COVIDa, ze COVID?

Gogoan duzue? Orain dela bost urte etxean geunden, konfinatuta. Mamu batek zeharkatzen zuen mundua. Marx eta Engelsek iragarritakoaren kontra, ez zen komunismoa, ezta ultraeskuina ere. COVID izeneko birus malapartatu bat zen, «gerra» deklaratuagatik eraitsi ezin zena.

Bost urte pasa dira. Dokumentalak, serieak, elkarrizketak edota liburuak egiteko efemeride biribila, egia esan. Baina COVID hitza ez da apenas ageri, birus hura bezain ikusezina da. Azken urteetako fenomeno politiko, sozial, ekonomiko eta kulturalak aztertzerakoan, ez da aldagaien artean ia aipatu ere egiten. Are, nagia eragiten du: COVIDaz berriz? Hala ere, esango nuke bere arrastoa utzi duela eta egungo errealitatea ezin dela ulertu hori gabe. Zer zentzutan? Ur handi eta arreak badira ere, bizpahiru tesi ematera ausartuko naiz.

COVIDa gertakizun disruptiboa izan zen. Besteak beste, Mendebaldeko mito nagusietakoak hankaz gora jarri zituen: giza-jainko buruaskiaren ameskeria, etengabeko progresoarekiko esperantza... Aurretik ere jada pitzatuta zeuden, baina hark sekulako zafraldia eman zien: uste genuenaren kontra, ez gara munduaren zilborra. Ez gara etengabe hilezkorrak, ezta ahalguztidunak ere, eta ez dugu denari bat-bateko soluzioa eman diezaiokeen gaitasun teknologiko eta medikurik. Zalantzarik gabe, apaltasun ariketa zorrotza izan zen.

Horren aurrean, zer? “Normalitatera” ahalik eta azkarren itzultzea izan zen orduko gogo kolektibo nagusietako bat (hein batean, ulertzekoa da). Halere, ez dugu guztiz lortu. Krisi ekosozialaren bestelako adierazpide bortitzak lehertu ziren aurrena (Alemaniako uholdeak, Grezia, Kanada edota Nafarroako suteak...); gerra hotsak hurrena. Hala, pandemiaren hariari segika sindemia oso bat azaleratu da; bestela esanda, zibilizazioaren krisi egiturazko eta askotarikoa. «Normalitate berrian», horixe da jokalekua eta zerumuga.

Horri erantzunez, «birusaren aurkako gerraren» markotik «bestearen» aurkako gerrara, pultsio erreakzionarioak hauspoa hartu du. Bukatu ei da inozentziarako eta hitz politetarako tartea. «Zapaldu edo zapaldua izan», ez omen dago beste aukerarik. Denentzako progresoa eta ongizatea baino norbere interesen lehentasuna (America First!) aldarrikatzen da. «Besteen» (migranteen, Txinaren...) kutsatze eta mehatxuetatik «defendatzeko» murruak eraikitzea, alegia.

Alabaina, erantzun nagusiak ez du zertan hori izan. Izurriaren kudeaketan bertan bazeuden bestelako normalitate baterako ernamuinak. Lehenik eta behin, zenbait lan «esentzial» gisa izendatu ziren: garraioa, zaintza, nekazaritza... Horiek gabe gizarteak ezin zuela funtzionatu aitortu zen. Era berean, marka da gero, lanbiderik prekario eta ikusezinenak ere horiexek zirela bistarazi zen. Bigarrenik, salbazio indibidualik ez dagoela jabetu ginen. Immunitate kolektiborik ezean, ez zegoen bakarka immunizatzerik. Horri lotuta, zerbitzu publikoen sostengarritasun ezaren inguruko mantra neoliberala ere hankaz gora jarri zen: osasungintza sistema ez da sostengarria inklusiboa izanagatik, baizik eta inklusiboa delako. Bakoitza (eta osasun sistema) osasuntsu egoteko denok egon behar dugu osasuntsu. Hirugarrenik, epe laburrean airearen kutsadura jaitsi eta kalitatea hobetu zitekeela ere frogatu zen, asmatikoon zorionerako. Hau da, trantsizio sozioekologikoa posible dela, baldin eta neurri publiko ausartak hartzen badira (ez zertan COVIDean hartutako berdinak, jakina).

Izurria aro konplexu baterako «entrenamendua» zela esaten zen orduan. Bost urteren buruan, balizko katastrofeen aurrean «geure buruak prestatzeko» deia egin du Europako Batzordeak: besteekin edo besteen kontra prestatuko gara, ordea? Lan esentzialen kontura edo horiek duinduz eta birbanatuz? Osasungintza ahulduz edo indartuz? Krisi sozioekologikoari aurre eginez edo berori biderkatuz? Izurriko irakaspenak gogoan, ongizate eta babes kolektiborako neurri burujabeak gauzatzea izango da «biziraupen-kit» eraginkorrena. •