Dibortzio grisa: bizitzaren ziabogaren ostean banantzea

Azken hamarkadetan, nabarmen hazi da urte luzez bikotekidearekin bizi eta gero dibortziatzea erabakitzen duten 50 urtetik gorako pertsonen kopurua. Fenomeno horri hainbat izen jarri zaizkio, hala nola dibortzio grisa, zilarrezkoa edo diamantezkoa. Gizarte-aldagai batzuek eragin handia izan dute fenomeno horren gorakadan. Lehenik eta behin, bizi-itxaropena luzatzeak. Horren ondorioz, asko dira 50 urtetik gorako pertsonek bizitzaz gozatzeko dituzten urteak; eta bikote-harremana ez badute asebetegarritzat hartzen, banantzea erabaki dezakete.
Eragina izan duen beste aldagai bat genero-rolen aldaketa dugu. Lehen ez bezala, egun emakume asko lan-merkatuan daude, eta soldata irabazten dute. Horrek autonomia ekonomikoa ematen die, eta ondorioz, ez daude ekonomikoki bikotekidearen menpe. Hala, bikote-harremanarekin gogobeteta ez badaude, harremana eteteko erabakia har dezakete.
Horrez guztiaz gain, dibortzioa normalizatu egin da gizartean, eta dagoeneko dibortziatuta egotea ez da baztertua izateko arrazoi bat. Halaber, balioen aldaketa gertatu da. Hala, egun, ongizate pertsonalari ematen zaio lehentasuna, eta horren araberako erabakiak hartzen dira. Azkenik, aldatu egin dira bikote-bizitzaren inguruko itxaropenak ere. Izan ere, bizitza osorako konpromisoa izatetik, norberaren ongizate emozionala lortzeko bidetzat hartzera pasatu da bikote-bizitza, eta itxaropen horiek betetzen ez badira, harremana etetea erabaki daiteke.
Gizarte-aldagaiekin batera, faktore indibidualek ere eragina izan dezakete dibortzio grisean. Adibidez, habi hutsa; hau da, seme-alaba guztiak behin betiko etxetik joaten direnean sortzen den egoera. Egoera horretan, bikotekideak kontura daitezke nola aldatu diren edo/eta ez dutela lehen zuten proiektu/helburu komunik. Egoera horrek ere banantzea ekar dezake.
Trantsizio garai bat pasatzea izan daiteke beste gako bat; horretan, bere bizitzaz hausnartu eta asebetetzen ez duten alderdietan aldaketak egiteko erabakia har dezake pertsonak. Horrekin lotuta, komunikaziorik eza, ohikeria eta asperdura dibortzio-eragile izaten dira askotan. Erretiroak ere izan dezake eraginik. Izan ere, bikotekideek denbora gehiago dute elkarrekin egoteko eta horrek bikote-harremana hobetu dezake, bai eta kaltetu ere, besteak beste, etxeko lanen eta rolen berrantolaketa dela-eta. Faktore horiei guztiei desleialtasuna gehitu diezaiekegu.
Dibortzio grisak ondorio positiboak nahiz negatiboak izan ditzake. Ondorio positiboen artean, nagusiki norberaren garapenerako eta ongizaterako aukera berri bat izatea dago. Ondorio negatiboei dagokienez, berriz, dibortzioa bizi-proiektu baten porrot gisa ulertzen da askotan, eta horrek porrot sentsazioa eragin dezake. Horrez gain, atxikimendu-irudi nagusiaren galerak dolua ekar dezake, bereziki urte asko elkarrekin eman dituztenentzat. Era berean, bikotekide ohiarekin, seme-alabekin eta beste harremanekin bizitza berrantolatu behar izaten da, eta hori ez da beti erraza izaten. Bestalde, dibortzioak eragin ekonomikoak eta osasun fisiko eta mentalaren ondorio negatiboak ere ekar ditzake, estresaren ondorioz. Bakardadeak eta aldaketa-prozesuak ekar dezakeen beldurrak ere haien lekua izan dezakete.
Ondorio negatibo horiei aurre egiteko, ostera, bada estrategiarik. Lehenik eta behin, ezinbestekoa da planifikazioa; dibortzio-prozesua guztientzat ahalik eta lasaiena izan dadin, beharrezkoa da pausoak ondo antolatzea. Horrez gain, laguntza emozionala bilatzea funtsezkoa da; senide eta lagunen sostengua eta, beharrezkoa bada, laguntza profesionala eskuratzea lagungarria izango da. Era berean, aldaketak onartzeko jarrera eta egokitzapen aktiboa izatea oso garrantzitsua da. Azkenik, funtsezkoa da jarrera baikorra izatea; dibortzioa bizitzaz gozatzeko aukera berri bat izan daiteke, eta hori baliatzea da gakoa.
Dibortzio grisak, beraz, ondorio negatiboak ekar ditzake, baina ongi kudeatuz gero, norberaren ongizatea eta garapena lortzeko aukera berri bat izan daiteke. •