GAUR8

Garunak egiten duen mielinaren erabilera ezezagun bat aurkitu du euskal ikertzaile talde batek

EHU, CIC biomaGUNE eta Biobizkaia OIIren azterlan batek ondorioztatu du mielinak energia-iturri gisa jokatzen duela ariketa fisiko gogorretan eta horien ostean arin berreskuratzen dela. Berreskuratze arin hori ulertzea funtsezkoa da esklerosi anizkoitza bezalako gaitzen tratamendurako.

Ikerketan, maratoietan aritzen diren kirolarien garunaren funtzionamendua aztertu dute.
Ikerketan, maratoietan aritzen diren kirolarien garunaren funtzionamendua aztertu dute. (Jon URBE | FOKU)

EHUk, CIC biomaGUNEk eta Biobizkaia OIIk garatutako azterlan batek iraupen luzeko ariketa fisikoak gorputzean eragiten duen energia kontsumoan gertatzen den «mielinaren ustekabeko portaera» aurkitu du. ‘Nature Metabolism’ aldizkarian argitaratu da lana, eta dioenez, «beste energia-iturri batzuk eskas direnean» mielinak «garunaren metabolismo energetikoari laguntzen dio».

Neuronak inguratzen dituen substantzia da mielina. Prozesuak duen funtzionamendua ulertzeko, azaldu dute maratoia bezalako ariketa fisiko gogor batean gorputzak nagusiki karbohidratoak kontsumitzen dituela energia-iturri gisa, hala nola glukogenoa, baina giharretan hori agortzen denean, gantzera jotzen duela.

Bada, mielina isolatze elektriko gisa jarduten du, eta lipidoz osatuta dago, batez ere. Azken lan honek ikusi du maratoietako lasterkarietan mielina murriztu egiten dela garuneko zenbait gunetan, eta efektua atzera itzultzen dela erabat maratoia egin eta bi hilabetera.

42 kilometroko lasterketa egin aurretik, 48 ordu ondoren eta lasterketa egin eta bi astera eta bi hilabetera egin dira azterketak eta, besteak beste, erresonantzia magnetiko bidezko garunen irudiak erabili dituzte.

«Garunean mielina-uraren –mielina-kantitatearen zeharkako adierazle bat dena– frakzioa neurtzean, ikertzaileek ikusi dute mielina-edukia murriztu egin zela garunaren materia zuriko 12 gunetan, zeinek lotura baitute mugimenduen koordinazioarekin eta integrazio sentsorial eta emozionalarekin», azaldu du Carlos Matute EHUko Anatomia eta Giza Enbriologia katedradunak eta Biobizkaia OIIko ikertzaileak.

Bi asteren buruan, mielina-kontzentrazioek nabarmen egin zuten gora, lasterketaren aurreko mailara iritsi gabe oraindik, baina bi hilabete pasata, guztiz berreskuratuta zegoen mielina maila.

«Badirudi mielinak energia-iturri gisa jokatzen duela erresistentzia-ariketa egitean garuneko beste mantenugai batzuk agortzen direnean, eta ikertzen jarraitu behar da muturreko ariketa garuneko mielina-kantitatearekin nola erlazionatzen den zehazteko. Kohorte handiago batean egin behar dira probak», adierazi du Ramos-Cabrer CIC biomaGUNEko Ikerbasqueko irakasleak.

Berreskurapen azkarra, garunerako ona

Ikertzaileek nabarmendu dutenez, emaitzek horizonte berriak ireki dituzte mielinak —osasuntsu, zahartu eta gaixo dagoelarik— garunean duen paper energetikoari buruz.

«Lasterkarien mielinaren berreskuratze bizkorra nola gertatzen den ulertzeak zenbait gako eskain ditzake gaixotasun desmielinizatzaileetarako tratamenduak garatzeko, hala nola esklerosi anizkoitzerako», adierazi du Matutek.

Ikertzaileek azpimarratu dute, era berean, maratoiak korritzea ez dela kaltegarria garunarentzat; «aitzitik, onuragarria da mielina energia-erreserba gisa erabiltzea eta berreskuratzea, horrela garuneko makineria metabolikoa erabiltzen baita».