua da; Etiopian sei urtez infiltratuta egon ostean, bere bizitza sekretua atzean utzi eta Londresko egoitzara itzultzen da. Bertan, iraganeko maitasun erlazio bat ezustean berragertu (Jodie Turner-Smith), eta harremana berpiztu egiten da; biak ala biak intrigazko eta nazioarteko espioitzako joko hilgarri batean nahasiko dira.
Nazioarteko espioitza genero zirraragarrian barneratzen den proposamena da, nahiko kutsu klasikoa du, baina batez ere gatazka psikologiko eta pertsonaletan jartzen du arreta. Bereziki, infiltratu gisa -ezkutuko espioiak edo agente bikoitzak direnak- luzaroan atzerrian bizi eta urteetan fikziozko nortasuna mantendu behar izan duten horiengan.
Espioitza thriller entretenigarrien bila dabiltzan ikusleek gozatuko duten proposamena da.
‘Sablja’
FILMIN
Zoran Dindic Serbiako lehen ministroa izan zen 2001etik 2003an erail zuten arte. Behin-behineko gobernuak larrialdi egoera ezarri ostean, “Sabre operazioa” deiturikoak gertakariak argitu nahi izan zituen, eta herrialdeko krimen antolatuaren jardueretan murgildu zen. Baina zenbait talde politikok eta Human Rights Watch-ek, Amnesty International-ek eta halako erakunde askok giza eskubideen aurkako gehiegikeria basatiak salatu zituzten: operazio horren aitzakiarekin, 11.600 pertsona baino gehiago atxilotu zituzten.
Testuinguru asaldagarri horretan idatzi dute “Sablja” lanaren gidoia, eta atentatuaren aurreko eta ondorengo bi denbora lerrotan garatu dute magnizidioaren kontaketa nagusia: lehen zatiak hilketaren arrazoiak jakiteko aukera ematen dio ikusleari; bigarrenak, berriz, horren ondorioak jakitekoa. Gertaera historikoen kontakizun soil bat izateaz gainera, botereari, justiziari eta egiaren bilaketari buruzko gogoeta bat da. Lehen ministroaren hilketaren inguruko istorioa du oinarri, baina aldaezina den sistema bati buruzko erradiografia ere bada, edozer aldatzen saiatzen den edonor bihurtzen baita mehatxu sistema horretan.