«Zesta-punta ez hiltzeko». Helburu nagusi horrekin dabiltza lanean Euskal Herri osoko zesta-punta eskolak. Ane Urkirik gure lurralde ia osoa zeharkatu du jokamoldearen egungo loraldia testuinguruan jarri, esperientzia ezagutu, memoria apur bat berreskuratu, eta harrobiaren borroka eta zirrara nabarmentzeko.
Gasteiz, Mutriku, Bilbo, Durango, Getaria eta Noain izan dira zehazki bisitatu ditugun sei zesta eskolak, bertako arduradun eta entrenatzaileekin hitz egin eta bizi duten egoera hobeto ezagutzeko.
«Oso pozik gaude loraldiarekin. Orain egunkari eta telebistan agertzen da; orain arte AEBetan jokatzen zenez, baztertua bezala geratzen zen. Baina hemen dago hazia, hemen jarraitu behar da eta lan egin behar da. Eskolako umeek ikusi eta ikasi egin behar dute, baditugula gure kirolak eta zesta-punta dela horietako bat», dio adibidez Ion Zarandona Gasteiz Jai Alai klubeko presidenteak.
«Hemen, Bilbon, gurasoek niri galdegin izan didate zer den zesta-punta, ikastolan praktikatu dezaketen kirolen zerrendan ikustean. Zenbateraino arrotza izan daitekeen kirola... Nolako pausoak eman behar diren kirol hau ezaguna egiteko», dio bere aldetik Josu Larrinagak, Levante Jai Alai elkartearen sortzaileak.
Bi adibide baino ez dira, zesta-punta horren ezaguna ez den inguruneetan lanean dabiltzan ekintzaileek esanak.